« Urtea gustura irakurriz hasteko | Bizkaiko kondairak »
Robinson Crusoe / Daniel Defoe (Aintzane Ibarzabal) / Ibaizabal, 1997
Planteamendu orijinala Antzon Gomez / Euskaldunon Egunkaria, 1998-01-10
Daniel Defoe eleberrigile eta poeta ingelesa izan zen. Londresen jaio zen idazle ezagun hori, 1666an, eta Ropemaker’s Alley-n hil zen, Moorfields-en, 1731n. Merkatari ausarta izan zen eta, hala, behin baino gehiagotan porrot handiak izan zituen. Politikari puritanoa ere izan zen. Londresko gobernuarentzat, berriz, espioitza lanak egin zituen Eskozian. Ugari bidaiatzeko aukera izan zuen, eta bidaia haien kronikak idatzi zituen: Izurriaren urteko egunkaria (1722) eta Veal jaunaren agerpenaren egiazko kondaira (1706), kasu. Haren eleberrien artean, berriz, famatuak dira Moll Flanders (1722), Singleton kapitaina (1720) eta, jakina, Robinson Crusoe (1719), Alexander Selklirk marinel eskoziarraren bizitzan oinarriturik idatzia. Lan horien ondotik, nobela ingelesaren sortzailetzat jotzen da Defoe.
Robinson Crusoe eleberriak ehundaka argitalpen izan ditu idatzi zenetik, batzuetan laburtuz eta beste zenbaitetan istorioa zertxobait aldatuz. Aintzane Ibarzabalek, ordea, jatorrizko bertsio euskaratua eskaintzen digu. Robinson, esaterako, ez da irlara iristen liburuaren 70. orrialdera arte.
Horrela, haren untzia Orinoco ibaiaren ahotik gertu dagoen irla baten aurrean hondoratu baino lehen, pertsonaiaren beste hamaika abentura ezagutuko ditugu. York-eko familiarekin —bereziki aitarekin— izandako gorabeherak, Ingalaterrako kostaldean pairaturiko beste hondoratzeak, Ipar Afrikako musulmanen eskuetan esklabo gisa emandako urteak, Brasilgo plantazio baten jabe izatera nola iritsi zen eta abar eta abar. Hala, Robinson irlara iristen denerako, pertsonaia erabat ezaguna da irakurlearentzat. Nahiz eta harentzat irlako egonaldiaren kontu asko seguraski sobera ezagunak izan, interesgarria da oso Defoek egiten duen planteamendu orijinala. Aipagarriak dira egileak liburuan bere pertsonaiaren ahotan jartzen dituen hausnarketa erlijiosoak ere, batzuetan aspergarriak izatera heltzen badira ere. Dena den, garai hartako pentsakeraren isla dira. Adibidez, Robinsonek irlako bere isolamendua Jaungoikoaren zigortzat hartzen du aitaren esana ez betetzeagatik (aitak ez zuen nahi Robinson marinela izatea). Hala ere, untzia hondoratzerakoan Afrikara zihoan esklabo beltzen kargamendu baten bila, Brasilera eramateko asmoz. Horrek, ordea, ez die kontzientzia arazorik sortzen ez Robinsoni eta ezta haren sortzaileari ere. Merkataritza hutsa zen hura garai hartan. Protagonistak Ostirala indio karibetarrarekin duen harremana ere arraza zibilizatuen eta basatien arteko koordenadetan sartzen da. Jakina, Ostirala basatia kristautu eta zibilizatzea beharrezkoa da Robinson jaunarekin bizitzeko edo, hobeto esanda, Robinsonen morroi bihurtzeko.
Liburuaren bukaera ez dagokie irlako kontuei. Robinson Europara, Brasilera eta bere irlara ere itzuliko da. Guretzat, gainera, bada bitxikeriarik: Robinsonek ez du gogo handirik Lisboatik Londresera untziz joateko —ulergarria guztiz—, eta bidaia lehorretik egiten du. Ostirala morroi duela, Euskal Herrira iritsiko da, Iruñera. Hala ere, Pirinioak elurrez lepo daude eta mugalari baten laguntzaz Gaskonia aldera gurutzatzerakoan otso talde ikaragarri batekin egin beharko dute borroka. Pirinioak baino Siberiako estepen kontua dirudi zati horrek. Crusoek, bere izterrak karibetar gizajaleengandik salbatu ondoren, ia hemengo otsoen bazkatzat amaitzen ditu bere egunak.
Emakume oinutsa
Scholastique Mukasonga
Ainhoa Aldazabal Gallastegui
Deiadarraren antologia bat
Rakel Pardo Perez
Asier Urkiza
Herrenaren promesak
Maite Aizpurua / Infinitudrama
Nagore Fernandez
Lazarraga, Ernazimentua euskaraz
Pruden Gartzia
Mikel Asurmendi
Zure arnasa zaintzeko
Nerea Balda
Maialen Sobrino Lopez
Hondoaz galde
Jon Sarasua / Mikel Artola
Mikel Asurmendi
Zirtak su. Hasieran bazen hitza
Maite Lopez Las Heras
Joxe Aldasoro
Erroen izerdia
Jone Bordato
Mikel Asurmendi
Zerua hemen
Oihana Arana
Maddi Galdos Areta
Etxe arrotz hau
Olatz Mitxelena
Maialen Sobrino Lopez
Gatazka eta abusua ez dira gauza bera
Laura Macaya / Hamaca
Amaia Alvarez Uria
Sasi arteko sugarrak
Sebastian Gartzia Trujillo
Hasier Rekondo
Agerre
Juan Luis Zabala
Mikel Asurmendi