kritiken hemeroteka

8.787 kritika

« | »

Zozoak beleari / Andoni Egaña eta Jon Sarasua / Alberdania, 1997

Edukiak eta iritziak Jose Jabier Fernandez / Euskaldunon Egunkaria, 1998-02-14

Joseba Sarrionandiaren azken lanaren inguruan —Hitzen ondoeza— iruzkina idatzi nuenean, lehengo urteko Durangoko Azokako lau liburu interesgarrienen artean gaurko hau ipintzen nuen. Laukotea osatzeko aipatzen nituen beste bi liburuak Joxe Azurmendi eta Ibon Sarasolaren azken lanak ziren.

Bai. Aurten liburu interesgarrienak saiakeraren inguruan idatzi dira. Eta ez dut uste kasualitate hutsa denik. Azkenaldian, gure Euskal Herri honetan gauza asko, desberdin eta garrantzitsuak, gertatu dira. Arlo guztietan gainera: bai politikan, bai ekonomian eta baita kulturan ere.

Baina gehienetan, gertatutako gauza horiek ekintzak izan dira: ekitaldi, ospakizun, inaugurazio. Badirudi, Euskal Herria eraikitzeko (helburua hori omen da eta), azken garai hauetan bideak egiten eta zabaltzen arduratu garela. Nolabait, etxeak eraikitzen, liburu eder bat egiteko asmotan orri motak aukeratzen, argazkian ateratzen, letra tipoak sortzen eta, batez ere, azalak txukuntzen.

Eta ekintza horiek hainbesteko lanak eman dizkigute, edukia zaintzeaz ahaztu garela. Badirudi ekintzak behar dituzten edukiak, pentsamenduak, gaiak, albo batera utzi, eta etxea teilatutik egiten hasi garela. Arrazoia ez dakit zein den. Agian, gehientsuenok gauzak oso garbi ditugu eta eduki berrien edo desberdinen beharra dugu. Edo baliteke hobea izatea edukien gai hau gerorako uztea ere. Azken finean, zein itsasotan ikusi da edukiak edukiontzi onik gabe igeri egiten?

Ondorioz, azken Durangoko Azokaren joera hau, hots, edukiak sortu, pentsamenduak birziklatu, beharbada, modaz kanpoko gauza izango da. Nahiz eta birziklapena politikoki zuzena izan, ez dut uste askok begi onez ikusiko dutenik. Egun, edukiontziak sortzea eta haien inguruan eztabaidatzea askoz interesgarriagoa eta baliagarriagoa omen da.

Zer demontre kontatzen digute orduan Jon Sarasuak eta Andoni Egañak? Zoritxarrez, edukiontziez baino gehiago edukiez hitz egiten dute. Liburua, bien arteko gutunizketa da, lagunarteko giroan hausnarketak eta aitorpenak nahastuz.

Gainera, liburua politikoki okerragoa izateko, gutunetan azaltzen zaizkigun hausnarketak eta aitorpenak kezka eta beldurraren artean ibili eta murgiltzen dira. Eta nahiz eta bertsogintza berriaren aldeko konpromezua gai nagusia izan, liburuak beste gaien inguruko azalpenak ere biltzen ditu. Hori bai, guztiek, tamalez, edukien ingurukoak izaten jarraitzen dute.

Baina beharbada hau ez da okerrena. Desegoki eta gaiztoena gutunek bukaeran uzten duten zirrara da. Norbaitek, edukien inguruko solasaldi bat irakurtzeaz gain, edukiak ikasteko eta egokitzeko asmoa baldin badu, jai dauka, ez baitu, printzipioz eta lehenengo irakurketan, ezer garbirik aterako. Lehen esan dudan bezala hemen ez daude edukiontzi erraldoi eta ikaragarriak, eta ondorioz edukiak itsasoan balantzaka ibiltzen dira. Gainera, liburuan eduki berberak egon beharrean, desberdinak eta askotan kontrajarriak aurkitzen dira.

Hala ere, liburua kritikatu nahi duenak argudioak aurkituko ditu. Lehenengo zatian hausnarketak egiten azkarrena Egaña dugu, eta Sarasua jokoz kanpo harrapatu duela dirudi. Bigarren zatian, berriz, alderantziz gertatzen da. Aitorpen eta hausnarketetan Sarasua bizkor agertzen da eta Egaña ezkorra eta motela. Ondorioz, bien arteko ika-mikak aurkitzea faltan botatzen da. Bukatzeko, Egañaren beraren eleberri baterako proiektuko zatiek ere liburua pisutsuagoa egiten dute.

Baina bukaeran, ni Egañaren aitorpenekin eta Sarasuaren hausnarketekin gelditu naiz. Batez ere azken honen pentsamenduekin gai hauen inguruan: espezializazioa, hizkuntzarekiko maitasuna, soziologia eta herria, norberaren gauza maiteenez trufatzen jakitea, feminismoa eta alardea,…

Abisatuta zaudete. Hemendik aurrera zuek ikusi non egon nahi duzuen edo, hobe esanda, non ez.

Azken kritikak

Zerua hemen
Oihana Arana

Maddi Galdos Areta

Odisea
Homero

Aritz Galarraga

Etxe arrotz hau
Olatz Mitxelena

Maialen Sobrino Lopez

Gatazka eta abusua ez dira gauza bera
Laura Macaya / Hamaca

Amaia Alvarez Uria

Sasi arteko sugarrak
Sebastian Gartzia Trujillo

Hasier Rekondo

Agerre
Juan Luis Zabala

Mikel Asurmendi

Narrugorrik
Ixiar Rozas

Mikel Asurmendi

Honekin egin nahi duzuna
Itziar Agirre Sagaseta

Maialen Sobrino Lopez

Zaldi bat
Maddi Ane Txoperena

Mikel Asurmendi

Fakirraren ahotsa
Harkaitz Cano

Mikel Asurmendi

Itzala
Maixa Zugasti

Maialen Sobrino Lopez

Barazkijalea
Han Kang

Jon Martin-Etxebeste

Café Mokka
Jabier Muguruza

Aiora Sampedro

Itzala
Maixa Zugasti

Mikel Asurmendi

Artxiboa

2026(e)ko iraila

2026(e)ko abuztua

2026(e)ko uztaila

2026(e)ko ekaina

2026(e)ko maiatza

2026(e)ko apirila

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2025(e)ko abendua

2025(e)ko azaroa

2025(e)ko urria

Hedabideak