« Ugalderi omenaldia | Bakartasuna dela-eta »
Ekialdeko kontakizunak / Marguerite Yourcenar (Imanol Zurutuza) / Ibaizabal, 1997
Ekialdeko mazedonia etnikoa Antxon Gomez / Euskaldunon Egunkaria, 1997-11-08
Marguerite Yourcenarren (Brusela, 1903-Mount Desert, Maine, EEBB, 1987) liburuak sarritan izan dira euskaratuak. 1985ean Joxe Austin Arrietak Hadrianoren oroitzapenak eta 1988an Maite Gonzalez Esnalek Alexis, Yourcenarren gaztetako eleberria, itzuli zituzten. Biak Elkar argitaletxearen eskutik. Marguerite Yourcenar mende honetako idazle frantziar handienetarikotzat jotzen da, eta Frantziar Akademiako kide izendatu zuten lehendabiziko emakumea izan zen.
Ekialdeko kontakizunak ipuin bilduma, idazle honen bidaietarako zaletasunaren fruitua da. Hamar ipuin biltzen dira bertan, erraz irakurtzen den mosaikoa eratuz. Ipuin gehienak Balkanetan eta Grezian kokatzen diren arren, India edo Txinaraino ere mugituko da Yourcenarren imajinazioa. Bertan Kali Jainkosa lepamoztua edo Wang-Fo Pintor taoista azalduko zaizkigu, eta Amsterdameko kanaletan amaituko dugu ekialdeko istorio eta ipuin zaharretan barrena egindako bidaia exotikoa, ekialdeko gogorapenak mingarki txertatuak dituen margolari batekin. Bizitzaren eta artearen aurrean filosofia mingotsa daukan artista mozkor, txiro eta porrot egindakoarekin. Cornelius Bergenek bizitzan zehar munduan batetik bestera ibili eta azkenean ezer gabe, poltsikoa eta izpiritua hutsak, arrotza ere bilakatu zaion jaiolekura bueltatzen den bidaiaria islatzen du.
Nahiz eta ekialde urrunaren pintzeladak izan, Europako ekialdeko herrien inguruko ipuinek osatzen dute liburuaren multzorik nagusiena. Yourcenarrek Balkanen inguruko herri mosaiko etnikoarekiko lilura azaltzen digu. Herri eta kultura anitzen arteko harremanetatik sorturiko unibertsoa. Aldi berean idazleak greziar kultura eta mitologiarekiko zaletasuna islatzen du Nereidak maite izan zituen gizona narrazioan. “Nereidak… Dama horiek… Nereidak… Ederrak… Biluzik… Zoragarria… Ilehoriak…” errepikatuko du behin eta berriro greziar maitagarri hauek ikustean burua galdu zuen gizonezkoak.
Heriotzaren esnea ipuina azpimarratuko nuke, liburuaren azalaren marrazkiak islatzen duena. Oso ipuin balkanikoa da, bertan Ismail Kadare idazle albaniarraren Hiru arkuko zubia (Elkar, 1994) liburuan azaltzen den balkaniar sinesmen zahar bera topatuko dugu. Eraikuntza bat altxatzeko irelu balkaniarrek derrigortzen duten giza-sakrifizioarena, alegia.
Ipuinean albaniarrak, serbiarrak, turkiarrak eta greziarrak azaltzen zaizkigu pertsonaia bezala. Ipuinaren kontaketa Bosnia-Herzegovinako garagardotegi germaniar batean kokatzen du Yourcenarrek, frantziar baten eta ingeles baten arteko elkarrizketa batean. Benetako mazedonia etnikoa, liburua bere osotasunean bezala.
Ipuin hauetan fantasia eta errealitatea, maitasuna eta krudeltasuna armoniaz nahasten dira, eta irakurleak askotan ustekabe ederra hartuko du narrazioan zehar. Marguerite Yourcenarrek irakurleak harritzea lortzen du Ekialdeko kontakizunak honekin.
Termita
Garazi Albizua
Maialen Sobrino Lopez
Ehulearen hilobia
Seumas O'Kelly
Ibon Egaña
Hezitopia
Nora Salbotx
Mikel Asurmendi
Emakume oinutsa
Scholastique Mukasonga
Ainhoa Aldazabal Gallastegui
Deiadarraren antologia bat
Rakel Pardo Perez
Asier Urkiza
Herrenaren promesak
Maite Aizpurua / Infinitudrama
Nagore Fernandez
Lazarraga, Ernazimentua euskaraz
Pruden Gartzia
Mikel Asurmendi
Zure arnasa zaintzeko
Nerea Balda
Maialen Sobrino Lopez
Hondoaz galde
Jon Sarasua / Mikel Artola
Mikel Asurmendi
Zirtak su. Hasieran bazen hitza
Maite Lopez Las Heras
Joxe Aldasoro
Erroen izerdia
Jone Bordato
Mikel Asurmendi
Zerua hemen
Oihana Arana
Maddi Galdos Areta
Etxe arrotz hau
Olatz Mitxelena
Maialen Sobrino Lopez