« Euskalgintza dela-eta | Kontsumoaren kulturari parodia »
Ez dadila eguzkia sartu / Martin Etxeberria / Xabier Etxeberria / Elkar, 2006
Historiaren istorioa Aritz Galarraga / Gara, 2007-01-20
Watergateko auziari buruzko artikulu bat irakurtzen ari nintzela sortu zitzaidan zalantza. Artikulu horretan aipatu konplota azaleratu zuten Bob Woodward eta Carl Berstein kazetarien ibilbidearen errepasoa egiten zen. Lehena metodikoa omen zen. Intuitiboa bigarrena. Elkarrekin idatzi zuten, adibidez, All the President’s Men, Nixon presidentea kargutik kentzea bideratu zuen horixe. Baina artikuluan planteatzen den galderak hortxe zirauen oraino: nork zekien idazten, Woodward edo Bersteinek?
Etxeberria anaien kasuan zalantza gutxiago daudela dirudi, beren bibliografiari erreparatuta behintzat: Xabierrek eleberri bat du idatzia, Egun denak ez dira berdin (2001). Martinek, aldiz, poema bilduma pare bat: Katiluaren ipurdia (1999) eta Bizikleta bat egingo dut zure izenarekin (2005). Eta elkarrekin, aurretik ere, beste nobela bat idatzi dute, Itxoidazu Café de Passy-n (2004), haur eta gazteentzako zenbait lanekin batera. Hala ere, nobela bat lau eskutara idaztearenak misterio bat izaten jarraitzen du. Egunen batean Etxeberriatarrak beren memoriak idaztera animatzen badira, jakingo dugu egia berdaderoa.
Aipatutako lehen tandem-nobelak kutsu autobiografiko samarra bazuen ere, Ez dadila eguzkia sartu honetan Gerra Zibileko garaietara egin dute salto idazleek, futboleko euskal selekzioak 37. urtean eta Europan zehar jokaturiko hainbat partida oinarritzat hartuta. Nobelaren ardatz, beraz, gerrako lubakitik atera dituzten futbol jokalarien bidaia dugu. Kirol bidaia, baina baita politikoa ere. Eta existentziala, nolabait deitzearren. Kirol bidaian, Europako hainbat futbol talderen aurka egindako partidak, Paris, Praga, Varsovia, Moskun zehar. Dokumentazio lan handia atzetik eta lokuzio eta kronika itxurako testuak. Politikoan, aldiz, “beste fronte batean” borroka, “gerraren ondorioz erbesteratu diren euskal haurrentzat dirua biltzea” helburu eta ezkutuago, “nazioartean beste aldera begira dauden guztiak begirada Euzkadira ekartzea”.
Garrantzitsuena, ordea, bidaia existentziala da, bidaiarien barne bidaia. Kepa Areso selekzioko jokalari eta liburuko protagonista nagusiak islatzen ditu ondoen gerra baten erdian egindako “kirol” espedizio horrek sorrarazten dituen kontraesanak. Ondorengo paragrafoan agerian geratzen dira, nabarmen: “Egin behar dudana egiten ari naizela pentsatu nahi dut. Nahiz eta askotan, hau guztia utzi eta berriz herrira itzultzeko gogoak izaten ditudan. Ez dakit ahalegin honek zerbaitetarako balio izango duen azkenean. Ez ote nengoen hobeto lubaki hotz haietan hegazkinei tiro eginez”. Zalantzak are ageriago, Bilbo eroritakoan: “guztiak zentzua galdu duela dirudi”. Eta oroz gain “hura guztia bidaia baino gehiago ihesa ez ote zen susmoa”.
Bidaiak aurrera egin ahala, gainera, gauzak okertu egiten dira: espedizio-kideen hasierako batasuna pixkanaka hondatzen da, barne desadostasunak sortzen dira kanpotik datozkien berrien ondorioz. Eta espedizioaren baitan sator falangista bat dagoela konturatzen dira. Horixe da nobelan garatzen den korapilo-hari bakana, Areso protagonistak bizi dituen bi maitasun istorioekin batera. Gutxitxo agian eta nahiko azaleko. Liburuak hobeki eutsiko lioke interesari garapen gehiago eta sendoagoekin. Baina goraxeago aipatutako galderak planteatzen dira behintzat, egileen hitzetan, “Historiaren istorio” izan nahi duen nobela honetan. Eta errealitate eta fikzioaren uztarketatik sortzen dira gerra orok sortzen dituen galderak egin nahi dituen nobela honetako momentu atseginenak.
Emakume oinutsa
Scholastique Mukasonga
Ainhoa Aldazabal Gallastegui
Deiadarraren antologia bat
Rakel Pardo Perez
Asier Urkiza
Herrenaren promesak
Maite Aizpurua / Infinitudrama
Nagore Fernandez
Lazarraga, Ernazimentua euskaraz
Pruden Gartzia
Mikel Asurmendi
Zure arnasa zaintzeko
Nerea Balda
Maialen Sobrino Lopez
Hondoaz galde
Jon Sarasua / Mikel Artola
Mikel Asurmendi
Zirtak su. Hasieran bazen hitza
Maite Lopez Las Heras
Joxe Aldasoro
Erroen izerdia
Jone Bordato
Mikel Asurmendi
Zerua hemen
Oihana Arana
Maddi Galdos Areta
Etxe arrotz hau
Olatz Mitxelena
Maialen Sobrino Lopez
Gatazka eta abusua ez dira gauza bera
Laura Macaya / Hamaca
Amaia Alvarez Uria
Sasi arteko sugarrak
Sebastian Gartzia Trujillo
Hasier Rekondo
Agerre
Juan Luis Zabala
Mikel Asurmendi