« Kavafis euskaraz | Eleberria eta abentura, biak baten prezioan »
Laudanoa eta sutautsa / Edorta Jimenez / Txalaparta, 1996
Itsasoa suzko hitzetan Mikel Aldalur / Euskaldunon Egunkaria, 1996-03-30
Amaiur saila bereak eta bi ematen ari dela erakutsi digu berriro ere Txalaparta etxeak mundakarraren lan honekin. Luzera ezberdineko sei narraziorekin azaldu zaigu oraingoan Edorta Jimenez eta atsegina eta heriotza, finean Laudanoa eta sutautsa izan ditu guztiak giro beretsuan lotzeko osagaiak.
Liburua zabaltzen duen lehen narrazioak, Akitaniatik datorren berba berria izenekoak, Zumaiako Udalak antolatzen duen Julene Azpeitia ipuin lehiaketako azken ekitaldiaren lehen saria jaso zuen. Bizkaitarraren aurreko liburuetan ezagutu ahal izan genuen bezala, idazkeraren arauak ederki maneiatzen dituela erakusten digu oraingoan ere egileak. Dena dela, irakurketan aski trebatua ez denarentzat, hiztegia gardenegia gerta daiteke zenbaitetan: “Andreak aieru txartzat hartu du uhara, eta hasperen egin du. Hasperena aldarri bilakatu da: aldarria alarau eta alaraua eihagora”. Euskal hiztegiaren aberastasunen bila aritu nahi duenak badu nora jo narrazio honetan. Dama baten maitasunak bi zaldunen artean dakarren auzia da istorioaren ardatza eta ohorea hitz giltzarria: “Zaldunen urrezko arauak ezagutzen dituzten biren artekoa izan beharko zen Martin eta Godofredok dama bategatik zuten auziarria, odolez garbitu beharrekoa”.
Itsasoa sutan. Bidaia, ametsak eta lamiak dira bigarren narrazio hau irakurri ostean gelditzen diren arrastoak. “Ezen bidean abiatu denaren jomuga baita bideak irakats diezaiokeen oro ikastea”. Ametsak ditu bidaiariak, hasieran ulertuko ez dituenak eta gero ehotzen joango zaizkionak. Lehen pertsonan idatzitako orrialde hauetan barrena, bidaiariaren barne-gogoetek hartzen dute indarra: “Zenbat ate du bideak, zenbat hik heure baitan? Irten hadi barrura, sar hadi kanpora”, eta lamien sekretua da bidaiaria lotuko duena. Auzokoek eta auzokoen auzokoek ere lamiatzat dute bidaiariaren andrea…
Zerutik Ifernura du izena hirugarren kontakizunak eta zerutik ifernura pausu bakarra omen dagoela esaten du lehen esaldiak berak. “Istorio honetan Parabisuaz eta hondartzez, Ifernuaz eta haitzez, hitz egiten da. Emakumezko baten besotan Parabisua mundu honetako hondartzetan dela sinestu zuen fraidearen istorioa da honako hau”. Hirugarren honekin, Jimenezek benetan narrazio borobila lortu duela irizten dut. Fraidearen maitasunak eta aita irainduaren ohoreak irakurtzea merezi duen lotura estua dute amaieran.
Laugarren narrazioaren izenburuak ematen dio liburuari izena: Laudanoa eta sutautsa. 1912ko egunkari bateko albiste bat abiapuntu hartuta (kontsultan sendagilea tirokatzen duen emakumearena), emakume honen bizimodua, lanbidea, itxura, psikopatologia eta antzekoak aztertu nahi ditu txosten honen egileak. Liburuko kontakizunik luzeena da berau eta hipotesi hutsetatik abiatuta, hurrengo eguneko ekaitz zorigaiztokoaren gertaerak narrazioan tartekatuz, bi kontaketen arteko jokua da txostena: “Tiro egin du neskak eta bare geratu da itsasoa”. Bikaina.
Laburragoak dira azken bi narrazioak. Epopeiak eta Itotakoen arrastoa izenekoak. Lehenak, Jimenezek Azken fusila bere eleberrian azaldu zigun mundura itzultzen gaitu, trenbideak, tunelak, preso anarkistak, dinamita eta maitasuna kontagai hartuta. Aitari eginiko beste omenaldi bat ziurrenik. Azken narrazioa, kanposantuan dauden bi lagunen arteko elkarrizketan haritua, liburua dotore amaitzeko pausua da. Bere laburrean, liburuko istoriorik bikainena dela esango nuke. Ez da ageri itotakoen arrastorik. Baina mereziko du bilatzen hasteak.
Ene Jesus
Ramon Saizarbitoria
Asier Urkiza
Ehulearen hilobia
Seumas O'Kelly
Nagore Fernandez
Izan gizona
Aritz Galarraga
Nagore Fernandez
Gurea falangista zen
Alberto Barandiaran
Mikel Asurmendi
Termita
Garazi Albizua
Maialen Sobrino Lopez
Ehulearen hilobia
Seumas O'Kelly
Ibon Egaña
Hezitopia
Nora Salbotx
Mikel Asurmendi
Emakume oinutsa
Scholastique Mukasonga
Ainhoa Aldazabal Gallastegui
Deiadarraren antologia bat
Rakel Pardo Perez
Asier Urkiza
Herrenaren promesak
Maite Aizpurua / Infinitudrama
Nagore Fernandez
Lazarraga, Ernazimentua euskaraz
Pruden Gartzia
Mikel Asurmendi
Zure arnasa zaintzeko
Nerea Balda
Maialen Sobrino Lopez
Hondoaz galde
Jon Sarasua / Mikel Artola
Mikel Asurmendi
Zirtak su. Hasieran bazen hitza
Maite Lopez Las Heras
Joxe Aldasoro