« Gerra garaia | Numeroak eta jolasa »
Gerla urte, gezur urte / Pablo Fermin Irigarai "Larreko" / Pamiela, 1993
Kronika gaitza Xamar / Euskaldunon Egunkaria, 1993-12-26
Zenbaitetan eleak eskas dira eta motz gelditzen; zenbaitetan mintzoa trakets eta dorpe bilakatzen zaigu —dugu— sentimendu batzuk adierazi nahian; egungo honetan hala gertatu zait Larrekoren eskuizkribua irakurtzerakoan sentitutakoak azaldu beharrez.
Jakin badakigu Herriak aro latzak iragan dituela historian zehar, horietarikoak ditugu 1936-40 arteko urteak.
Gertaera haiek pairatu zituztenen oroimenak han-hemenka plazaraturik daude jadanik, baina orain karrikaratzen den liburuaren muntarik ez genuen bat ere ezagutzen.
Hasteko ez da oroitzapen sorta bat, eguneroko hertsitasun eta lanjer handien kronika bizia baizik: “…adixkide batek deitu ninduen erraten zidala: “Zuretzat bakarrik idukazu, baño jakin dut salatua izandu zarela gudulari-buruzagia baitara…””, gertaera larriak izan ahala papereraturik, pairaturik.
Larrekok Iruñean ixuritzen du bere etsipena, faszismoaren gibelaldian: “Iruñeko egunkarietan iru irakurgai euskarazkoak agertu dire; nik uste, adiarazteko ek ere euskaldunak direla, euskara maite dutela eta maitatu gogo dutela?”, beti ere euskaltzale begiz, duikabe. Ez zuen onartu ahal izan mintzoaren erabilpenari uko egitea. “Ni ere, euskaraz zerbeit egiteagatik, orri oken zikintzen asi naiz; baldin gudu untarik bizirik ateratzen bagara, euskaldungoarenak eta euskararenak ez dakit nola aterako diren. Orduan egin ez badezakegu, orai, aldi untako oroigarri gisaz bedere izan dadiela”, eta ohartzen bide zen bere ausardiak ekar ziezaiokeen ondorioaz: “Norbaitek baleki zer idazten ari naizen, berriz ere salatuko ninduten, nik uste”.
“Gerla urte, gezur urte” ez da soilik ezagutzen ditugun gertaera batzuen kontaketa; bakezale eta euskaltzale baten aburu eta pentsamenduak, egoerari buruzko azterketak eta dudak, minak eta kezkak, usteak eta esperantzak ikus ditzakegu; horretan datza liburuaren balioa.
Denbora iraganik errex ikusten dugun historia… baina bizitzeko gaitza zen izan, arras. Egoerak kontraesan handiak sortu zituen eta Larreko haien erdian zegoen. Katoliko sutsu eta Iruñeko apezpikuaren sendagile eta adixkidea izanik ere, ez zen itsutu elizaren ekintzen aitzinean: “…uste nuen prediku lekutik ez dela gisa ortan egin bear: Elizari ez dagokio gorrotoa piztea eta ez gorrotoan iraunaztea ere…”.
“…errelijioaren indarrez edo laguntzaz egiten dela gudua adiarazteko, egunkariek ez dute aldi onik uzten egia ori aizatzeko, nabarmentzeko eta besteen sudurrak jotzeko…”.
“…Oraiko aldian nik ez dut begi onez ikusten apez jaunek daramazkiten bideak…”.
Elizaren jokaerak lazki irauli zuen Larrekoren barea, behin eta berriz aipatzen baitu urteetan barna. Baina oroz gain Euskararen egoera eta geroak zuten kolpatu:
“…emendik aitzina iñor ez da oroituko, emen, euskaldunik izan ote den ere…”.
“…Eta euskara zer? Ai, ei, ai eta miletan ai! Oraiko aldian, Nafarroan beñipein, euskararenak egiten ez badu, euskaldungoarenak bai; ori ezabaturik geldituko da. Eta baldin mendiz beste aldetik ez bazaigu xertoa eldu, gureak egin du…”.
“…Debeku latza! Idatzi ez, mintzatu ez! Sarri, deiturak itzulikatu bearko… Zertaratu garen!”.
Halako giro nahasian gertatzen zenaz jabetzea ez zen bat ere erreza, jakinbide desberdinetara jo beharra zegoen eta hala ere ez fida soberan:
“…guduari doazkonak ez dezazket zuzenik jakin; baño, aoz ao dabiltzanak bedere emanen ditugu…”.
“…Paristik radioz, Romatik radioz eta beste zenbeit lekuetarik ikasten ditugu gorrien berri zenbeit; baño berriak nork ematen dituen eta arabera gorritzen edo gezurtatzen omen dituzte, emengo egunkarien arabera”.
“…Gudu urte gezur urte baida, agian gezurra izango da … “.
“…Radioz, berriz, batzuen berriak bertzeek gezurtatzen; betidanik, guduetan ori izan omen da; egiazko gudu bat eta gezurrezko beste bat…”.
Aditu eta bildutako guziaren artean berri anitz baliosak ziren militarki:
“…arratsaldean gudalketa gaitza juana da mugetara; Endarlazatik asi eta Errorkariko Izabarañoko mugak begiratzeko…”.
“…ehun eta herrogeitamar kamion estalkirik gabe baziren Iruñe inguruko bide zabaletan, gudularien karreatzeko…”.
Harrapatua izan balitz, honek ez zukeen segurki bere egoera hobetuko.
Eta egu batez gerla ere bukatu zen: ” …Nolako ondorioak izango ote ditugu? Guztiak txarrak, baño ez guztientzat berdin. Euskal erriko jendea makurrago geldituko ote da? Ni beldur naiz, ainitzen biotzetan, euskalduneri dioten gorrotoak iraun dezan edo geiagotu. Ni beldur naiz apez jaun geienek, orai artio izandu diren bezala, beartsuak baño aberatsak maiteago izango dituztela…”.
Baina ez da hortan guzia fini, zeren Europa eta harekin mundu osoa lehertzeko zorian baitzeuden; hortaz ere luze idatzi zuen eta, maiz, herrien arteko istilu eta zalaparta ditu mintzagai:
“…Erresumen arteko eztabaidak gero ta minkiago daude, Europa erdiko erresumak Austria, Sudetes, Checoa-Slovaquia, Ukrania Alemaniak bildu ditu”.
“Ez dakit nora goazin, Alemania nagusituko azkenean… Franziaz ere”. [1939. urtean idatzia].
“…Diario de Navarra beti ari da Alemania eta Italia laudatuz eta goratuz; aspaldidanik lan ortan dago. Aldiz Franzia, Inglaterra eta Ipar Amerika aier ditu…”.
“…[Hitler] Gogoeta bitziak dituena! Bere baitan bearrezkoa omen du venganza era zigortzea: baten iltzea izan daiteke egintza on bat. Errialde xaharrak ondatu bear omen dire zerbeit onik andik ateratzeko. Gudua omen da gizonaren bere izatea…”.
“….Baña, baña, alemandarretan izango da, ori ala baldin bada, argi ikusiko dutenak Hitler jaunak burua xilaturik daukala…”.
“…Alemania, Italia, Japon, andimaundikeriaz joak daude eta ezin egon zerbeiti oldartu gabe…”.
Hasmentan erran bezala ez dut elerik “Gerla urte, gezur urte” zer den adiarazteko, horregatik Larrekori, berari eman diot hitza, bere kronikaren tanta eskas zenbait dasta zenezan. Egun batez argitaratuko zela espero zuen Larrekok, baina ezin asmatu zuen mende erdia iraganen zela, ez eta Iruñeko argitaletxe batek plazaratuko zuela ere.
Gu zorionean gaude, galdutako pitxi bat berreskuratuko dugulakotz; landu gabekoa baina, oi! bai ederra! Ez da goi literatura izanen, ez baitzen hori izan Larrekoren helburua; hala ere, segur naiz, oraidanik bertze maila batean ikusiko dugula Auritzeko idazlea.
Francesco Pasqualeren bosgarren arima
Unai Elorriaga
Asier Urkiza
Kanbodiako enbaxada
Zadie Smith
Nagore Fernandez
Herriaren hezkuntza eta demokrazia
Nadezhda Krupskaia
Jon Jimenez
Coca-Cola bat zurekin
Beñat Sarasola
Joxe Aldasoro
Etxe bat norberarena
Yolanda Arrieta
Mikel Asurmendi
Rifqa
Mohammed el-Kurd
Irati Majuelo
Loak ezkutatzen duena
Patxi Zubizarreta
Aiora Sampedro
Gari eta goroldiozko
Anari Alberdi Santesteban
Mikel Asurmendi
Itsaso amniotikoa
Oihane Jaka
Asier Urkiza
Hau ez da gerra bat
Mikel Ayllon / Piszifaktoria Ideien Laborategia
Nagore Fernandez
Gurpilak
Eztizen Artola Iturrate
Jon Jimenez
Gizon barregarriak
Joxean Agirre
Hasier Rekondo
Detaile xume bat
Adania Shibli
Irati Majuelo
Barkamena existituko balitz bezala
Mariana Travacio
Ainhoa Aldazabal Gallastegui