« Urdina eta keria | Poesia behelainotan »
Ilargia ihesi / Rax Rinnekangas (Jose Fran Ispizua) / Erein, 1996
Inozentzia bera ere ihesi Miel Anjel Elustondo / Euskaldunon Egunkaria, 1996-04-20
Finlandiako Literatur Sari Nazionala jaso zigun nobela honek 1992an, eta 1996an, oraindik oraintsu, plazaratu du Erein argitaletxeak euskaraz. Hain justu, beste hizkuntza batera baino lehen euskarara izan da itzulia Ilargia ihesi. Trukean, suomieraz emango dute argitara Joxemari Iturralderen Izua hemen nobela ere, Finlandian bertan kokatuta baitago tolosarrarena. Itzultzaile lanak, berriz, Jose Fran Ispizua zumaiarrak bete ditu. Rinnekangas, Atxaga eta Iturralderen asmoak gauzatzeko moduan dira: bi herrialdeon literaturak harremanetan sartzea.
Finlandiako literaturaren ezagutzarik gabe ere “bere burua ulertu ahal izateko, Europako literatura gehiago irakurri behar du euskal irakurleak”, zioen Rinnekangasek berak, eta eremu urriko hizkuntzen literatura gogoan, hautu bikaina egin da Ilargia ihesi lanarekin. Autoreak berak hitzaurrean adierazten digunez, haurretako garaiak erabili zituen jirabueltaka buruan liburu honi taju ematerakoan: Finlandia iparraldeko baserri giroa, non bizi lagunak kristau estu bizi diren Jainkoagandik hain hurre, bekatutik hain urrun, soroetako lana dutela ardatz. “Jainkoak belarra, gu eta maitasuna sortu zituen, eta elkarketa natural haren menpean gauza inozente eta arriskutsu guztiak gertatzen utzi zuen”. Rinnekangasek idatzi hitzaurretik ari gara, inozentzia lan honetan giltza delakoan.
Ilargia ihesi-n hiru atal zinez bereizi ditugu: Poza batetik, Nahigabea bestetik, eta Bakea gero. Ekieran, anai-arreba bi eta beren lehengusua —hamalau-hamabost urteko neska-mutil gaztetxoak hirurak— pozik dira sexu-harremanetan ilargia lagun, inozente, harik eta gazteetarik bat hilik gertatzen den. Ondorioz, Nahigabea dugu bigarren atal: joan dira gau gozoak —ilargia ihesi—, eta tristura dator; eta izua, mesfidantza, kulpabilitatea, amorrua, gorrotoa… Sentipenok borbor nahasiko dira narratzailearen —lehengusuaren—pentsamenduan. Azkenik, Bakea-n, beste heriotza batek —heriotza iragarritakoak, alegia— bere bidera eramango ditu urak.
Ilargia ihesi-ri inozentzia dario: berez gertatuak dira bertako sexu-jolasak, heriotzak eta egoerak; egiatan, gauzak gerta zitezen utzi zuen Jainkoak eta ez jardun arrazoi gorde ezkutu bila. Arrazoi ageririk ezak —misterioak— kutsaturik dago nobela osoa, eta lirikotasunez. Helduek ezezik gazteek ere gogo onez irakurriko dute nobela hau, inork bere eskura jarriz gero, bederen. Dena dela, perla bat dute liburua eta irakurketa aproposa. Bete-bertan asmatu du Erein argitaletxeak liburua itzulita. (Emaitza ezin biribilagoa litzateke oker tipografikoak galarazi balituzte). Ilargia ihesi konplizitatez irakurri ondoren, Rax Rinnekangasen beraren Mendialderako bidaia: Nafarroako kontakizunak zein Bizkaiko golkoaren isiltasuna -biak suomieraz oraindik-, eta autorearen gainerako lanak ezagutzeko minez gauzka Finlandiako idazleak. Alferrik ere ez zuen berak Donostian esan: “Euskal Herriaren konkistan, nire untzia da nobela hau”. E la nave va.
Denbora bizigarri baterako
Marina Garces
Irati Majuelo
Jostorratza eta haria
Yolanda Arrieta
Amaia Alvarez Uria
Haize begitik
Mikel Ibarguren
Ibon Egaña
Izen baten promesa
Hedoi Etxarte
Asier Urkiza
Zubi bat Drinaren gainean
Ivo Andritx
Aritz Galarraga
Panfleto bat atzenduraren kontra
Pello Salaburu
Mikel Asurmendi
Denboraren zubia
Iñaki Iturain
Aritz Pardina Herrero
Etxeko leihoak unibertsora
Alba Garmendia Castaños
Irati Majuelo
Izen baten promesa
Hedoi Etxarte
Joxe Aldasoro
Zahartzaroaren maparen bila
Arantxa Urretabizkaia
Aiora Sampedro
Aizkorak eta gutunak
Edorta Jimenez
Mikel Asurmendi
Amorante frantsesa
Miren Agur Meabe
Ainhoa Aldazabal Gallastegui
Oroi garen oro
Beatriz Chivite
Maialen Sobrino Lopez
Ahanzturaren aingerua
Maja Haderlap
Asier Urkiza