kritiken hemeroteka

8.402 kritika

« | »

Norbait dabil sute-eskaileran / Harkaitz Cano / Susa, 2001

Ihesean Ana Urkiza / Euskaldunon Egunkaria, 2001-06-09

Norbait dabil sute-eskaileran Harkaitz Canoren bigarren poema liburua da. Lehenengoak Kea behelainopean bezala zuen titulu, eta zazpi urteko distantziak banatu dituen bi poema liburu hauen artean, beste zazpi liburu argitaratu ditu: ipuinak, kronikak eta eleberriak tarteko.

Canoren azken lana da eskuarteko hau. Azkena, denboran azken argitaratu delako, eta azkena halaber, segur aski, New Yorkera egindako bidaiaz idatziko duen azkena izan daitekeelako. Norbait dabil sute-eskaileran poema liburua aurretik idatzitako Pasaia blues eleberriarekin eta Piano gainean gosaltzen kronika liburuarekin trilogia osatzera dator. Hiru lanetan trinkoena badateke ere, Norbait dabil sute-eskaileran poema liburuan, poeta kameraren objektibo atzean babestu dela nabarituko du irakurleak. Piano gainean gosaltzen kronika liburuan idazlea New Yorkeko gizartean bere burua ezagutzera eta deskribatzera heldu bazitzaigun ere, oraingoan, gizarte horrekiko ikuspuntu objektiboagoa hartuko du, ikuspegi kritiko eta zorrotzagoa erabiliz.

Honakoan, Canoren poesia narratiboa dela esan daiteke, objektibotasun horren erakusgarri. Poetari ez zaio interesatzen barne sentimenduak edo Nia erakustea, bizitzaren inguruko hausnarketa egitea baino.

Gizaki ez perfektuak dira Canoren pertsonaiak. Ezkutuan agerian baino gehiago duten pertsonak. Sute-eskailera, gizaki ez perfektuek beren miserietatik ihes egiteko erabiliko duten bitartekoa da.

Erbestera joan denak, bidaiariak, begi ezberdinekin dakusa bisitatzen duen herrialdea. Kanpotik begiratzen duenak ikusten duena izoztu dezake. Erradiografia bat atera eta aztertu. Horretarako denbora hartu. Baina poetak badaki, erradiografiatutako jendearentzako ezin dela denbora gelditu eta ateratako argazkitik egindako analisiak ere ez duela balio. Hauentzat, bizitza egunerokotasuna da, eta poeta, egunerokotasun hori erretratatzen duen kritikoa. Hortik ateratzen ditu Canok argazki hain surrealistak.

Harkaitzek New Yorken beste gizarte mota batekin egin du topo. Beste bakardade bat bizi du, beste harreman batzuk egin ditu, estratifikazio sozial ezberdina ezagutu du… eta aspektu horiek guztiak ditu geltoki.

Norbait dabil sute-eskaileran poema liburuak hiru atal ditu. Sismografia da lehena: poetaren barrunbea gehien antzematen den atala apika. Barne-munduaren argazki instantaneoak eskaintzen dizkigu honetan Harkaitzek, gauza arruntetan sumatzen duelarik egunerokotasunaren mikaztasuna. Sute-eskaileretan bizi direnak da bigarren atalaren titulua: bigarren zati honetan bi pertsonaia mota nahasten ditu poetak: jende jantzia edo arranditsua batetik, eta jende arrunta bestetik. Denek komunean duten ezaugarria sute-eskaileretan behera ihes egin beharra izango da. Zerbait ezkutatzeko izatea. Honen aurrean, poeta kritikoa da. Canoren begiak gauza oro harrapatzen du, baita detailerik txikiena ere. Hirugarren atala, Brooklynerako hirugarren irteera da, eta hemen, New Yorkeko bizitzaren flash-ak eskaintzen dizkigu. Hango bizimoduaren zeharkako kronikak. Bizitza adabakiak.

Dardaraz mintzo

Dardaraz mintzo zaigu Cano. Bizitza dardararazten duten gauzez, nahiz eta ezkutukoak izan. Nahiz eta ezkorrak izan. Bizitzaren oinarri diren miseriez. Batez ere, gizakiaren ikuspegi eta joera miserableez.

Gauzak sinpleak dira. Baita heriotza ere. Baina badirudi, gauza sinple horiek, egunerokotasunak, ezin duela bere horretan existitu, zerbait izango badira. Egunerokotasunari, bidaztiak eginiko argazki bat-batekoari, iheskortasuna sumatzen zaie.

Poesia fikzioa da, ikasiz goazen fikzioa. Poesia bizitzaren irudi, eta poeta, bizitza horren ikusle edo behatzaile; eguneroko gauzetan erreparatzeko dohaina duen bidaiari pribilegiatua.

Dardarak errepikatu egiten dira. Biziarazi egiten digute. Momentua bizi dugun erakusgarri dira. Poeta, definizioz definizio, hainbat erradiografia atereaz doa.

Kroniketan, poetak, New Yorkeko bizitza gozatuz zihoan sentsazioa eman zigun. Ez hala, poema liburuan. Zinikoa izatera heltzen ez den Canoren azken poema liburuaren irudia ihesbidea da: sute-eskailera. Non gelditu zaizkio ordea pertsonaiak, behin deskribatu eta gero? Bakardadea leuntzeko balio al diote?

Poemen tituluak uharte bakartiak dira Canorengan. Liburuaren itsasoan nabarmendu nahi duten buia igerilariak.

Poema liburu honekin, Canok bere bizitzako ziklo bati amaiera eman diola esan liteke, eta, agian, literatura egiteko modu zehatz bati ere bai. Irakurleari ez zaio oso argi gelditzen, poeta zenbateraino biluzten zaion, zenbateraino zaion ausart biluzte horretan, zenbateraino ezkutatzen duen berak ere, poesiaren atzean, poetaren bisaia.

Poetak bere obran ebidentzian jartzen dituela esan liteke, poema liburuan kritikatzen diren akatsak, akats mingarriak, akats ez fidelak… eta poeta beraren ezkutaleku gazi-gozoak…

Azken kritikak

Etxe bat norberarena
Yolanda Arrieta

Jon Jimenez

Zebrak eta bideak
Nerea Loiola Pikaza

Nagore Fernandez

Zoo
Goiatz Labandibar

Asier Urkiza

Hetero
Uxue Alberdi

Joxe Aldasoro

Euri gorriaren azpian
Asier Serrano

Paloma Rodriguez-Miñambres

Galbahea
Gotzon Barandiaran

Mikel Asurmendi

Bihotz-museo bat
Leire Vargas

Irati Majuelo

Lagun minak
Jon Benito

Mikel Asurmendi

Francesco Pasqualeren bosgarren arima
Unai Elorriaga

Jon Jimenez

Neska baten memoria
Annie Ernaux

Asier Urkiza

Lautadako mamua
Xabier Montoia

Nagore Fernandez

Bihotz-museo bat
Leire Vargas

Bestiak Liburutegia

Rameauren iloba
Denis Diderot

Aritz Galarraga

Neska baten memoria
Annie Ernaux

Paloma Rodriguez-Miñambres

Artxiboa

2024(e)ko azaroa

2024(e)ko urria

2024(e)ko iraila

2024(e)ko abuztua

2024(e)ko uztaila

2024(e)ko ekaina

2024(e)ko maiatza

2024(e)ko apirila

2024(e)ko martxoa

2024(e)ko otsaila

2024(e)ko urtarrila

2023(e)ko abendua

Hedabideak