kritiken hemeroteka

8.822 kritika

« | »

Koioteren arrastoa / Edorta Jimenez / Susa, 2006

Hegazkin txartela Aritz Galarraga / Gara, 2007-03-24

Ezin uka mutur okerrarekin ekin niola Koioteren arrastoa liburuaren irakurketari. Bai, zer egingo zaio, aurreiritziz josia nago: ez ditut oso gustuko koiote, txaman eta enparauen istorioak. Mitologia horren guztiaren idealizatzea batez ere. Eta euskaldunok Europako indioak izatearen kontu hori, bada, ez zait eztarritik behera pasatzen. Hala ere, gauzak zer diren, ez dugu horrelakorik batere aurkituko Edorta Jimenezen azken lanean. Klixe eta debaldeko arinkeriak ahaztu. Horren ordez, irakurtzen oso atsegina den kontakizun bizi bat eskaini digu idazle mundakarrak, bere xumean, harritzen gaituen horietakoa. Onerako harritu, bistan da, esperientzia propioetatik edaten baitu gehiago, estereotipoetatik baino. Bidaia liburutik baitu gehiago, antropologia azterketa gordinetik baino.

Zehatz dezagun liburu honetan bidaia konkretu biren kontakizuna egiten dela, 2002an lehenik eta 2005ean gero, Kalifornia, Nevada, Idaho eta Kolorado estatuetan zehar egindako bidaiena, hain zuzen ere. AEBetan barrena ibiliko gara beraz, Edorta Jimenez gidari. Eta istorio ezberdin horietan hainbat gai-ardatz bereiz ditzakegu: euskal jatorriko amerikarrak batetik, amerikar zuriak bestetik eta jatorrizko indiarrak azkenik. Hiru (?) kolektibo horien berri ematen zaigu orriotan, modu pertsonalean, partzialean nahi bada, baina liburuak ez du ageri beste zerbaitetarako intentziorik ere. Ez du ezeren sintesi edo laburpen izan nahi, ezpada esperientzia pertsonal batena. Eta horrek egiten du azken batean Koioteren arrastoa zintzo eta interesgarri.

Jatorrizko indiarren historia eta gaur egungo egoerari eskaintzen zaie arreta berezia, Paiute eta Ni Mi Pui tribuenari bereziki. Idazleak sorturiko irudiaren arabera, galtzeko zorian den mundu oso baten jabe dira indioak, urteetan zehar eraso eta bakanduak, zurientzako bake eta turistentzako bazka izateraino. “Honelako herri bat bere azkenetan ikustean gure herria gogoratu zait”. Konparazioa behin baino gehiagotan egiten da edo egin daiteke bederen: “menderatua eta bere historiaz gabetua izan den beste orok bezala, hauek ere iragan eta iraganekoak berrasmatu beharra ukan dute”. Ni Mi Pui indioez ari da.

Eta ez dezagun ahantz bestearen irudia eraikitzean norberarena ere eraikitzen dela. Zentzu horretan, idazlea ausart, kurioso eta zenbaitetan, zergatik ez esan, aurreiritzidun agertzen zaigu. Behatzen duen horrekiko begirada pelikulek eta telebistak baldintzatua dela aitortzen duenean, esaterako. Baina ez dio uko egiten kezka eta hausnarketak azaltzeari, zalantzakor agertzeari, iritzia emateari. Tarteka gainera, bera da ikuskizun bilakatzen dena, bertakoentzat ikuskizun. Hau guztiau idazkera fresko, apunteen gisako ia eta arin batez idatzia egoteak are gustagarriago egiten du Koioteren arrastoa narrazioaren irakurketa.

“Bidaiak eroso bilakatu direnetik” idatzi zuen Ernst Bloch filosofo alemanak, “ez zaituzte hain urrun eramaten”. Hala ere, gutxi dute erosotik Edorta Jimenezen AEBetako bidaiek. Horretaz jabetzeko “Colorado Springs aireportuan” kontakizuna irakurtzea besterik ez dago: “Atzean datozenen artean aztoramena. Jasonek diosdana, gizon hau burutik dago, eta nire artean lehenago berak esandakoa mamurtzen dut, mundua ibili gabeak garela; begira orain, nora garamatza honek, hau ez da hotelerako bidea, diotsat Jasoneri”. Baina are gutxiago dute erosotik, erosokeriatik, Edorta Jimenezen AEBetako kontakizunek. Egiaztatu nahi duenak hementxe du, esku-eskura, hegazkin txartela.

Azken kritikak

Sorbatza
Markel Sanchez

Asier Urkiza

Dakigun hori
Garazi Arrula Ruiz

Nagore Fernandez

Ipuinak eta antzezlanak
Lourdes Iriondo

Amaia Alvarez Uria

Ezezagunak trenean... irakurtzen
Miren Billelabeitia

Paloma Rodriguez-Miñambres

Dakigun hori
Garazi Arrula Ruiz

Mikel Asurmendi

Narrugorrik
Ixiar Rozas

Peru Iparragirre

Lera
Castillo Suarez

Maialen Sobrino Lopez

Hezitopia
Nora Salbotx

Joxe Aldasoro

Atzerakarga
Fermin Etxegoien

Asier Urkiza

Manifestu filosofikoa
Agustin Arrieta Urtizberea

Aritz Pardina Herrero

Ene Jesus
Ramon Saizarbitoria

Mikel Asurmendi

Datorren udan ez gara hemen biziko
Ane Zubeldia Magriñá

Maialen Sobrino Lopez

Zazpigarren gizona
John Berger / Jean Mohr

Peru Iparragirre

Olibondoaren herria
Markel Elortza

Mikel Asurmendi

Artxiboa

2026(e)ko azaroa

2026(e)ko urria

2026(e)ko iraila

2026(e)ko abuztua

2026(e)ko uztaila

2026(e)ko ekaina

2026(e)ko maiatza

2026(e)ko apirila

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2026(e)ko

Hedabideak