kritiken hemeroteka

8.799 kritika

« | »

De re philologica linguae uasconiae IV / Alfonso Irigoien / Wilsen, 1993

Lan mamitsua Patxi Salaberri / Euskaldunon Egunkaria, 1993-06-27

Alfonso Irigoien euskaltzain bizkaitarrak “‘De re philologica linguae uasconicae” titulua daraman laugarren liburua eman berri du argitara. Bertan hainbat gai ezberdin jorratzen dituzten artikuluak biltzen dira, euskaraz eta erdaraz idatziak, batez ere ononastikaren (toponimia eta antroponimiaren) eta euskararen normalizazioaren ingurukoak, Arnaut Oihenarten “Atsotitzac edo efravac” izeneko obrari eskainiako txosten luzea ahantzi gabe.
Liburuaren puska eder bat esan bezala toponimia eta antroponimiari eskainia dago. Sail honetan iazko irailean Renon (Estatu Batuetan) izan ziren onomastika ihardunaldietan aurkeztu “Réplicas de topónimos vascos en América y Filipinas (origen y etimología)” txostena azpimarra daiteke, bertan biltzen baitira kolonizatzaile euskaldunek lurralde horietara eramandako Euskal Herriko hainbat toki-izen, bidenabar bakoitzaren etimologia aztertzen delarik. Honekin batera toponimo eta antroponimo mordoxka ukitzen ditu (Pasaiako toponimia, “Camino de Santiagoren” euskarazko ordaina, “idoia” / “udioa”, “aldaia”… eta beste hainbeste, beregan ohizkoa bihurtu den zorroztasunaz.
Sail honetan garrantzi handiko iruditzen zaigu etorki euskalduneko deiturak euskal grafiaz idatzi nahi izateak sortarazten dituen arazoei ematen dien konponbidea, gai hau aurrez pentsa daitekeen baino aise korapilotsuagoa baita, eta eman daitezkeen argitasun guztiak lagungarri baizik ez baitira, gero hartuko den bidea Alfonsok proposatzen duena ez balitz ere, eta egin nahi diren aldaketak hizkuntzaren aldetik zilegi diren epaitu behar dutenak autorearekin bat ez baletoz ere. Liburuko beste txosten luze batek Bilbo euskalduna izan dela garbi uztea du xede, Real Academia Española-ko kideren bat bai Bizkaiko hiriburuan eta bai gainerako Euskal Herri osoan gaztelania euskararen aurretikakoa dela erranez eta antzerako beste bitxikeria batzuk jaulkiz bide baitabil hor barrena.
Liburuaren bigarren zatia dei dezakeguna euskararen normalizazioari eskainia dago, hots, euskal Akademiaren eguneroko zereginean planteiatzen diren auzi linguistiko ugarien gainean autoreak duen iritzia azaltzen da, maiz erresuminak sortarazten dizkion hainbat ateraldi gogor eta purrustada ikusten ditugula. Irigoienen irudiko, kultura klasikoa (kultura eta hizkuntza grekoak bereziki) oso aintzat hartzekoak dira euskara finkatzeko eta lantzeko orduan, autoreak dioenez kultura hori euskaldunak parte garen Europako kulturaren oinarrian dagoelako. Euskaltzain bizkaitarraren ustez, grekeran eta hizkuntza honetan edan duten Leiçarragaren moduko euskal idazle klasikoen lanetan oinarritu behar dugu berak “standard demokratiko” deitzen duena gaindituko lukeen goi-mailako euskara jasoa moldatu ahal izateko.
Laburbilduz, lan mamitsua dugu berriz ere esku artean, onomastika arloan ari direnentzat irakurri gabe ezin utzizkoa, eta ikusten eta irakurtzen ohiturik gauden hizkeratik urruntzen den euskara dotore-berezia dastatu nahi duenarentzat egokia, Euskaltzaindiak finkatu arauak puntu batzuetan errespetatzen ez badira ere, eta gure moduko ez-jakinek behin baino gehiagotan grekerazko hiztegiaren premia izanen badute ere, hitzen esnahia behar bezala ulertuko badute.

Azken kritikak

Termita
Garazi Albizua

Maialen Sobrino Lopez

Ehulearen hilobia
Seumas O'Kelly

Ibon Egaña

Hezitopia
Nora Salbotx

Mikel Asurmendi

Emakume oinutsa
Scholastique Mukasonga

Ainhoa Aldazabal Gallastegui

Deiadarraren antologia bat
Rakel Pardo Perez

Asier Urkiza

Herrenaren promesak
Maite Aizpurua / Infinitudrama

Nagore Fernandez

Lazarraga, Ernazimentua euskaraz
Pruden Gartzia

Mikel Asurmendi

Zure arnasa zaintzeko
Nerea Balda

Maialen Sobrino Lopez

Hondoaz galde
Jon Sarasua / Mikel Artola

Mikel Asurmendi

Zirtak su. Hasieran bazen hitza
Maite Lopez Las Heras

Joxe Aldasoro

Erroen izerdia
Jone Bordato

Mikel Asurmendi

Zerua hemen
Oihana Arana

Maddi Galdos Areta

Odisea
Homero

Aritz Galarraga

Etxe arrotz hau
Olatz Mitxelena

Maialen Sobrino Lopez

Artxiboa

2026(e)ko urria

2026(e)ko iraila

2026(e)ko abuztua

2026(e)ko uztaila

2026(e)ko ekaina

2026(e)ko maiatza

2026(e)ko apirila

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2025(e)ko abendua

2025(e)ko azaroa

Hedabideak