kritiken hemeroteka

8.808 kritika

« | »

Amorezko pena baño / Itxaro Borda / Susa, 1996

Laukiak eta biribilak Jose Jabier Fernandez / Euskaldunon Egunkaria, 1997-03-22

Amorezko pena baño Itxaro Bordaren azken lana da. Liburu honek, bere produkzio zabalaren barre, berezitasun bat dauka: hirugarren aldiz protagonista pertsonaia berbera da, Amaia Ezpeldoi detektibea. Itxaro Bordak idatzi eta Amaia Ezpeldoik protagonizatutako beste bi eleberri ere badaude: Bakean ützi arte eta Bizi nizano munduan. Hemen aurkezten dizuedan liburua, Amaia Ezpeldoiren (Euskal Herriko detektibe ospetsuena bilakatu dena) hirugarren kasua izango da.

Oraingo honetan, istorioa Bardeetako tiro poligonoan hasi eta Erriberan kokatzen da. Uritz intsumisoa du hariaren hastapena eta berari tiro poligonoan jazotako gertakizunen inguruan hasiko da eleberria: Uritzek istripu baten ondorioz memoria lausoturik dauka eta misteriotsuki istripuaren aztarna guztiak desagertaraziak izan dira. Hauxe izango da Amaia Ezpeldoiren azken abentura: Bardeetan egun hartan zer gertatu zen jakitea.

Detektibe istorioak gustatzen zaizkizuenok, ez espero ohiko eleberri beltzetako suspense larri eta odoltsurik. Ez. Amaia ez dugu horrelako detektibea, bere kasuak ez dira tankera horretakoak (Amaiak berak bere burua detektibe rural izendatzen du). Itxaro Bordaren eleberrietan krimenik baldin badago, estatuek edo lobby-ek antolatutakoak dira; ondorioz, ez ditugu amaiera zoriontsuak erraz edukiko. Dena dela, Amaia beti biztanle xeheen alde azalduko zaigu.

Xabier Gereñok Jurgi Kapitaina pertsonaia sortu zuenetik, ez dut Amaia Ezpeldoi bezalako pertsonaiarik gogoratzen euskal literaturan. Hau da, detektibe bat jarraitasunarekin. Jurgi Kapitainarenetik urte asko pasatu dira, bai eta gauza asko gertatu ere, baina sortutako detektibe protagonista bat behin baino gehiagotan ikustea gustura hartzen den zerbait da. Hala pertsonaiaren eboluzioa aztertzea nola liburu batetik bestera, jasotako esperientzien ondorioz, protagonistaren izakera aldatzen doala nabaritzea, beti erakargarria eta interesgarria izaten da.

Itxaro Bordak sortutako Amaia berezia da gainera, bere gauza bitxiekin. Horien artean nabarmenena ironia da, ironia oso sentimentala bada ere. Baina iseka oso egokia gertatzen da, Euskal Herriak egun dituen arazo asko aztertzen baitira. Eta agian hori da eleberriaren ezaugarririk azpimarragarriena, gaurkotasuna, gaurko arazoak nola tratatzen diren: euskararen egoera, intsumisioa, sexu harremanak, euskal kultura, ikastolak…

Baina ez du soilik gaurkotasuna islatzen, badaude beste bi gai nagusi ere: euskara eta Erribera. Euskararen aldetik, Itxaro Bordaren eleberriak hegoaldekoei arraroa egiten zaigun Iparraldeko euskara gerturatzen digu, eta beharrezkoa dugu, askotan Euskal Herriaren zilborra garela uste baitugu. Eta zer esanik ez Euskal Herriaren mugez hitz egiten dugunean. Badirudi Euskal Herri bakarra dagoela eta horrek berdea eta euritsua izan behar duela, lehorrekoa ez dela existitzen, bizkarra emanez bai lur horiei bai bertako jendeari. Horrela, zorionez, eleberria askotan bidai liburu bihurtzen da, Itxaro Bordaren apustu eskergarriak begiak irekitzen laguntzen digulako, bestea bezain ederra den Euskal Herri desberdin bat erakutsiz.

Beraz, pertsonaia eta eleberri biribil baten aurrean gaude? Esan daiteke, gehienbat, biribila baino laukitua dela. Hau da, istorioari gatz edo piper pixka bat falta zaio liburu oso bat betetzeko; irakurlearen arreta bereganatzeko gertakizun gehiago behar dira. Orokorrean ikuspegia egokia eta orijinala da, baina misterio korapilatsuagoen, narrazio aberatsagoen falta sentitzen da. Eleberriak biribilagoa izan behar du; orain artekoak laukiak izan dira, ertz edo angelu nabarmenegiekin.

Eta Amaia Ezpeldoi pertsonaiarekin antzeko zerbait gertatzen da, hobeto definitu behar da, bere ahotsa libreago utzi; pertsonaiaren ertzek ez dute hain karratuak izan hehar, biribilagoak baizik, aberatsagoak, irekiagoak, zalantzak, beldurrak, teoria desberdinak gehiagotan erakutsiz.

Azken hori teoria pertsonala besterik ez da, laukien eta biribilen arteko teoria. Hala ere, gogoz itxarongo ditut hurrengo istorioak eta Amaia Ezpeldoik bere abenturekin jarraitzea espero dut, denoi denbora apur bat lapurtuz.

Azken kritikak

Datorren udan ez gara hemen biziko
Ane Zubeldia Magriñá

Maialen Sobrino Lopez

Zazpigarren gizona
John Berger / Jean Mohr

Peru Iparragirre

Olibondoaren herria
Markel Elortza

Mikel Asurmendi

Ene Jesus
Ramon Saizarbitoria

Asier Urkiza

Ehulearen hilobia
Seumas O'Kelly

Nagore Fernandez

Izan gizona
Aritz Galarraga

Nagore Fernandez

Gurea falangista zen
Alberto Barandiaran

Mikel Asurmendi

Termita
Garazi Albizua

Maialen Sobrino Lopez

Ehulearen hilobia
Seumas O'Kelly

Ibon Egaña

Hezitopia
Nora Salbotx

Mikel Asurmendi

Emakume oinutsa
Scholastique Mukasonga

Ainhoa Aldazabal Gallastegui

Deiadarraren antologia bat
Rakel Pardo Perez

Asier Urkiza

Herrenaren promesak
Maite Aizpurua / Infinitudrama

Nagore Fernandez

Lazarraga, Ernazimentua euskaraz
Pruden Gartzia

Mikel Asurmendi

Artxiboa

2026(e)ko urria

2026(e)ko iraila

2026(e)ko abuztua

2026(e)ko uztaila

2026(e)ko ekaina

2026(e)ko maiatza

2026(e)ko apirila

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2026(e)ko

2025(e)ko abendua

Hedabideak