kritiken hemeroteka

8.814 kritika

« | »

Haur eta gazte literatura / Xabier Etxaniz Erle / Pamiela, 1997

Ero txikien literaturaren inguruan Jose Jabier Fernandez / Euskaldunon Egunkaria, 1998-09-19

Haur eta gazteen literaturak betidanik asko erakarri nau. Baina ez nire haur eta gazte garaietaz gordetzen dudan oroitzapenagatik. Nik, onartu behar dut, nire haur eta gazte garaietan ez nuen gehiegi irakurtzen, ikastolan derrigorrez bidalitakoa soilik. Nire literaturarekiko maitasun istorioa geroago hasi zen, unibertsitatean, gazteen eta helduen arteko mugan, bizitzeko gidalibururik ez dagoela konturatzen zarenean eta zure egoera bertan egon eta gero idatzitako kontakizun eta esperientzietaz zerbait ikasi dezakezula ohartzen zarenean.

Nire haur eta gazte garaietan kalea, jolasa, lagunak, kirolak eta, urteekin, sentimenduen inguruko beste esperientziak nahiago izan nituen. Eta damutzen naiz. Hots, bizitako guztiaz pozik nago (hala ere, ez dut uste haur eta gazte garaiak zoragarrienak direnik) baina garai haietan literatura nire ondoan izan banu hobekiago pasa izango nuela eta bizitzaz gauza gehiago eta lehenago jakin izango nituela ziur nago.

Askotan honelako orrietan, idazleetaz soilik hitz egiten dugu. Idazleen grinetaz, idazleen bizitzaz, idazleen iritziaz, idazleen kezkaz, baina askotan ahaztu egiten zaigu literatura, artea edota zinema bezala, norabide bikoitza duen komunikabidea dela, hots, irakurlerik gabe ez legokeela idazlerik.

Azken finean, idaztean komunikatzea bilatzen dugu eta irakurriz komunikazio horretan parte hartu nahi dugu. Idazten duenak zerbait esateko edo adierazteko idazten du, eta irakurtzen duenak zerbait jakin edo sentitu nahi duelako. Eta nahiz eta idazle eta irakurlearen artean gehienetan harreman zuzenik ez egon, komunikazioa sortzen da. Hor dago literaturaren xarma, eta komunikazio hori sortzen denean maitasunezko istorio bat ere hasten da.

Horregatik erakartzen nau hainbeste haur eta gazte literaturak. Alde batetik, une zoragarriak igarotzeko bidea delako (baita helduak garenean ere) eta, bestetik, bizitzaz ikasteko aukera egokia eta polita delako. Azkenik, hau horrela izanik, ni zergatik ez ninduen lehenago erakarri jakin nahi dudalako. Ez diot inori botatzen errua, ziurrenik nirea soilik izango zen, baina orain, denborak ematen duen ikuspuntuarekin, azkenean konturatu naiz zein garrantzitsua den haur eta gazte literatura. Eta ez soilik ongi pasatzeko aukera delako haurrarentzat eta gaztearentzat, baita bizitzaz gauzak irakasteko duen gaitasunagatik ere. Eta hau guztia era egokian plazaratzea erabateko apustua iruditzen zait, zaila, baina, era berean, oso polita eta erakargarria.

Sarrera luze honekin Xabier Etxanizen lekuan jartzen saiatu naiz. Etxaniz orri hauetan murgiltzen zaretenoi ezaguna egingo zaizue. Bera da guztiok haur eta gazte literaturaz gauza gehiago ikas dezagun saiatzen dena. Honez gain, Euskal Herriko Unibertsitateko irakaslea da, gai honen inguruan artikulu eta erreseinak idatzi ditu, eta baita ikastaroak eta hitzaldiak eman ere. Gainera, gazteentzat eginiko zerbait libururen egilea da. Oraingo honetan, azken hilabeteetan gai beraren inguruan bi liburu berri plazaratu ditu. Lehenengoan, Haur eta gazte literatura izenekoan, terminoa eta jeneroa definitzen saiatzen da. Bigarrenean, Euskal Haur eta Gazte Literaturaren Historia deituan, euskarazko haur eta gazte literatura aztertzen du eta bere historia egiten du.

Lehenengoan, gainera, definizioaz gain, Etxanizek morala eta ideologia, merkatua, mugak, hizkuntz ulermen gaitasuna haurtzaroan, estetika eta haur eta gazte literaturaren inguruko beste gai interesgarrietaz hitz egiten du. Eta horretarako ez da soilik beharrezkoa haur edo gazte bat izatea (horientzako liburu hau irakurtzea bai dela derrigorrezkoa, gutxienez beraien haur eta gazteen heziketak kezkatzen baditu), literaturarekin amodio istorio bat mantentzea nahikoa da. Ala, zein, maitemindurik egon denean, ez da saiatu bere amodioez gauza gehiago jakiten, batez ere ezagutu ez ditugun urteetaz, haur eta gazte garaietaz? Ez galdu aukera, liburu interesgarri honekin literaturaz, ero txikien gauzetaz eta amodioetaz gauza gehiago jakingo baitituzue.

Azken kritikak

Narrugorrik
Ixiar Rozas

Peru Iparragirre

Lera
Castillo Suarez

Maialen Sobrino Lopez

Hezitopia
Nora Salbotx

Joxe Aldasoro

Atzerakarga
Fermin Etxegoien

Asier Urkiza

Manifestu filosofikoa
Agustin Arrieta Urtizberea

Aritz Pardina Herrero

Ene Jesus
Ramon Saizarbitoria

Mikel Asurmendi

Datorren udan ez gara hemen biziko
Ane Zubeldia Magriñá

Maialen Sobrino Lopez

Zazpigarren gizona
John Berger / Jean Mohr

Peru Iparragirre

Olibondoaren herria
Markel Elortza

Mikel Asurmendi

Ene Jesus
Ramon Saizarbitoria

Asier Urkiza

Ehulearen hilobia
Seumas O'Kelly

Nagore Fernandez

Izan gizona
Aritz Galarraga

Nagore Fernandez

Gurea falangista zen
Alberto Barandiaran

Mikel Asurmendi

Termita
Garazi Albizua

Maialen Sobrino Lopez

Artxiboa

2026(e)ko azaroa

2026(e)ko urria

2026(e)ko iraila

2026(e)ko abuztua

2026(e)ko uztaila

2026(e)ko ekaina

2026(e)ko maiatza

2026(e)ko apirila

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2026(e)ko

Hedabideak