kritiken hemeroteka

8.783 kritika

« | »

Ragga-ragga dator gaua / Paddy Rekalde / Susa, 2006

Azala eta… mamia? Aritz Galarraga / Gara, 2006-11-18

Baieztapen honekin ez dut ezer berririk esango agian: Paddy Rekalderen literatur ibilbidearen berri duenak badaki zer aurkituko duen Ragga-ragga dator gaua nobelan. Gaztea naiz (gero eta gutxiago, hori ere egia da) eta nahi adina irakurtzeko aukerarik ez dut izan, zoritxarrez. Horrexegatik, edo auskalo zergatik, Rekalderen aurreko libururik irakurtzeko plazerik ez dut izan, baina literatura egiteko molde batekin, estetika jakin batekin lotu izan dut betidanik deustuarraren obra. Eskuartean dudan narrazioak konfirmatu egin dizkit aurretiko usteak: bazterrekoaren erretratua, hiriaren bertsio ez-ofiziala, agintari eta jauntxoen aurkako diskurtsoa… hori guztia taberna, alkohol eta tabako giro hertsigarrian.

Joxan Uriarte, boxeolari izandako morroia, dugu liburuko protagonista nagusia. Azkenaldian negozio nahiko ilunetan sartuta ibili da Galizia aldean eta aitaren heriotzak ekarri du Coruñatik Bilbora. Ez, noski, motibo horrek bakarrik, istorioak aurrera egin ahala igarri ahal izango diogun bezala. Bilbora itzultzearekin batera, iraganeko oroitzapenak berritu egingo zaizkio gogoan, oroitzapen atseginak eta, besteren gainetik, gaiztoak: Txerra lagunaren hilketa, Agirre jelkide harroaren jauntxokeriak, Bombita boxeolari ohiaren ibilera herrenak, Asun zerbitzariarekin izandako istorioa… etengabe arituko da Joxan iraganera bisita egiten, baita Galiziako iragan hurbilagora ere: Bibirengana arrimatu zenekoa, Susorentzat egindako “lantxoak”, Urbano Lugris agure pintorearen oruxoa eta abar.

Horiekin batera, eta horien paraleloan, narrazioan pisu handia dute Txirene fikziozko irrati libreak han-hemenka barreiatzen dituen notiziek: haurdun zegoen Sokhna etorkinaren heriotzak edota Jon Bengoa euskal presoaren suizidioak nagusiki. Notizia hauek betiere, eta hemen daukagu izenburuaren argibidea, Fat Boy Slim, Shaggy, Toots and the Maytals edota Linton Kwesi Johnsonen abestiez lagunduta, abestien letrez lagunduta etorriko dira. Ragga doinuak uhinetan barrena beraz, dub, reggae, ska doinuekin batera. Narrazio nagusitik aparte samar geratzen diren testu zati horietan agertzen zaigu modu agerienean liburuak nahi lukeen espiritu kritikoa, etorkinen eta preso politikoen gaiak ukitzen baitira, modu kritikoan ukitu ere. Hala eta guztiz, nahiko era artifizialean gehitzen dira txatal inkonformistok, gainerakoan, testuaren hari nagusiak apenas ematen baitu disidentziarako aukerarik.

Behin liburua irakurrita, irudipena daukat Ragga-ragga dator gaua nobelan kontatzeko moduari, azalari garrantzi handiagoa eman zaiola mamiari baino, hau da, idazleak, bereizgarri dituen ezaugarriei fidel izateagatik akaso, albo batera utzi dituela bestelakoak. Ezen kontakizuna bestela nahiko laua baita, gorabehera handirik gabekoa. Nire iritzian korapilo konplexuagoak eskatzen ditu, pertsonaia garatuagoak, kontraesankorragoak. Mami gehixeago falta duela, alegia. Ez dut uste gainera, literatura egiteko modu hau, galtzailearen, baztertuaren, ezkutukoaren estetika hau berria denik euskal irakurlearentzat. Paddy Rekalde beraren saiakerak hortxe daude, horren adibide. Baina indar guztia azalean jarrita, honek ezer berririk ekartzen ez duenean…

Sorpresarako tarte gutxi aurkitu diot Rekalderen azkenari. Nobelaren bukaeratik bertatik hasita: aspalditxotik igartzen ahal zen gisa horretan akabatuko zela. Gauzak horrela, Paddyren aurreko lanak irakurtzeko gogo bizia sortu zait, iritzi kontrastatu batek esana baita “bizirik sentitzen ahal denaren eta bizirik sentiarazten duenaren indar sendoaz” idatzitakoak direla.

Azken kritikak

Etxe arrotz hau
Olatz Mitxelena

Maialen Sobrino Lopez

Gatazka eta abusua ez dira gauza bera
Laura Macaya / Hamaca

Amaia Alvarez Uria

Sasi arteko sugarrak
Sebastian Gartzia Trujillo

Hasier Rekondo

Agerre
Juan Luis Zabala

Mikel Asurmendi

Narrugorrik
Ixiar Rozas

Mikel Asurmendi

Honekin egin nahi duzuna
Itziar Agirre Sagaseta

Maialen Sobrino Lopez

Zaldi bat
Maddi Ane Txoperena

Mikel Asurmendi

Fakirraren ahotsa
Harkaitz Cano

Mikel Asurmendi

Itzala
Maixa Zugasti

Maialen Sobrino Lopez

Itzala
Maixa Zugasti

Mikel Asurmendi

Turismoa
Asier Basurto Arruti

Maialen Sobrino Lopez

Garondoan
Gorka Bereziartua

Mikel Asurmendi

Geratzen dena
Ione Gorostarzu

Maddi Galdos Areta

Mirande, herriminez, ezin-minez
Jon Mirande

Mikel Asurmendi

Artxiboa

2026(e)ko iraila

2026(e)ko abuztua

2026(e)ko uztaila

2026(e)ko ekaina

2026(e)ko maiatza

2026(e)ko apirila

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2025(e)ko abendua

2025(e)ko azaroa

2025(e)ko urria

Hedabideak