kritiken hemeroteka

8.799 kritika

« | »

Jostorratza eta haria / Yolanda Arrieta / Kutxa Fundazioa, 1997

Irakurketak eta patroiak (II) Jose Jabier Fernandez / Euskaldunon Egunkaria, 1998-10-10

Irun Hiria Literatur Sariak Kutxa Fundazioak antolatzen ditu. Lehiaketa honetara orain dela 27 urte deitu zen lehen aldiz, aurrena ipuin, eleberri, olerki eta saiakera alorrak jorratuz. Gero, 1994tik aurrera, Irun Hiria Literatur Sariak olerki, eleberri eta saiakera jeneroak bilduko zituela erabaki zen, eta baita ipuinak eta antzerkiak —alor berriak— Donostia Hiria Literatur Saria izena eramango zutela ere. Hots, egun, sari guztiak Kutxa Fundazioak antolatzen eta argitaratzen ditu oraindik.

Azken hilabete hauetan, 1997ko Irun Hiria Literatur Sariak argitaratu dira. Irabazleak honako hauek izan dira: olerki arloan, Karlos Santisteban Arima basaltoan lanarekin; eleberrian, Jostorratza eta haria liburuarekin Yolanda Arrieta; eta Teknikaren meditazioa lanarekin Joxe Azurmendi saiakeran.

Bestalde, 1998ko Donostia Hiria Literatur Sariak ere banatu eta argitaratu dira. Ipuin alorrean Karlos Linazasorok irabazi du, Gret lanarekin, eta, antzerkian irabazlea Pantxo Hirigaray izan da, Beherearta obrarekin.

Gehienetan gertatzen den bezala, aurten argitaratu diren liburuen artean ere askotariko lanak aurki ditzakegu. Karlos Santistebanen Arima basaltoan poemategia lan txukuna eta ederra da, hala ere, olerki biribilagoak egiteko gai dela argi uzten du eta horretan jarraitu behar duela, bere estiloa leunduz. Gehiegizkoaren joera Karlos Linazasorok ere hartu du Gret ipuinean, oinaze eta frakasoaren istorio hau gehiegi nahasten du hasieratik eta bidea galtzeko arriskuan aurkitzen da behin baino gehiagotan. Bestalde, Joxe Azurmendi eta Pantxo Hirigarayren lanak interesgarriak dira, baina orijinaltasun gehiago faltan botatzen da.

Horietatik guztietatik; printzipioz arreta gehien pizten duena Yolanda Arrietaren eleberria da, Jostorratza eta haria. Lan honetan idazlea honelako galdera interesgarri eta iradokitzaileei erantzuten saiatzen da: “Zer gara? Berez gurekin datorrena ala, bizitzan zehar egiten goazena?”. Yolanda Arrietak galdera hauen inguruan mugitu du Jostorratza eta haria eleberria, bide batez “belaunaldi berrientzat memoria historiko zatitxo bat, behintzat, berreskuratu nahirik”.

Eleberriaren planteamendua oso orijinala da, jostorratza eta haria bai era metaforikoan eta baita era zuzenean ere (askotan liburuak josten ikasteko manual itxura hartzen du) erabiltzen baititu idazleak istorio-historia multzo desberdinak lotzeko. Eleberriak irakurtzeko orduan ohituta gauden patroiarekin hautsi egiten du beste bat sortuz, baina berri honetan galtzeko arrisku handia dago. Irakurlea gogoz hasten da jostorratza eta haria jarraituz, baina hainbeste bira eta jira eman ondoren bidea galdu, interesa erori eta istorioa bera eleberriaren pisu guztia sustengatzeko arazoekin aurkitzen da.

Hala ere, agian arazoa neurea da, jostorratzak eta hariak ez bainaute inoiz erakarri. Oraingoan ere, irakurleak bere irakurketarekin erabaki dezala nahiago dut.

Azken kritikak

Termita
Garazi Albizua

Maialen Sobrino Lopez

Ehulearen hilobia
Seumas O'Kelly

Ibon Egaña

Hezitopia
Nora Salbotx

Mikel Asurmendi

Emakume oinutsa
Scholastique Mukasonga

Ainhoa Aldazabal Gallastegui

Deiadarraren antologia bat
Rakel Pardo Perez

Asier Urkiza

Herrenaren promesak
Maite Aizpurua / Infinitudrama

Nagore Fernandez

Lazarraga, Ernazimentua euskaraz
Pruden Gartzia

Mikel Asurmendi

Zure arnasa zaintzeko
Nerea Balda

Maialen Sobrino Lopez

Hondoaz galde
Jon Sarasua / Mikel Artola

Mikel Asurmendi

Zirtak su. Hasieran bazen hitza
Maite Lopez Las Heras

Joxe Aldasoro

Erroen izerdia
Jone Bordato

Mikel Asurmendi

Zerua hemen
Oihana Arana

Maddi Galdos Areta

Odisea
Homero

Aritz Galarraga

Etxe arrotz hau
Olatz Mitxelena

Maialen Sobrino Lopez

Artxiboa

2026(e)ko urria

2026(e)ko iraila

2026(e)ko abuztua

2026(e)ko uztaila

2026(e)ko ekaina

2026(e)ko maiatza

2026(e)ko apirila

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2025(e)ko abendua

2025(e)ko azaroa

Hedabideak