kritiken hemeroteka

8.811 kritika

« | »

Abestitzak eta poema kantatuak / Xabier Lete / Elkar, 2006

Doinu existentzialak Iratxe Retolaza / Berria, 2006-11-19

Genero joria (izan) da euskal literaturan kantu-hitzen bildumena, kantutegiena. Hastapenetako bilduma haiek batez ere ahozko literaturaren gordailu eta euskarri izan nahi zuten. Tradizioaren harroin.

Dena dela, urte honetan kantutegiak moldatzeko beste bide bat indartu da, tradiziozko kantutegien asmoetatik urrunxe, tradiziozko kantutegien ikuskeraz beste. Kantutegi hauetan ez dago tradiziozko jardunak sorturikoa biltzeko asmorik, kantutegi hauetan egiletzaren aldarrikapena egon badago, eta halaber, poetaren eta kantu-egilearen arteko muga lauso hori besarkatzeko asmorik bada.

Horregatik, kantutegi hauetara bildu dira bai musikarako sorturiko hitzak, bai musikaturiko hitzak. Bide horri heldu zion Koldo Izagirrek Teilatuko lizarra bilduman, eta bide horri heldu dio Xabier Letek berri-berriki argitaraturiko Abestitzak eta poema kantatuak bilduman.

Egitura orekatuari eutsi dio bilduma honek, orekatu bezain mailakatua. Xabier Leteren hitzaurre zintzo batek zabaltzen du liburua, “Musika batzuk bizitzaren hitzei” deiturikoak. Ondoren, kantu eta poemen bilduma dator, baina hauxe ere mailakatze argi batean: lehenik, “Idazleak berak abestutakoak”; bigarrenik, “Beste abeslariek musikatu eta kantatutakoak”, eta hirugarrenik, “Euskarara itzulitako abesti eta poema kantatuak”. Azkenik, Xabier Leteri egindako bi elkarrizketa eskaintzen dira; bata, 2004. urtekoa, eta bestea, aurtengoa.

Hortaz, liburu honetako orrietan, Xabier Lete kantu-egilearen irudira hurbiltzeko prisma anitz ditugu, foku anitz, txoko anitz. Alde horretatik, liburu hau testigantza aberasgarria da, ahots anitzekoa. Alabaina, bilduma aurkezteko idatziriko orrietan, hitzaurrean, Xabier Letek bere ibilbidearen berri ematearekin batera, bere ibilbidea bera auzitara, ezbaira, zalantzara darama, baina, halaber, ibilbide hori irakurtzeko proposamen propioa egiten digu. Hau da, Xabier Letek kantu eta poemen bilduma ez du biluz-biluzik eman, ahots-aniztasun hau ez du umezurtz utzi, baizik eta haren inguruko hausnarketa eta irakurketa pertsonalak egin ditu, bilduma zeharkatzen duen hari gidari eta jostuna mamituz: begirada existentziala, doinu existentziala.

Horiek horrela, liburu honen lerroarterik gehienetan, eta baita hiru atal nagusietan ere (hitzaurrean, kantu-bilduman eta elkarrizketetan), hari gidari hori hanpatu da, begirada existentzial hori hanpatu da. Hala, batik bat begirada existentzialaren altzora bildu ditu hitzaurrean plazaraturiko kezka guzti-guztiak, bai sorkuntzari dagozkionak, bai kantugintzan harturiko bideei dagozkienak, bai giza-harremanei dagozkienak. Halaber, bildu dituen kantu eta poema kantatu horietan guztietan ere, begirada existentziala da nagusi, tai gabe presente dagoena hitzarte guztietan, kantuen kolpe guztietan. Ezin bestela, azkenaldiko elkarrizketetan ere giza-existentziaren kezka horiek guztiak, bizitzaren eta heriotzaren inguruko estualdi eta patxadak dira mintzagai nagusi.

Ondorioz, bilduma honek Xabier Leteren kantu eta poema kantatuen irakurraldiaz gozatzeko aukera zabaltzeaz gain, Xabier Letek bere buruaz, bere poetikaz, bere kantugintzaz eginiko irakurketa pertsonala eta zintzoa ezagutzeko parada da. Literaturaren historiaren orrietan zabalduriko irudia desmitifikatzera datorrena, eta 60ko hamarkadako Kantagintza berriaren irudia ere zirriborratzera datorrena. Hala, Kantagintza berriaz hitz egitean ahaztuxe edo bigarren planora igarotakoak gogora ekarri nahi izan ditu (Lurdes Iriondo eta Julen Lekuona, besteak beste), zorrak kitatu eta eraginak aitortu; eta bestalde, izan bada kantutegi honetan ahozko literaturaren eta literaturaren idatziaren arteko zubigintzaren aldarrikapenik.

Azken kritikak

Atzerakarga
Fermin Etxegoien

Asier Urkiza

Manifestu filosofikoa
Agustin Arrieta Urtizberea

Aritz Pardina Herrero

Ene Jesus
Ramon Saizarbitoria

Mikel Asurmendi

Datorren udan ez gara hemen biziko
Ane Zubeldia Magriñá

Maialen Sobrino Lopez

Zazpigarren gizona
John Berger / Jean Mohr

Peru Iparragirre

Olibondoaren herria
Markel Elortza

Mikel Asurmendi

Ene Jesus
Ramon Saizarbitoria

Asier Urkiza

Ehulearen hilobia
Seumas O'Kelly

Nagore Fernandez

Izan gizona
Aritz Galarraga

Nagore Fernandez

Gurea falangista zen
Alberto Barandiaran

Mikel Asurmendi

Termita
Garazi Albizua

Maialen Sobrino Lopez

Ehulearen hilobia
Seumas O'Kelly

Ibon Egaña

Hezitopia
Nora Salbotx

Mikel Asurmendi

Emakume oinutsa
Scholastique Mukasonga

Ainhoa Aldazabal Gallastegui

Artxiboa

2026(e)ko urria

2026(e)ko iraila

2026(e)ko abuztua

2026(e)ko uztaila

2026(e)ko ekaina

2026(e)ko maiatza

2026(e)ko apirila

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2026(e)ko

2025(e)ko abendua

Hedabideak