« Bizitzaren poemak | Bidez bide »
Karramarroaren aztarnak / Hasier Etxeberria / Elkar, 1997
Irakurketaren aztarnak Jose Jabier Fernandez / Euskaldunon Egunkaria, 1997-11-22
Karramarroaren aztarnak Hasier Etxeberriaren azken lana da. Prentsan iritzi artikuluak kaleratzeagatik eta telebistan kultura programak zuzendu eta aurkezteagatik ezagunagoa bada ere, Hasier Etxeberria ez da pertsonaia berria gure literaturan. Hau bere seigarren liburua da. Aurretik, azken hamahiru urte hauetan beste lan hauek plazaratu ditu: Ipuin ezberdinak eta erregalokoak, Estatua baten historia, Mugetan, Alajaineta eta Sukaliztegi partikularra.
Gehien eta hobekien jorratu duen jeneroa ipuina izan da. Eta bere azken lan hau ere ipuin bilduma bat da. Oraingo honetan bost ipuin bildu ditu liburuan: Horazioren bidaiak, Yukatan, Anna Paula, Museora bisitaldia eta Ipuin postmoderno bat idatzi diot neure buruari.
Bai gai eta bai estilo aldetik, Hasier Etxeberriaren lan berri hau ere aurrekoen bidetik doa. Ipuinetan gehien azaltzen den aztarna ironiarena da, bost ipuinetan ironiaren arrastoak nabariak baitira. Hala ere, Etxeberriak ipuin bakoitzean ironiaren aztarnak era desberdinez irudikatzen ditu: Horazioren bidaiak ipuinean ironia sentimenduz eta gizatasunez osaturik dago; Yukatan lanean ironiak misteriozko mozorroa hartzen du eta irakurleari gelditzen zaion sentsazioa ezinegonarena da; Anna Paula-n ironia umoretsua da, parodia kutsu nabarmenarekin; Museora bisitaldia-k, bestalde, ironia gogorra azaltzen du, krudela, bizitza bera bezala; eta azkenik, Ipuin postmoderno bat idatzi diot neure buruari lanak azkenaurreko ipuinaren ironia umoretsua berreskuratzen du, baina oraingo honetan kutsu eta arrasto surrealista dariola.
Hala ere, aztarna surrealista hau ez da azken ipuinean soilik nabaritzen, beste lau lanetan ere kutsu fantastikoa begi-bistakoa da. Badirudi, honako honetan bost ipuinetatik hiru Erdi eta Hego Amerikan kokatzeaz gain, hango literaturaren eragina ere jaso duela Etxeberriak. Arrasto hauek bere ipuinen elementu askotan ikusi eta sentitu ditzakegu. Adibidez, gaian eta gaia jorratzeko eran.
Ipuin guztiek bidaia dute gai nagusia. Baina Hego Amerikako arrasto surrealistak jarraituz, bidaia hauek ez daude hitz handiz edo ekintza mardulez deskribaturik. Bidaiak xumeak dira. Guztietan garrantzia duena bidaia bera da, ez bidaiaren helburua edo zergatia. Hala ere, bidaia hauen guztien bukaerak ez du irakurlea axolagabe uzten. Bost ipuinetan irakurleak bukaeran harritzeko parada du, eta Etxeberriaren ironiarekin gozatzeko aukera aproposa ematen dute.
Ondorioz, Etxeberriaren azken lanak irakurtzea merezi du. Bere aurreko liburuak gustura irakurri dituztenek oraingoan ere gozatzeko aukera izango dute. Bestalde, Etxeberriaren lana lehenengo aldiz liburu honen bidez ezagutzen dutenak ere ez dira damutuko.
Agian, liburuaren irakurketa bukatzen denean, Etxeberriak duen asmoa, hots, hondar gaineko karramarroen aztarnak olatuak itsasora eramaten dituen bezala irakurlearen irakurketak ipuin hauek eraman ditzala, hitzez hitz betetzen da. Hau da, irakurleak ipuinak nahasteko eta ahaztutzeko arriskua du. Irakurketaren aztarnak irakurleak berarekin eraman behar ditu, bere adimenean sartu eta murgildu. Baina adimena eta sentsazioen mundua funtzionamenduan jartzeko Etxeberriak lan honetan eskaintzen duena baino zerbait gehiago behar da.
Nik ere ez dakit zer den. Agian mundu pertsonalago bat azaltzea, aberatsagoa, sakonagoa, azalean soilik gelditu gabe. Edo beharbada sakontasun kontua baino gehiago nire arazoa da. Baina nire iritziz irakurketaren arrastoak irakurlearengan nabarmenagoak izan behar lukete liburuaren bukaeran. Hala ere, arrastoak arrasto, irakurtzea merezi du. Gero, bakoitzak bere interpretazioa atera dezala.
Beste zerbait
Danele Sarriugarte
Maialen Sobrino Lopez
Palinpsestoa
Joxe Austin Arrieta
Asier Urkiza
Katona
Antxiñe Mendizabal Aranburu
Nagore Fernandez
Haize begitik
Mikel Ibarguren
Paloma Rodriguez-Miñambres
Guztia urruntzea da
Hasier Larretxea
Mikel Asurmendi
Esker onak
Delphine De Vigan
Ainhoa Aldazabal Gallastegui
Enarak
Bernardo Atxaga
Irati Majuelo
Ez da erraza gizon on bat aurkitzea
Flannery O'Connor
Aritz Galarraga
Moebiusen ertzak
Garazi Kamio
Joxe Aldasoro
Düsseldorfeko txibatoa
Karlos Linazasoro
Mikel Asurmendi
Odola kantari
Unai Elorriaga
Asier Urkiza
Rosa Parks: Nire istorioa
Rosa Parks / Jim Haskins
Nagore Fernandez
Eguna hasteko olerkiak
Miren Billelabeitia
Paloma Rodriguez-Miñambres
Izen baten promesa
Hedoi Etxarte
Mikel Asurmendi