kritiken hemeroteka

8.737 kritika

« | »

Mailuaren odola / Aingeru Epaltza / Elkar, 2006

Maisuaren tinta Ibon Egaña / Berria, 2007-01-21

Aurreiritzi birekin (gutxienik bi aitorgarrirekin) ekin dio irakurleak Epaltzaren Mailuaren odola irakurtzeari. Nobelagileari dion estimu handia, batetik, eta eleberri historikoari genero bezala dion erreparoa, bestetik; azken hau ezezagutzan oinarritua, ziurrenik (gehi edonor atzera botatzeko moduko azala, bidenabar esanda).

Nobela historikoa da, esana da, Epaltzaren azkena, Nafarroako erresumaren azken mendea bilduko duen Erresuma eta fedea trilogiaren lehen atala. Eta pentsatu du irakurleak garai historikoaren hautapenean eta jorratzeko maneran asmatu duela iruindarrak, gurean mitoz eta klixez josiriko eta ideologiek gorri ala beltz marraztutako garai historikoaren berrirakurketa proposatzean. Interesgarri gertatu zaio erresumaren garaietara begiratzeko modua ere: batailetan bainoago eta haiekin batera giro eta garai oso baten birsorkuntza egiten jakin duelako egileak, xehetasunik txikiena ere ongi zainduz, dokumentazio lan eskerga eginda, eta pertsonaien egunerokotasunari, bizitza arrunteko aspektuei arreta emanda. Iragarritako porrot baten kontakizuna egitean, epikaren gainbeheraren testigantza ere (eta hein batean parodia) egin du Epaltzak, saihestuz orobat gizartearen eta pertsonaien arteko banaketa zurrun eta manikeoa (hain ohikoa historiaz mintzatzean), eta bistaratuz zenbait erabaki indibidual nahiz kolektiboren ausazkotasuna.

Nobela historikoa da Epaltzarena, baina pertsonaia nagusi baten inguruan eta haren garapenean ardaztua. Pertsonaiaren hautapenak eta nolakotasunak ere baldintzatzen du, beraz, nobelaren eitea, eta horretan ere Epaltza fin ibili dela pentsatu du irakurleak. Ez Albret ez Borboi (baina bai haien itzal) eta ez gizon ez ume den Joanes Mailu protagonista eta narratzaile izanik, bere izaera bitarikoak, itzalpekoak, sasikoak aukera anitz zabaltzen dizkio narrazioari: batetik, mutikoaren bizitzarako iniziazioaren urratsak eta horrek dakarzkion gatazkak mahaigaineratzen dira, eta bestetik, Mailuxkaren izaera sasikoak senide arteko harremanetan arakatzera darama idazlea (ama-seme harremanak, anai artekoak, Kain eta Abel gogora), era berean desegokituaren, sustraigabetuaren psikologian eta gizarte harremanez hausnartzera.

Ispilu eta simetria jokoak (Migel Mailu-Henrike II.a, Joanes Mailu-Henrike III.a), paralelismoak, aurki-ifrentzu jokoak erruz baliatzen ditu Epaltzak eta horietan oinarritzen da (bere beste lan zenbaitetan bezala) nobela egituratzerakoan ere, haiei etekin joria atereaz, baina —berriz eskergarri— manikeismorik gabe. Bi plano narratiborekin (Joanes Mailuren lehen pertsonako narrazioa, eta hura leitzen duen Axularren beranduagokoa) egiten du jolas halaber, nobelari euskal literaturaren historiak izan ez duen corpusa sortzera jolas eginez. Agian plano bien arteko hari horiek fruitu gehiago eman lezaketela (edo datozen aleetan emanen dutela) etorri zaio irakurleari, baina, gainerakoan, maisuki lotu direla hari narratibo askotariko eta anitzak.

Epaltzaren honetan saihestezina zaio irakurleari hizkuntzaren edertasuna goraipatzea: metaforak (esaldiko bana ia), konparazioak, lexiko aberastasuna, sintaxi jostaria… hizkuntzaren plastikaz gozatzeko liburua ere badelako Mailuaren odola; baina horrexek eragozten dio, susmoa du irakurleak, abentura nobela soila irakurri nahi duenak eskatzen duen erritmo bizitasuna izan dezan.

Mailuaren odola amaitu eta pentsatu du irakurleak aurreiritzi bat berretsi zaiola, Epaltzaren nobelarekiko maisutasuna, alegia, eta bigarrena erabat uxatu ez badu ere (generoarekiko mesfidantzarena), jakin duela gozatzen sail horretakoa bide den lan honekin. Aurreiritzien gainetik. Edo azpitik.

Azken kritikak

Erbeste
Juan Garzia

Asier Urkiza

Barne zerbitzuak
Katixa Agirre

Maialen Sobrino Lopez

Biba gorriac!
Imanol Murua Uria

Mikel Asurmendi

Mundu guztiak
Ruben Sanchez Bakaikoa

Patxi Iturregi

Terraza debekatua
Fatima Mernissi

Amaia Alvarez Uria

Poesia kaiera
Elizabeth Bishop

Irati Majuelo

Godoten esperoan
Samuel Beckett

Aritz Galarraga

Esaterik ez dagoenaz
Fito Rodriguez

Iñaki Lopez de Luzuriaga

Bazter utzietan
Karlos Linazasoro

Hasier Rekondo

Gari errearen urrina
Fertxu Izquierdo

Paloma Rodriguez-Miñambres

Mundu guztiak
Ruben Sanchez Bakaikoa

Mikel Asurmendi

Zaldi bat
Maddi Ane Txoperena

Maialen Sobrino Lopez

Zerua hemen
Oihana Arana

Asier Urkiza

Café Mokka
Jabier Muguruza

Nagore Fernandez

Artxiboa

2026(e)ko maiatza

2026(e)ko apirila

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2025(e)ko abendua

2025(e)ko azaroa

2025(e)ko urria

2025(e)ko iraila

2025(e)ko abuztua

2025(e)ko uztaila

2025(e)ko ekaina

Hedabideak