kritiken hemeroteka

8.765 kritika

« | »

Tene Lehiaketa 1994 / Askoren Artean / Elkar, 1994

Eskaintza interesgarria Juan Luis Zabala / Euskaldunon Egunkaria, 1994-09-11

Urtero legez, aurtengo edizioan parte hartutako ipuinik onenak biltzen dituen liburua eman dute argitara Tene Mujika lehiaketaren arduradunek, Elkar argitaletxearen laguntzaz. Pello Esnalen “Larru-ikara” hautatu zuten epaimahaia osatzen duten Edorta Jimenez, Andoni Egaña eta Xabier Mendiguren Elizegik lehen posturako, eta Esnalen ondoren Patxi Zubizarreta eta Ander Izagirre izan ziren bigarren eta hirugarren sailkatuak, “Amodiozko zorabioa” eta “Haragikeriak” lanekin hurrenez hurren. Aipatu hiruron lanez gain, beste bi egile ere izan dira liburu horetan ipuin bana argitaratzeko ohorea izan dutenak: Joxemari Urteaga eta Ainhoa Aranguren.

Pello Esnal euskara garbi eta ulerterrazaren alde agertu izan da beti, eta halakoxea da, noski, bere lanean ageri duena. Baina hala ere irakurleari ipuinaren mamia apurka-apurka argitzen dion kontaketa modua da ipuin labur eta trinko honen ezaugarririk aipagarriena. Ipuingintzako tailerretan irakasle lanetan ibilia omen da zarauztarra, eta ez dirudi, ez, txarra izan behar duenik langintza horretan.

Patxi Zubizarreta erotismoaren munduan barneratu zaigu, sexuaren eta amodioaren arteko mugak ikertzen dituen ipuin batekin. Kontatu beharrekoa kontatzeko lotsarik edo beldurrik gabe aritzen da, “lurrin, izerdi, sexu eta hazi usainarekin” girotutako lan gordin baina, era berean, malenkoniatsu eta erromantiko honetan.

Gaur zortzi komentatu nuen “Susa” aldizkariaren 32. alean Ander Izagirreren ipuin bat irakurri nuen, eta “Tene Lehiaketa 94” honek egile gazte honen beste lan bat jarri dit begi aurrean: lehiaketako hirugarren postua eta 18 urtetik beherakoentzako saria eman dizkion “Haragikeriak”. “Umore beltzez beteriko istorio kanibal are beltzagoa” da ipuina, liburuaren kontrazalean irakur daitekeenez. Halakoxea da, bai. Ez dago exajeraziorik baieztapen horretan, ondoko pasarte honek argi erakusten duenez: “Esklerotika gogorrak bere haginei egindako erresistentzia zoragarria da, baina azkenean hura bentzutu eta begi globoa lehertu egin da aho barnean; eztandaren ondorioz begi barruko likido eta umoreak Andresen mihi, aho-sabai eta haginetan zehar isuri direlarik. Jatunaren aurpegia antzaldatu eta argitu ere egin da, orgasmo keinu irribartsu bat eratuz, begirada txuri, infinituan galduta, begia izandakoaren umore beltz mukitsu bat ezpainetatik kokotsera astiro-astiro labaintzen zaiola”. Jakinaren gainean zaudete. Zeuena da aukera, zeuek ikusi ipuinaren arriskuei aurre egiteko moduan ote zaudeten.

Joxemari Urteagak 1936ko gerra dakarkigu gogora, haur baten ikuspegitik, “Barruruntz atera ginen” izenburu poetikoa duen ipuinean. Gauza gehiegi kontatu nahi izan du, eta ordenatzen ez du erabat asmatu, baina baditu ipuinak distira sortzen duten hainbat elementu.

Ainhoa Arangurenen “Maitatu nahi eta ezin”, berriz, irakurlea negarrez eginarazteraino hunki dezakeen amodio eta desamodiozko ipuina da, erromantiko eta inozo samarra aukeran baina ederki kontatua.

Herri asko dira ipuin lehiaketak dituztenak, baina Tene Mujika lehiaketak badu beste askoren gainetik jartzen duen sona eta prestigioa. Sona eta prestigio horren arrazoietako bat urteroko argitalpen hau da, dudarik gabe: era askotako ipuinak, estilo diferentetakoak, baina edozein irakurlek zerbait interegarri aurkitzeko moduko eskaintza nolanahi ere. Aurtengoa ez da salbuespen izan.

Azken kritikak

Barne zerbitzuak
Katixa Agirre

Amaia Alvarez Uria

Zure arnasa zaintzeko
Nerea Balda

Joxe Aldasoro

Ni, laiko
Markos Zapiain

Aritz Pardina Herrero

Zure bazterrekoak
Cesare Pavese

Asier Urkiza

Termita
Garazi Albizua

Nagore Fernandez

Argazkiaren erabilera
Annie Ernaux

Maialen Sobrino Lopez

Café Mokka
Jabier Muguruza

Mikel Asurmendi

Etxe arrotz hau
Olatz Mitxelena

Irati Majuelo

Basatiak
Maria Reimondez

Ainhoa Aldazabal Gallastegui

Zerua hemen
Oihana Arana

Paloma Rodriguez-Miñambres

Sekularizazioa Euskal Herrian
Joxe Manuel Odriozola

Mikel Asurmendi

Garondoan
Gorka Bereziartua

Asier Urkiza

Mundu guztiak
Ruben Sanchez Bakaikoa

Nagore Fernandez

Kantu leuna
Leila Slimani

Maialen Sobrino Lopez

Artxiboa

2026(e)ko uztaila

2026(e)ko ekaina

2026(e)ko maiatza

2026(e)ko apirila

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2025(e)ko abendua

2025(e)ko azaroa

2025(e)ko urria

2025(e)ko iraila

2025(e)ko abuztua

Hedabideak