« Izkutuko indarrak | Gerezi desiratuak »
Artistakume baten erretratua / Dylan Thomas / Alberdania, 1999
Hamar koadro autoblografiko Jon Alonso / Euskaldunon Egunkaria, 2000-07-15
Dylan Thomas ingelesez idatzi zuen galestarra da. Jenero asko ukitu zituen bere bizitza laburrean, baina poesia izan da munduko literaturaren historian ospea eta tokia eman diona. Oihartzun zabalekoa izan da Thomasen poesia-lana; honi dagokionez, beti gogorarazten den datu azpimarragarria eman heharko da: Robert Zimermman delako batek Thomas omen zuen buruan Bob Dylan ezizena asmatu zuenean. Datu soil horrek ederki laburbiltzen du poeta galestarrak gure mende bukaerako kulturan eduki duen itzal luzea.
Alberdaniak kaleratu duen liburua, baina, ez da poesia liburua, narrazio bilduma bat baizik. Artistakume… honek hamar narrazio autobiografiko biltzen ditu, kronologikoki ordenatua, gutxi gorabehera; horietan guztietan agertzen zaigu Thomas, haurra zela hasierakoetan, nerabea erdikoetan eta gaztea azkenekoetan. Autobiografia izateak ematen dio liburuari batasuna eta tonua. Hamar koadroetan Thomasek ezagutu zuen Galesko giroak eta klabeetako batzuk agertarazten dizkigu: baserritar-nekazari giroa, sinesmenak, alkohola, ohiturak… Eszenatoki horretan, Thomasek bere lehen saioak nola egin zituen kontatzen du: lehen literatur saioak, amodioaren, sexuaren, heriotzaren, bortizkeriaren deskubrimendua, lehen mozkorraldiak.
Laster batean eta ederki gozatuz irakurtzen den liburua da Artistakume… hau. Dylan Thomasen estiloa, itxuraz, xumea eta arina da. Jostun-lanari erreparatzeko txirrinta duenak laster ikusten du itxura honen azpian gordetzen diren balioetako batzuk zeintzuk diren: giza-umorearen aldetik, oso ironia fina eta sotila eta gehiegikeriarik gabe baina etengabe darion samurtasun neurtua; teknikaren aldetik, uneoro irakurlearen konplizidadea eta parte hartzea eskatzen duten esaldiak josteko modu arbitrarioa. Itxuraz arbitrarioa. Ezin dut jakin, baina apustu egingo nuke Thomasek izugarri landuko zituela testu hauek, sinpletasun eta ustekabe-aire hori lortzeko, hain zuzen ere. Thomas poeta zen, azken finean, eta nabari da.
Poeta estiloa
Estilo horren adibide bat: Thomas haurrak zerbait zaharragoa den Gwilym lehengusuari laguntzen dio, lehengusuak prestatu duen “kapera” bisitatzera. Atera iristen dira. Honela idazten du Thomasek: “Gwilymek giltza sorta bat atera zuen, astindu zuen emeki, eta giltza guztiak zuloan sartu zituen banan-banan. Dotoreak —esan zuen—. Carmarthenen erosi ditiat, bigarren eskuko denda batean”. Eta punto eta aparte baten ondoren: “Zulo batetik sartu ginen kaperara”. Holakoxea da Dylan Thomas liburu honetan. Zergatik ez dakidala (eta ez dakit topiko itzela ala astakeria galanta den), Kerouac etorri zait gogora.
Koro Navarroren itzulpenak ona izan behar du. Alegia, nik ez dut dudarik egiten ona dela, ez dakidana da ona ez ezik oso ona ere ote den. Eta ez dakit ezin izan dudalako konparaziorik egin. Bila eta bila aritu eta gero, jakin ahal izan dut Planetak 1971 urtean Retrato del artista cachorro atera zuela, eta Fontamarak 1979 urtean Retrato del artista como perro joven. Bilboko Bidebarrietan Planetarena daukate, baina bertara joan behar da kontsulta egitera, edizioa zaharra izan eta ez dutelako kontsulta-gelatik ateratzen uzten. Iruñean ez dut inon topatu eta Koldo Mitxelenan ere ez dute. Gauzak horrela, esan gabe doa ingelesezkoa (hitz edo esamolde batzuk, hiztegi baten laguntzaz, baieztatzeko erabiliko nukeena) bilatzea ez zaidala burutik pasa. Honek esan nahi du, besteak beste, Alberdaniak egin duen aukera interesgarria eta egokia dela. Itzulpenaren kritika taxuzko bat egitea ezinezkoa izan zaidala aitortu eta gero, adierazi nahi dut, hala ere, zergatik idatzi dudan ona behar duela izan. Arrazoia oso sinplea da: hau ez balitz Dylan Thomas eta Koro Navarrok asmatutako zerbait balitz, laster eman beharko litzaizkioke munduko beka guztiak, direnak eta ez direnak, horrelako testu ederrak sortzen segi zezan.
Hondartzan, mendian edo zure apalategian merezimendu osoz tokia irabaziko duen liburu berezia.
Termita
Garazi Albizua
Maialen Sobrino Lopez
Ehulearen hilobia
Seumas O'Kelly
Ibon Egaña
Hezitopia
Nora Salbotx
Mikel Asurmendi
Emakume oinutsa
Scholastique Mukasonga
Ainhoa Aldazabal Gallastegui
Deiadarraren antologia bat
Rakel Pardo Perez
Asier Urkiza
Herrenaren promesak
Maite Aizpurua / Infinitudrama
Nagore Fernandez
Lazarraga, Ernazimentua euskaraz
Pruden Gartzia
Mikel Asurmendi
Zure arnasa zaintzeko
Nerea Balda
Maialen Sobrino Lopez
Hondoaz galde
Jon Sarasua / Mikel Artola
Mikel Asurmendi
Zirtak su. Hasieran bazen hitza
Maite Lopez Las Heras
Joxe Aldasoro
Erroen izerdia
Jone Bordato
Mikel Asurmendi
Zerua hemen
Oihana Arana
Maddi Galdos Areta
Etxe arrotz hau
Olatz Mitxelena
Maialen Sobrino Lopez