kritiken hemeroteka

8.402 kritika

« | »

Korapiloak / Jasone Osoro / Elkar, 2001

Maitasuna puzzle bat da Ana Urkiza / Euskaldunon Egunkaria, 2001-04-28

Maitasuna puzzle bat da izeneko ipuinaren titulua da Jasone Osororen bigarren ipuin liburuaren giltza. Maitasuna, elementu ezberdinez eta beraien artean zerikusia edo harremana duten aldagaiez osatzen da: sexua, obsesioak, grinak, nahiak, tentazioak, desirak, mendekuak… Horiexek maitasunaren osagaiak, horiexek gure bizitza mugiarazten dutenak, horiexek Osororen liburu berriaren osakinak.

Maitasuna jolasa da, puzzlea osatzen ari garenean bezala, gure bizitzaren ardatz diren elementuen bila aritzen garelako, hots, gure bizitzako korapiloak deskorapilatu nahian. Eta Jasoneren ipuin liburu berria ere jolasa da, irakurleak pertsonaien arteko korapiloak antzeman eta deskorapilatuz joan beharko baitu.

Biluzik eta korapilatuta agertzen den bikote baten argazkiak bataiatzen duen liburuaren azal erakargarriak, 17 ipuin eta beste horrenbeste poemaz osatutako egituraketa eskaintzen du. Poemek ipuinen sarrera edo laburpen gisakoa egiten dute eta ipuinei ukitu poetiko bat ematen diete. Poema oso sintetikoak dira, zuzenak eta grafikoak.

Ipuinen zein poemen tituluak laburrak eta hotzak dira: erakargarriak oso. Bihurgunerik gabeko istorioak kontatzen dizkigu Osorok, egilearen estiloa bera bezalakoak.

Obsesioak: irrealak ala errealak?

Egunerokotasunaren eta absurduaren artean mugituko da Jasone, esperpentikoak ere badirelarik maiz bere ipuinak. Sarreran dute indarra batez ere, hasierako lehenengo lerroetan harrapatzen duelarik egileak irakurlea. Ipuinen sarrerak gogorrak, absurduak eta irrealak egingo zaizkio irakurleari.

Liburuak obsesioak ditu bestalde mintzagai. Bai idazleak eta baita irakurleok ere bizi eta sentitzen ditugun obsesioak. Obsesioak, bere horretan, irrazionalak dira, ezin dira arrazoitu. Eta arrazoitu ezin horretan kokatzen ditu egileak ipuinak, irakurleari sinesgarri egiten zaizkiolarik.

Pertsonaia anitzek osatzen dituzte istorioak. Badute Osororen pertsonaiek, halere, ezaugarri bat. Behin baino gehiagotan agertzen dira. Istorio ezberdinetan barrena korapilatzen dira.

Anonimoak dira bestalde istorioak. Pertsonaien izenak badakizkigu; baina ez dakigu non bizi diren, ez zaigu beraien arteko harremanez hitz egingo… Obsesioak dira elkartzen dituzten zioak. Irakurlea, idazlearekin batera, pertsonaia anonimo hauen bizitzetan sartuz doa, atean deitu gabe beren etxeetan sartuz, pertsonaia bakoitzaren intimitatean barneratu eta hango kontuak jakinez. Irakurlea voyeur bilakatzen du idazleak. Irakurlea, hasieran, ez da konturatzen, eta gero, beranduegi da. Ordurako jakinmina sortu zaio. Pertsonaien bizitzan barrena bidaiatzeko gogoa piztu zaio. Telebista pantailaren aurrean balego bezala kontenplatuz ezagutu dituen bizitzen edo pertsonaien bizitzek norantz egingo duten jakin nahiko du. Istorioak nola bukatuko diren. Azkenean, irakurleak berak bukarazi beharko du liburua. Hau da, idazlearen irrazionaltasunari, irakurleak berak jarri beharko dizkio mugak, eta berak aurkitu beharko ditu azalpenak.

Osorok korapiloak damaizkio irakurleari eta irakurlea da istorioak deskorapilatzen jakin behar duena. Pertsonaien etxean eta istorioetan ikusten duguna, bestalde, gu geu gara. Egileak, geure obsesioak eta nahiak kaleratzen lagunduko digu. Denoi gertatzen zaizkigu gauza bertsuak; denok ditugu apeta, nahi eta obsesio bertsuak. Baina voyeur baten ikuspuntua hartuta, errazagoa egiten zaigu apeta, nahi eta obsesio horiek guztiak onartzea.

Jostatzeko egina

Osoro tabuak apurtzera datorkigu. Tabuen aurrean geure buruak desestaltzen laguntzera. Hortik azaleko bikotearen biluztasuna. Maitasunaren ikuspegi gehienak tabu egiten dituzten aspektu gehientsuenak ukitzen ditu Jasonek: tentazioa, desira, bekatua, gutizia… Eta inolako babesik gabe idatziko du berauen gainean. Zuzen. Lotsagabekeria eta ausardia zirikatzaile puntu nahasi batez.

Korapiloak liburua deskribapenez josita dago. Gorputz atalen deskribapena batetik, eta isuriaren likiskeria bestetik. Ukimena eta batez ere usaimena dira idazleak jorratu dituen zentzuak.

Erritmo eta egitura zaindua du Osororen liburuak. Bere Tentazioak lehenengo liburua bezala, honakoa ere ipuin laburrez jositako liburua da; irakurterraza egiten da, baina bigarren honetan, heldutasun literario nabarmena azaldu du.

Liburu oso gomendagarria jostarientzat: bai literaturarekin jolastea gustuko dutenentzat, zein sexua tapakirik gabe ulertzen dutenentzat. Osororen istorioetan korapilatzen den irakurleak egun berean irentsiko du liburua.

Sexuaren gaineko tabuak apurtzeko beharra edo nahia duenari egileak ez dio formula magikorik emango, baina irakurleak elkarren artean nahasiz doazen pertsonaien istorioetan ikusi ahal izango du bere burua ispilatua. Zer hobeto nork bere obsesioak beste batengan haragituta ikustea baino?

Distantziatik, gauza guztiak dira eramangarriagoak, baita ezkutukoenak diren norbere sekretuak ere.

Azken kritikak

Etxe bat norberarena
Yolanda Arrieta

Jon Jimenez

Zebrak eta bideak
Nerea Loiola Pikaza

Nagore Fernandez

Zoo
Goiatz Labandibar

Asier Urkiza

Hetero
Uxue Alberdi

Joxe Aldasoro

Euri gorriaren azpian
Asier Serrano

Paloma Rodriguez-Miñambres

Galbahea
Gotzon Barandiaran

Mikel Asurmendi

Bihotz-museo bat
Leire Vargas

Irati Majuelo

Lagun minak
Jon Benito

Mikel Asurmendi

Francesco Pasqualeren bosgarren arima
Unai Elorriaga

Jon Jimenez

Neska baten memoria
Annie Ernaux

Asier Urkiza

Lautadako mamua
Xabier Montoia

Nagore Fernandez

Bihotz-museo bat
Leire Vargas

Bestiak Liburutegia

Rameauren iloba
Denis Diderot

Aritz Galarraga

Neska baten memoria
Annie Ernaux

Paloma Rodriguez-Miñambres

Artxiboa

2024(e)ko azaroa

2024(e)ko urria

2024(e)ko iraila

2024(e)ko abuztua

2024(e)ko uztaila

2024(e)ko ekaina

2024(e)ko maiatza

2024(e)ko apirila

2024(e)ko martxoa

2024(e)ko otsaila

2024(e)ko urtarrila

2023(e)ko abendua

Hedabideak