kritiken hemeroteka

8.822 kritika

« | »

Zapataren oihana / Iñigo Aranbarri / Susa, 1997

Mexikoren magia Felipe Juaristi / El Diario Vasco, 1997-06-28

Zapataren oihana Mexikoko hegoaldean dago gutxi gora-behera, La Candonan hain zuzen, eta haraino joan zen Iñigo Aranbarri, EZLN-koek gonbidatuta, oihanean bertan bildu baitzituzten lagun asko, beren asmoak eta politika azaltzeko. EZLN-koak “zapatistak” dira, oso ezagunak egin ziren duela urte batzuk, oihanetik irten eta herri bat hartu zutenean. Harrezkero, haien buru edo egiten duena, “Markos Komandantea”, ospearen lorearen usaina aditu zuen, komunikabideek lagunduta noski.

Iñigo Aranberrik La Candonara egindako bidaia kontatzen digu. Oaxaca-tik hasita, munduko hiririk ederrena egilearen hitzetan. Han autobus bat hartu eta hegoaldera joango da. La Candonarekikoak egin ondoren iparraldera berriro, Mexiko D.F.-ra, eta hor amaitzen da bidaia, eta horrekin batera liburua.

Niri gustagarria egin zait liburua. Idazketa du erakargarriena: esaldi laburrak, zehatzak, zorrotzak, baina era berean lasaiak. Barojak ere halaxe idazten zuen. ¡Barojak! Ez da galtzen erretorika hutsaletan, subjetibitate alferrekoetan, gogoeta errepikakorretan. Esan behar duena esaten du, behar diren hitzak erabiliz, ez gehiago eta ez gutxiago: hitz justuak. Polita da autobusean sartuta dagoelarik, handik ikusten duenaren deskribapena, poetikoa neurri handian. Izan ere, liriko askoa da liburua, ez soilik deskribapenetan. Giroa esango nuke dela hartaratzen duena. Giro berezia Mexikokoa: ele zaharrak, legendak, mitoak, ametsak, hildakoekiko begirunea eta neurri berean biziekiko larderia… Magiaren laino artetik sortua dena, edo ia dena. Istorioa ugari kontatzen ditu egileak, bidaiarenarekin nahasten ditu. Horregatik da liburu hau bidaia xoilaren kontaera baino zerbait gehiago. Literatura dago, eta ona, liburu borobil honetan, erreportaiaren eta saiakera antropologikoaren artekotza har daitekeena.

Iñigo Aranberrik, dena dela, ez du ahazten zerk bultzatu zuen Lacondanara joatea. EZLN-ko kongresu edo biltzarra deskribatzen digu, haien ahots bihurtzen da gurera denean. Ironia ere badago, noski; ironia biguin eta inozoa batzuetan, berak badakiela non den, nondik etorria den, adierazteko balio duena. Sentiberatasuna ere bai, egilea bera liluratuta utzi duten pertsonekikoa. Eta lilura hori ondo azaltzen daki, kutsatzeraino nonbait.

Azken kritikak

Sorbatza
Markel Sanchez

Asier Urkiza

Dakigun hori
Garazi Arrula Ruiz

Nagore Fernandez

Ipuinak eta antzezlanak
Lourdes Iriondo

Amaia Alvarez Uria

Ezezagunak trenean... irakurtzen
Miren Billelabeitia

Paloma Rodriguez-Miñambres

Dakigun hori
Garazi Arrula Ruiz

Mikel Asurmendi

Narrugorrik
Ixiar Rozas

Peru Iparragirre

Lera
Castillo Suarez

Maialen Sobrino Lopez

Hezitopia
Nora Salbotx

Joxe Aldasoro

Atzerakarga
Fermin Etxegoien

Asier Urkiza

Manifestu filosofikoa
Agustin Arrieta Urtizberea

Aritz Pardina Herrero

Ene Jesus
Ramon Saizarbitoria

Mikel Asurmendi

Datorren udan ez gara hemen biziko
Ane Zubeldia Magriñá

Maialen Sobrino Lopez

Zazpigarren gizona
John Berger / Jean Mohr

Peru Iparragirre

Olibondoaren herria
Markel Elortza

Mikel Asurmendi

Artxiboa

2026(e)ko azaroa

2026(e)ko urria

2026(e)ko iraila

2026(e)ko abuztua

2026(e)ko uztaila

2026(e)ko ekaina

2026(e)ko maiatza

2026(e)ko apirila

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2026(e)ko

Hedabideak