kritiken hemeroteka

8.496 kritika

« | »

Haize kontra / Patxi Iturregi / Elkar, 1996

Itsasotik, heldua Edorta Jimenez / Euskaldunon Egunkaria, 1997-02-08

Itsastarren bizimodua eta haizea elkarri zein loturik ote diren, itxas-aize izenaz argitaratu zuen Augustin Zubikaraik halako hiztegitxo kuttun bat, non itsasoko lan eta beharrei lotutako hitzak eta esamoldeak bildu baitzituen. Sinbologi ildo beretik, Haize kontra izena eman dio bere lehen liburuari Patxi Iturregik, liburuan biltzen diren narrazioak itsas girokoak baitira. Igarriko ote du baina azken liburu horren azalean titulua irakurtzen duenak mamiaren nondik norakoa tituluan bertan duela.

Ez dakit nik zein haizek eroan zuen Patxi Iturregi itsasketa-ikasketak egitera, ezta ere, itsas-pilotu hiru urtean edo jardun ostean, zein beste haizek engila eragin zuen lehorrean. Kontua da Laudioko idazle berri honek bederatzi ipuin ekarri dizkigula liburu honetan, guzti-guztiak hala edo zelan ur eremu zabalena den horretako bizikizunei lotuak. Liburu ederra eta mardula, bestalde, halako batasun bat duena, hala gai-multzoaren aldetik —dagoeneko idatzirik utzi dudan legez—, nola pertsonaiak eta ingurats narratiboaren aldetik ere.

Ipuinez ipuin joko banu ez nuke jakingo zeini ederren iritzi. Itsasoetako anaiartea izenekoaz zabaltzen da liburua eta, egileak berak aitortu duenarekin bat, liburua edozein ordenatan irakur daitekeen arren (besteetan ere eskubide hori berori omen dugu), hasierako horri ekinez hastea gomendatu nahi dut. Emakumezko bat, eder-liraina eta gaztea, gizonezkoen monopolioa den itsasontziko giroan sartuz gero, zer?, hara hor galdera; erantzunetako bat, aipatu narrazioa.

Emakumezko bat gizonezkoena izan den giroan artegarri izan daitekeen era berean, edonor artegaraztekoa izan liteke itsasoan lehorrean baino tarte luzeagoak ematen dituen gizonaren etxeratzea. Ez ote dira zoratzen marinelak? Galde egin Iruzurraren tamaina izenekoan aurkezten zaigun mutikoari. Edo galde egin Atearen zein aldetan ezagutuko dugun emakumeari. Itsasoak bere legeak, eta horietako bat artez edo moldez bere seme-alabak tragatzen dituela da.

Lehorrean gaizki konponduta nahiz ezelan ere konpondu gabe utzi dugunaz Hobe ez gogoratzea, esan dezake marinelak, liburuko laugarren ipuinaren izena errepikatuz, itsasoan den bitartean ezer gutxi egin baitezake gaitza konpontzearen alde. Agian dei bat, telefonoz? Konponduko al du ezer horrek? Hobe ez gogoratzea narrazioak horretaz dihardu, egileak hor erakusten duelarik giro edo ingurats bere-bereak sortzeko dohaia. Hurrengo ipuinak, Hondarreko distira ahantzi hura izenekoak, inguratsa baliatzen du giza-arimaren zirrikuetan must egiteko.

Must egin, hots, uretara blausta egin, baina historiakoetara, Patxi Iturregik Egur harroa izenekoan egin du. Nik uste, ipuin horretan bada arnasa luzeagoko narrazioetarako abiaburu bat.

Untzi zatikalekua izenekoak bihotzean ikutu nau, eta behingoan esan behar dut ez deritzadala liburuko onena, ez. Iraganaren minez dihardu horretan, Bilboko kresal-ibaia burdinazko birika eta bihotz elektriko haien zain oparoa zenekoaz. Bada, zer esan horretaz Erandio-Areetako errepideetan eldarnioaren ateetan sentitu izaten denak? Liburu honetako ipuin guztiak ez dira borobilak, ez, baina idazlea bera idazle heldu ageri zaigu, halako heldutasunen zamak inoren lepoan jartzea mesederako barik kalterako izan daitekeen arren esanda.

Cypprus-en sekretua eta Ur biziak narrazioak misteriotsuak dira, eta magikoak. Patxi Iturregirengan eragina izan duten idazleen zerrenda bat osatzera ere iritsiko gara magikotasunaz eta misterioaz jardunez gero. Ez da halako zerrenda osatzeko egokiera; bai esateko, aldiz, hain gogoko ditudan liburu horietako batzuen alboan dudala Haize kontra hau.

Azken kritikak

Zuzi iraxegia
Amaia Alvarez Uria

Ainhoa Aldazabal Gallastegui

O.ten gaztaroa neurtitzetan
Arnaud Oihenart

Gorka Bereziartua Mitxelena

Ez-izan
Jon K. Sanchez

Aiora Sampedro

Pleibak
Miren Amuriza

Jon Jimenez

Ehun zaldi trostan
Ainhoa Urien

Asier Urkiza

Oroi garen oro
Beatriz Chivite

Nagore Fernandez

Jakintzaren arbola
Pio Baroja

Aritz Galarraga

Antropozenoaren nostalgia
Patxi Iturregi

Hasier Rekondo

Francesco Pasqualeren bosgarren arima
Unai Elorriaga

Mikel Asurmendi

Baden Verboten
Iker Aranberri

Paloma Rodriguez-Miñambres

Ezer ez dago utzi nuen lekuan
Itziar Otegi

Mikel Asurmendi

Dolu-egunerokoa
Roland Barthes

Asier Urkiza

Guardasol gorria
Lutxo Egia

Nagore Fernandez

Zero
Aitor Zuberogoitia

Jon Jimenez

Artxiboa

2025(e)ko maiatza

2025(e)ko apirila

2025(e)ko martxoa

2025(e)ko otsaila

2025(e)ko urtarrila

2024(e)ko abendua

2024(e)ko azaroa

2024(e)ko urria

2024(e)ko iraila

2024(e)ko abuztua

2024(e)ko uztaila

2024(e)ko ekaina

Hedabideak