kritiken hemeroteka

8.808 kritika

« | »

Sarean leiho / Juan Kruz Igerabide / Alberdania, 1994

Poema ikustea Amaia Iturbide / Euskaldunon Egunkaria, 1995-04-16

“Sarean leiho” (Alberdania, 1994 eta aurtengo Kritika Saria) Juan Kruz Igerabideren azken emaitza poetikoa dugu, bide luze baten emaitza ezbairik gabe. “Notre-Dameko oihartzunak” (Elkar, 1984), “Bizitzarekin solasean’ (Elkar, 1989), “Begi-niniaren poemak” (Erein, 1992) eta “Egun osorako poemak eta beste” (Pamiela, 1993) dira bere aurreko poema liburuak, zeinetan zehar era batera edo bestera, inplizitoki zein explizitoki, haikuaren bide zidorrak lantzen ihardun duen.

“Begi-niniaren poemak” umeentzako haikuak ziren, besteak beste haur literaturari buruzko saioetan ere ibili izan den irakasle honen eskutik etorriak. Oraingo honetan, hots, “Sarean leiho-n” helduei zuzendurik daude poemok eta aforismook. Izenburua bizitzaren metafora da, sareak bide dibergenteak gurutzatzen baititu eta leihoak egoera korapilatsuen ondoko espazio zabala ekar bailezake, behin egileari berari ulertu ahal izan nionez.

Lehenengo zatiak “Haiku ximurrak” du izena, eta orri xurian zehar euri tanta soilak bailiran labandurik doazen ahapaldi txiki eta gardenok ikusi-irakurri eta gero hobeto sentituko dugu zer den haikua. Haikua ekialdeko poesia mota bat da (Igerabidek ez dio itxurari edo silaba kontaketari erreparatu, baizik eta arimari) nitasunik eta aurreritzirik bakoa, hasiera batekoa, harritzeko gaitasuna duena, oihartzun singlea, lokarri biluzia hala nola arkua eta geziaren artekoa, irudi-higidura iheskor eta berezkoa, ikutu eta zirrara xumekoa, mina barik mindura gordetzen duena barre arropa zintzilikatu baten modura, nolabaiteko inozentziaz eta zoriontasunez estalia… Bigarren zatiak (“Laino artean: Felipe Juaristiri oihartzun”) bi idazle hauen arteko konplizidadea adierazten du. Hirugarren eta azken aldean, “Alter egoaren mintzoa-k” egileak poesian sinesten duela frogatzen digu. Igerabiderentzat poesia ispilu sakona da, zeinengandik etengabe edan baitaiteke, jakinduriazko tapiza, irakurketaz zeharkatua, eta gelditzen den izarra.

Bestaldetik, Juan Kruzek zubigintzan dihardu, haikua (sentiberatasunaren poesia eta ekialdetik etorria) eta aforismoa (pentsakizunezkoa eta sartaldekoa) txirikordatzen baititu, eta hizkuntzarekiko etxekoitasuna eta ez-inongotasuna elkartu. Felipe Juaristik bezala, eta Mikel Lasaren bidetik, euskal tradiziotik ikasten du, baina era pertsonal batez, tokian tokitasunetik eta zigilutik urrunduz, arnas hedatuago eta unibertsal baten bila, horregatik kopla zaharren ordezko zaizkio haikuak eta aforismoak errefrauen lekuko.

Segidan adierazi nahi dudana ilustratzeko Gastón Baquero poeta kubatarraren hitzak aukeratu ditut: “Lo que cuenta y lo que queda en definitiva, si queda, es el poema en sí. Por eso es tan difícil hallar buenos lectores de poesía. Lo habitual es que la gente se distraiga con el asunto y no vea el poema, o no se dé cuenta de que lo que está admirando es el poema en sí, que se impone por su propia entidad y realidad, libre de lo real antecedente. No todo el mundo ve el poema, y mucho menos la poesía”. Hori da, hain zuzen ere, niretzat poesia gardena, poema ikusten uzten duena eta Juan Kruzen poesia, Felipe Juaristirena bezala, gardena da.

Azken kritikak

Datorren udan ez gara hemen biziko
Ane Zubeldia Magriñá

Maialen Sobrino Lopez

Zazpigarren gizona
John Berger / Jean Mohr

Peru Iparragirre

Olibondoaren herria
Markel Elortza

Mikel Asurmendi

Ene Jesus
Ramon Saizarbitoria

Asier Urkiza

Ehulearen hilobia
Seumas O'Kelly

Nagore Fernandez

Izan gizona
Aritz Galarraga

Nagore Fernandez

Gurea falangista zen
Alberto Barandiaran

Mikel Asurmendi

Termita
Garazi Albizua

Maialen Sobrino Lopez

Ehulearen hilobia
Seumas O'Kelly

Ibon Egaña

Hezitopia
Nora Salbotx

Mikel Asurmendi

Emakume oinutsa
Scholastique Mukasonga

Ainhoa Aldazabal Gallastegui

Deiadarraren antologia bat
Rakel Pardo Perez

Asier Urkiza

Herrenaren promesak
Maite Aizpurua / Infinitudrama

Nagore Fernandez

Lazarraga, Ernazimentua euskaraz
Pruden Gartzia

Mikel Asurmendi

Artxiboa

2026(e)ko urria

2026(e)ko iraila

2026(e)ko abuztua

2026(e)ko uztaila

2026(e)ko ekaina

2026(e)ko maiatza

2026(e)ko apirila

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2026(e)ko

2025(e)ko abendua

Hedabideak