kritiken hemeroteka

8.684 kritika

« | »

Isadora Duncan / Jasone Osoro / Elkarlanean, 1998

Bizitzak eta ekintzak Jose Jabier Fernandez / Euskaldunon Egunkaria, 1998-05-22

Biografiek beti piztu izan dute arreta nigan. Hala ere, jenero honen aurrean ipintzeko orduan askotan nagitasuna izaten dudala ere onartu behar dut. Gehienetan liburu mardulak baitira. Lodiak, orrialde askotakoak eta, zoritxarrez, garrantzirik gabeko pasarte ugari dituztenak. Egia esateko, biografia bat irakurtzeaz gutxitan damutzen naiz, baina maizetan irakurri ditudan gauza gehienak ez zaizkidala interesatzen ere sentitu dut.

Biografietan, beste jeneroetan bezala, lana idazteko orduan, liburuari aurre egiteko era desberdinak daude. Batzuetan, garrantzi handiagoa ematen zaio datuari, beste batzuetan bizitza pribatuari, besteetan biografiaren protagonistak egindako ekintzei. Nik, azkenaldi honetan pertsonaia beraren bi biografia irakurri ditut. Pertsonaia Billy Wilder zinema zuzendari austriarra da, Sunset Boulevard, Double Indemnity eta The Apartment filmen egilea. Biografia batean, pertsonaiaren alde pertsonalari garrantzi handiagoa ematen zitzaion eta, bere obrari, garrantzi gutxiago. Beste liburuan, bestalde, alderantziz gertatzen zen. Egindako filmek bizitza pertsonalak baino garrantzi handiagoa zuten.

Elkarlanean argitaletxearen Biografiak izeneko sail honetan, bi alderdi horiek, pertsona eta obra, edota ekintzak, nahikoa ongi osatzen dira. Kaleratutako zazpi lanetan, batzuetan besteetan baino hobekiago, helburu hau betetzen da. Sail honetako azken zenbakian, Isadora Duncanen biografian, Jasone Osorok bi alderdi horiek tratatzen ditu, baina era berezian.

Jasone Osoro gure literaturan ezezaguna izatetik oso ezaguna izatera pasatu da. Aldaketa horren zergatia argitaletxe berak argitaratu dion bere lehenengo liburuan bilatu behar da: Tentazioak ipuin bilduman. Orrialde hauetan bertan, Mikel Aldalurrek liburuaren iruzkina egin zuen, eta ni berarekin bat nator. Jasone Osororen lehen saioa da eta lan polita egin du elgoibartarrak. Akatsak ere nabarmenak dira (forma, egitura eta abar), baina nik pasarte batzuetan sentitutako sentsazio onekin gelditu nahi dut). Antzeko estiloan, Arantxa Iturberen mailara ez da iritsi, baina bidean egon daiteke.

Eta bitxia bada ere, biografietan egilearen ukitua, teorian bada ere, nabaritu behar ez delako, Isadora Duncanen inguruko liburu honetan, Osororen estiloa nabarmentzen da (liburu bakarrarekin idazle batek estiloa badu), bai idazteko eran, bai pertsonaiaren alde desberdinak jorratzerakoan. Hasieratik, Osorok garbi uzten baitu berari interesatzen zaiona gizakia dela, Isadora emakumea, bere izaera, bere nahiak, bere ilusioak, bere pozak, bere penak, bere bizitza.

Liburua oso ongi idatzita dago. Entretenigarria, erraza eta oso interesgarria egiten da. Isadora Duncanek bizitzeko eta dantzatzeko orduan erabili zuen pasio berberarekin idatzita dago liburu hau ere. Baina bere bizitzaz gain, bere ekintzen inguruko berri eta informazio gehiago faltan botatzen da. Nola dantzatzen zuen, zergatik dantzaren historian hain pertsonaia garrantzitsua den…

Agian, 140 orrialdetan azaltzeko gauza gehiegi dira, baina oreka handiagoarekin liburua osatuagoa geldituko litzateke. Hala ere, geldi gaitezen bukaeran Isadoraren bizitzarekin eta Jasone Osororen lan bikainarekin. Billy Wilderrek berak, Some Like it Hot film zoragarrian, bere istorio xarmangarria emakumez jantzitako Jack Lemonen esaldi ahaztezin batekin amaitu zuen: inor ez da perfektua.

Azken kritikak

Zainetatik zilarra
Nahia Intxausti

Irati Majuelo

Izen baten promesa
Hedoi Etxarte

Aiora Sampedro

Düsseldorfeko txibatoa
Karlos Linazasoro

Aiora Sampedro

Esne berriketan
Uxue Alberdi

Mikel Asurmendi

Guztia urruntzea da
Hasier Larretxea

Asier Urkiza

Esker onak
Delphine De Vigan

Maialen Sobrino Lopez

Pedagogismoaren gezurtapen bat
Teresa Maldonado Barahona

Amaia Alvarez Uria

Jai-Alai
Gaizka Arostegi

Jon Agirre

Haize begitik
Mikel Ibarguren

Mikel Asurmendi

Hondarreko berorik geratzen bada
Iñigo Satrustegi

Irati Majuelo

Tropiko tristeak
Claude Levi-Strauss

Aritz Galarraga

Erleen azken ziztada
Kepa Iribar

Jon Agirre

Narrugorrik
Ixiar Rozas

Ibon Egaña

Bide bihurrietan
Elena Martinez Rubio

Mikel Asurmendi

Artxiboa

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2025(e)ko abendua

2025(e)ko azaroa

2025(e)ko urria

2025(e)ko iraila

2025(e)ko abuztua

2025(e)ko uztaila

2025(e)ko ekaina

2025(e)ko maiatza

2025(e)ko apirila

Hedabideak