« Begirada batera | Sufrikarioa heroismo bihurturik »
Desolamendua / Yasmina Reza (Xabier Iaben) / Igela, 2006
Agurearenak Iñigo Roque / Gara, 2006-06-17
Bakarrizketa luze bat da Yasmina Rezaren liburu hau. Pertsonaia nagusia, Samuel, bere semeari mintzatzen zaio, zaharraren etsipenetik. Samuel etxean den bitartean, semea Pazifikoko uharteren batean galdurik dago, hara-hona etengabean. Semea zoriontsua ei da, eta aitak ezin eraman dezake bizizaletasun hori: “[…] bi-hiru postal leungarri igorri dituzu eta esaten didate, plazer egiten didatelakoan, zoriontsu da”. Izan ere, Samuel erretxinaren irudiko, zoriontasuna txepelkeriaren seinale da, gizaki menderatuarena: “Ezin da izan zoriontsu baten edo, are okerrago dena, zoriontsu izan nahi duen gizon baten adiskidea”. Semea gizon “egokitua” da, aitaren aburuz, eskolan integratu zenetik alferrik galdua. “Sufrimendua saihestea, horixe da zuen jomuga”, esaten dio, gaurko jendekia soraio bizi delakoan. Dena den, semea aitzakia hutsa da, baten bati mintzatu behar baitzaio.
Eta bakarrizketa horren abaroan, Samuelek, lorategian lanean baino baketzen ez den gizon sumindu horrek, bere bizitzaren berri ematen digu, ahoan legarrik ez daukala. Bigarren andreaz, oraingoaz, ez da goxo elekatzen: “Akusatzen nau kexu ibiltzeagatik aldi oro […]”. Bistan denez, hark ez dio gezurrik. Baina Samuelentzat behialako lilura aienatu da, semea bezala, Nancy ere (emaztea) “izaki sozial” bilakatu baita. Bekaitza, heriotzaren hurbila, alferrik bizi izanaren mina igartzen dira jarrera antisozial horretan. Eta misoginia ere hurrean dauka, alaba nolanahika larrutzean, Nancyren edergaien armairua “denboraren aurkako gerraren leizea” izendatzean…
Samuel bakarrik dago jendarte otzanaren erdian. Jendeak erosotasuna baino ez du desio, eta errealitatea ororen gainetik ezartzen du. Jende modu horrek “ez du inolako maila intelektualik”. Eta gizon azpiratua, oro har, txarresgarria da (Nietzsche!): sentimentalkeriak zokoratzen ditu (“[gizakiak] ez du maitatua izan nahi, konkistatu egin nahi du”), eta humanismoaren arras kontrako balioak goresten (“Utzidazu […] intolerantzia goraipatzen, hautaketa eta gizalegerik eza”). Baina, gisa berean, aitortzen digu nostalgiko hutsa dela. Kontraesanak, kontraesanak.
Politikaz ere badu iritzirik gure lagun auzizaleak, eta, burlaizean, feudalismoaren alde lerratzen da. Erlijioa ere berbakizun du. Izan ere, Samuel jatorriz judua da, aurpegiratzen diotenez, ezkutatzen saiatu arren. Haren lagun Arthur Jerusalemera aldatzen denean, Samuel sutan paratzen da; eta haren suhiari ere adarra jotzen dio, sionismoa eta tolerantzia uztartu nahi dituelako. Sinesmenak ez dio, horratik, baretzen heriotzaren mindura, ez morfinatzen gogo-bihotzak. Izatearen eta ez izatearen arteko muga hurbil sumatzen du, zapuzturik.
Irudi du liburua gogoeta beltz eta mingotsen biltoki dela, baina ez da hala. Ironia igarri-igarrian dago, eta agure pipertuaren gordinkeriek barre eragiten diote irakurleari. Umore osasungarri horretatik badu, beraz, liburuak, neskameaz asto beltzarenak esaten dituenean edo pertsonaiaren tinkotasuna desegiten denean. Samurtasuna ere ez du ments, batik bat Genevieve-rekin, lagun handi baten maitalearekin, elkartzen denean. “Zure gizona naiz gaur gauean”, diotsa.
Yasmina Reza antzerki-idazlea da, oso ezaguna Frantzian, eta nabari da liburuan, ezinbestez, debaldeko deskribapenik edo elemelekeriarik ez baitago. Esaldi gogoangarriz beterik dago liburua, iruzkin honetakoak lekuko. Irakurleak, horrenbestez, ez dauka atsedenlekurik. Nihilista ziniko bat aurkituko du irakurleak, lerroarte meharregiko edizio honetan. Zinez gomendagarria.
Emakume oinutsa
Scholastique Mukasonga
Ainhoa Aldazabal Gallastegui
Deiadarraren antologia bat
Rakel Pardo Perez
Asier Urkiza
Herrenaren promesak
Maite Aizpurua / Infinitudrama
Nagore Fernandez
Lazarraga, Ernazimentua euskaraz
Pruden Gartzia
Mikel Asurmendi
Zure arnasa zaintzeko
Nerea Balda
Maialen Sobrino Lopez
Hondoaz galde
Jon Sarasua / Mikel Artola
Mikel Asurmendi
Zirtak su. Hasieran bazen hitza
Maite Lopez Las Heras
Joxe Aldasoro
Erroen izerdia
Jone Bordato
Mikel Asurmendi
Zerua hemen
Oihana Arana
Maddi Galdos Areta
Etxe arrotz hau
Olatz Mitxelena
Maialen Sobrino Lopez
Gatazka eta abusua ez dira gauza bera
Laura Macaya / Hamaca
Amaia Alvarez Uria
Sasi arteko sugarrak
Sebastian Gartzia Trujillo
Hasier Rekondo
Agerre
Juan Luis Zabala
Mikel Asurmendi