kritiken hemeroteka

8.814 kritika

« | »

Kontu zaharrak / Joxe Arratibel / Erein, 1995

Ipuiak Amaia Iturbide / Euskaldunon Egunkaria, 1996-03-16

Ipuinetan sinisten dugunok Joxe Arratibelen Kontu zaharrak (Erein, 1995) amesteko lehengaiak ditugu. Eta ez hori bakarrik. Betiko euskara zaharra mintzagai, antzinako mundu magikoan murgiltzeko aukera eta eredu ere badira. Joxe Arratibelen ahotik hartuta, ipuinok entzutean liluratu egin gabeko kristaurik ez da geldituko, aho zabalik geratu gabekorik, oihartzunik sumatu gabeko belarririk, bidaiarik egin nahi ez duen begirik, Euskal Herriko ahozko ipuigintzaren berezko kutsuak hemen baitirau lehenbiziko egunean bezalaxe. Hitza, antzinako labe horietariko batean umotua eguzkia bailitzan; hitza, kanpotik bipiak jotako, baina barrutik txukun dagoen armairu horietariko batean bere horretan gordea sagarraren antzera; hitza, oroimenaren ispilu; hitza, ahoaren gozagarri eta sentimenduaren altzoa; hitza, haurtzaroa berreskuratzeko saioa eta saio horren barruan ibiltzeko bidea. Amona eta intxaursalda, Aitona eta pikondoa. Eta gu barruan daramagun umea azaltzeko eszenatokia.

Kontu zaharrotara hurbilduak opil zaporeko eguzkirik, belardi adar jotzailerik, noizbehinkako zorririk edo sarri askotako zorrik topatuko du. Mamia ezezik azala ere oso kontuan hartu beharrekoa baita, nola esaten den zer esaten den adinakoa delako. Atxagak berak aitortua, Gabriel Aresti, Joseba Sarrionandia eta Joxe Arratibelen liburuekin berealdiko ustegabeak jaso omen zituen. Eta Atxagaren hitzetan “haurrek eskoletan Arratibelek idatzi duen bezalako liburuak irakurri beharko lituzkete eta ez egun irakurtzen dituzten erdara gordinetik itzulitakoak”.

Liburu zaindu honek Iturriren azala du, barnealdean Miel Anjel Elustondok fraile beneditar honi eginiko elkarrizketa dakar, egilearen haurtzaroa, etxeko eta garaiko giroa edo bizitzan zeharreko joan-etorriak eta bizipenak ezagutu ahal izateko; eta jarraian ipuinak, kontu zaharrak, giltzapeko kutxa eskuzabalak. Batzuk bere aita eta amari edo beste senideren bati entzunak bezala emanak, tartean herrikoiak eta bertsio anitzekin… baina esateko eran Arratibelenak. Eta ipuinarekin bateratsu poesia, bi jenerook eten, tentsio (indar kontrajarrien elkar aurkitze) eta detaile salagarri eta liluragarrien kume. Eta oroz gainetik, irudiaren gardena eta hitzaren iturri.

Ipuin tradizionalak altxor preziatuak dira, galderen pausalekuak, azpian bizi-bizirik mitologia dagoelako: herri eta kultura bakoitzak duen bizimodu eta pentsamoldearen, hots, mundua antolatzeko eta interpretatzeko moduaren azalpena, eta ez fantasiazko ipuin bilduma hutsala.

Euskal ipuinetara itzuliz, bi dira, batez ere, indarra hartzen duten puntuak: alde batetik, ikuspuntu mitikoa bere kosmogonia propioarekin eta bestetik, ahozko literatura, herri xeheak mendez mende eta ahoz aho ehotutako bertsogintza.

Honatx, bada, Joxe Arratibelen kontu zaharren usaia eta gozoa, oroimen landua eta herri jakintza.

Azken kritikak

Narrugorrik
Ixiar Rozas

Peru Iparragirre

Lera
Castillo Suarez

Maialen Sobrino Lopez

Hezitopia
Nora Salbotx

Joxe Aldasoro

Atzerakarga
Fermin Etxegoien

Asier Urkiza

Manifestu filosofikoa
Agustin Arrieta Urtizberea

Aritz Pardina Herrero

Ene Jesus
Ramon Saizarbitoria

Mikel Asurmendi

Datorren udan ez gara hemen biziko
Ane Zubeldia Magriñá

Maialen Sobrino Lopez

Zazpigarren gizona
John Berger / Jean Mohr

Peru Iparragirre

Olibondoaren herria
Markel Elortza

Mikel Asurmendi

Ene Jesus
Ramon Saizarbitoria

Asier Urkiza

Ehulearen hilobia
Seumas O'Kelly

Nagore Fernandez

Izan gizona
Aritz Galarraga

Nagore Fernandez

Gurea falangista zen
Alberto Barandiaran

Mikel Asurmendi

Termita
Garazi Albizua

Maialen Sobrino Lopez

Artxiboa

2026(e)ko azaroa

2026(e)ko urria

2026(e)ko iraila

2026(e)ko abuztua

2026(e)ko uztaila

2026(e)ko ekaina

2026(e)ko maiatza

2026(e)ko apirila

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2026(e)ko

Hedabideak