kritiken hemeroteka

8.615 kritika

« | »

Sex abaroa / Paddy Rekalde / Txalaparta, 2000

Sex abaro beroa Diego Martiartu / Euskaldunon Egunkaria, 2001-06-16

Paddy Rekaldek ez lidake barkatuko lerro hauek idazterakoan lekaime jantzi eta, gurutzefika esku batean eta luma bestean, sor Kritika rola neureganatuko banu. Abitua ez baina bainujantzi hutsean eta hondartzan irakurri nuen nik Sex Abaroa, eguzkipean, etzanaldi batean, alemanek eta ingelesek hartutako kala goxo hartan… Orduan sentitutakoa pentsamendu bihurtu eta hitzetan paratzen ahaleginduko naiz jarraian. Hemen izanik hara naiz.

Gure herrian Zahar Etxe zaharrari deitzen zitzaion Abaroa. Oraingoa, berriz, Zaharren Egoitza dugu: eraikin moderno dotorea, euskal hizkuntza modernoak bataiatua. Noan harira. Kontua da Paddyk jakin eragin zidanean bere liburu berriari Sex Abaroa izenburua jarri ziola, ba pentsatu nuela atso-agureen arteko lizunkeriez ari zela… Psikiatrikorako bidean ote idazle deustuarra?

Paddyren liburuetan barrena bidaiatzeko, garagardo hotza dukezu konpainiarik onena. Ez dut esango ezinbestekoa denik, baina bai lagungarria, eta garagardoa Boll-damm markakoa baldin bada, ba hainbat hobeto. Kala hartako txiringitoan bazeukaten. Bat eskuratu eta banan-banan garandu nituen liburuko poema guztiak. Oraindik ere liburuko 58. orrialdean itsatsita daukat latazulotik ihes egin zidan garagardo-bitsaren arrastoa.

Ugari dira kale eta tabernazuloetan, alkoholez blai, gertatzen diren sex-enkontruak liburuan zehar. Amodio platonikoak ariman eragiten dituen kobazuloen gainean ezer ere ez. Paddyk kalea bizi du, hiriko kale gorria, eta halakoak dira deskribatzen dizkigun haragizko andantzak ere, gorriak. Gaua eta taberna-giroa maite duenak berehala egingo ditu bere Sex Abaroa-ko pasadizo indartsuak. Azpimarratzekoa da, alde horretatik, Paddyk irakurlearekin bat egiteko daukan ahalmena. Aizu! eta aizue! berbak behin eta berriro errepikatzen dira autorearen idazlanetan, ez Sex Abaroa-n bakarrik, baita Aizu, Paddy! eta Whiskey koloreko gauak ipuin-liburuetan ere. Eta irakurtzen ditugun bakoitzean atximurka egiten digu idazleak, konturatu eragiteko irakurleon parte-hartzea derrigorrezkoa dela kontatzen zaigun istorioa itxi eta arnasa har dezan.

Alferrik abiatuko zara liburu honetan similkadentzia edota epanadiplosien bila, poema hauek biluzik daude-eta, larru gorritan, soberako apaingarri barik. Izan ere, sexua bera eranztean datza janztean bainoago, ezta? Irakurterrazak dira, bai horixe, baina hori, zer edo zer izatekotan, idazlearen meritua da, inguru-bazterretan barra-barra ikusten diren poema sasi-akademiko ulergaitz horiek arrotz gertatzen zaizkigulako gutako hilkor askori eta askori.

Zinez diot: horrelako poemei esker, hankabikook, egunero kaka egiten dugunok, adiskidetu egin gara poesiarekin, eta hori ez da, ez, hontzaren gauerdiko puzkerra. Paddyri berari entzun nion behin Bukowski eta Sarrionandiari esker hurbildu zela poesiara. Etor bitez halako hamaika gehiago gure baratzera!

Liburuak irudi eder askoak dakartza; hori bai, urrunera igartzen da emakumeak ikaragarri gustatzen zaizkion batek aukeratu dituela. Eta zer? Paddy ezagututa ezin zitekeen besterik espero. Ager bitza gizon ederrak gizonezkoak gustuko dituenak, edo txakur ederrak txakurzaleak… Ala politi-kokil xuxen jokatzen ibili behar dugu egun santu osoan?

Eguzkia bateko, Sex Abaroako pasadizo bero-hezeak besteko, liburuaren azken orriak aletu nituenean ohartu nintzen hankarteko sumendia aktibatuta neukala. Uretan sartu arren, kanpin-dendak ez zuen behera egin nahi. Toaila gerriaren bueltan lotu eta harkaitzetarantz inguratu nintzen. Han, harkaitz arteko abaroan, jendartetik urrun, Sex Abaroa liburua 58. orrialdean zabaldu eta ene barnetik zetorren olatuari kanporako bidea egiten utzi nion. Esan nahi baita garagardo-bitsaren arrastoarena metafora bat zela, aizu!, metafora bat!

Azken kritikak

Izen baten promesa
Hedoi Etxarte

Asier Urkiza

Zubi bat Drinaren gainean
Ivo Andritx

Aritz Galarraga

Panfleto bat atzenduraren kontra
Pello Salaburu

Mikel Asurmendi

Denboraren zubia
Iñaki Iturain

Aritz Pardina Herrero

Etxeko leihoak unibertsora
Alba Garmendia Castaños

Irati Majuelo

Izen baten promesa
Hedoi Etxarte

Joxe Aldasoro

Zahartzaroaren maparen bila
Arantxa Urretabizkaia

Aiora Sampedro

Aizkorak eta gutunak
Edorta Jimenez

Mikel Asurmendi

Amorante frantsesa
Miren Agur Meabe

Ainhoa Aldazabal Gallastegui

Oroi garen oro
Beatriz Chivite

Maialen Sobrino Lopez

Ahanzturaren aingerua
Maja Haderlap

Asier Urkiza

Espekulazioak
Arrate Egaña

Nagore Fernandez

Dena zulo bera zen
Eider Rodriguez

Txani Rodríguez

Azken batean
Lourdes Oñederra

Mikel Asurmendi

Artxiboa

2025(e)ko abendua

2025(e)ko azaroa

2025(e)ko urria

2025(e)ko iraila

2025(e)ko abuztua

2025(e)ko uztaila

2025(e)ko ekaina

2025(e)ko maiatza

2025(e)ko apirila

2025(e)ko martxoa

2025(e)ko otsaila

2025(e)ko urtarrila

Hedabideak