« Hiri nahiz aberri aurrefabrikaturik ez! | Hiria, gizartearen aterpe »
Itsaso aurrean / Bingen Ametzaga / Susa, 2006
Olerkietan tradizio-eusle, itzulpenean berritzaile Iratxe Retolaza / Berria, 2006-07-02
Gaur egun, unean uneko literatur sorkuntzarekiko arreta, harrera eta presa gailentzen da. Halako egoeran, eskertu egiten dira egunerokotasunaren erritmo arina pausatu eta atzeranzko begirada patxadatsurako gonbita egiten diguten irakurgaiak. Eta horrelakoxea da gaur aipagai dudana. Bingen Ametzagaren poema eta poesia itzulpenen bilduma, alegia.
Bingen Ametzaga idazlearen oihartzun urruna besterik ez zitzaidan heldu, eta haren idazlanetara (Hamleten itzulpenera, konkretuki) hurbiltzeko saioa behin baino ez nuen egina, eta hura ere kasualitate hutsez, Hamletekiko zaletasunak gidaturik. Hortaz, Ametzagaren zenbait literatura-lan biltzen dituen argitarapen honek leiho berri bat zabaldu dit, euskal literaturaren iraganerantz eta tradiziorantz hurbiltzeko leiho berri bat. Eta Ametzagaren poemak ezagun zituenarentzat ere bilduma honek irakurketa eta ikuspegi berri bat zabaldu ahal diolakoan nago.
Bilduma honek ezezagun nuen idazle baten testuetara zuzen-zuzenean hurbiltzeko aukera emateaz gain, bi ibilbide (literatur sorkuntza eta literatur itzulpengintza) erkatzeko eskaintza ere eman dit. Eta haren euskal poemak eta poesia itzulpenak hurrenez hurren irakurtzerakoan, ezin uka Bingen Ametzaga aurpegi bikoa izan zenik. Eta Koldo Izagirrek atonduriko hitzaurrean adierazi bezala, bi ibilbide horiek antza ezkonezinak bihurtu zitzaizkionik ere ezin uka. Euskaraz sorturiko poemetan (hobeto esanda, olerkietan) Euzko Pizkundeko olerkarien —bereziki Lizardiren— poetikaren oihartzun zuzena arnas badaiteke ere, hamaika poeten (Chaucer, Shakespeare, Turgenev, Whitman, Wilde eta abar) poemak euskarara bihurtzeko saioetan, berriz, olerkarien poetika estu eta arautu horretatik urrundu egiten da. Beraz, euskal sorkuntzan tradizio-eusle izan zen, ez soilik hasierako urteetan (1919-1936) —ulergarria Euzko Pizkundea puri-purian zegoelako garai hartan—, baita azken aldiko poemetan ere (50eko eta 60ko hamarkadan) —euskal poesian jada bestelako joerak eta berrikuntzak abian jarri ziren arren—. Poesia itzulpenetan, ordea, berritzaile izan zen. Azken honetan ibili zen bereziki trebe, eta sona ere jardun horrek eman zion. Biak ala biak, dena dela, Euzko Pizkundearen seme izatearen ordain. Azken batean, Euzko Pizkundeak euskal sorkuntza bultzatzearekin batera, itzulpengintza ere biziarazi zuen (sariketen bitartez, kritikaren bitartez eta abar), nahiz eta jardun horri behar bezainbesteko garrantzirik eman ez zaion gure tradizioan. Izan ere, Euzko Pizkundeak itzulpengintza ere euskara gaitu eta kultur hizkuntza bilakatzeko premiazko bidetzat zuen. Horra hor Orixeren itzultzaile-jarduna eta itzulpengintzaren inguruko iritziak ere. Eta Ametzagaren poemak eta itzulpenak aurrez aurre geureganatzeko aukera izatean, Euzko Pizkundearen onurak eta gaitzak ere aurrez aurre zabaltzen zaizkigu. Onurak, literatur hizkuntza aberastu eta berritzeko itzulpengintzak duen garrantziaz ohartu zirela; gaitzak, itzulpengintzak eskainitako eredu berri horiek sorkuntzarako baliatu ez zirela.
Ondorioz, euskal literaturaren ibilbideko testu ahaztuak bildu eta berrargitaratzea, ezinbestean, tradizioarekiko solasa zabaltzera dator, eta kasu honetan, berezi-bereziki Euzko Pizkundeaz heldu zaigun irudia zabaltzera dator, gehienetan Euzko Pizkundearen ordezkaririk entzutetsuenen itzalak gainerakoen jarduna apaldu baitu, eta gainerakoen oihartzun hori eten. Horregatik, Ametzagaren bilduma berri hau geure tradizioa berriro ikustatzeko aukera paregabea da.
Emakume oinutsa
Scholastique Mukasonga
Ainhoa Aldazabal Gallastegui
Deiadarraren antologia bat
Rakel Pardo Perez
Asier Urkiza
Herrenaren promesak
Maite Aizpurua / Infinitudrama
Nagore Fernandez
Lazarraga, Ernazimentua euskaraz
Pruden Gartzia
Mikel Asurmendi
Zure arnasa zaintzeko
Nerea Balda
Maialen Sobrino Lopez
Hondoaz galde
Jon Sarasua / Mikel Artola
Mikel Asurmendi
Zirtak su. Hasieran bazen hitza
Maite Lopez Las Heras
Joxe Aldasoro
Erroen izerdia
Jone Bordato
Mikel Asurmendi
Zerua hemen
Oihana Arana
Maddi Galdos Areta
Etxe arrotz hau
Olatz Mitxelena
Maialen Sobrino Lopez
Gatazka eta abusua ez dira gauza bera
Laura Macaya / Hamaca
Amaia Alvarez Uria
Sasi arteko sugarrak
Sebastian Gartzia Trujillo
Hasier Rekondo
Agerre
Juan Luis Zabala
Mikel Asurmendi