kritiken hemeroteka

8.763 kritika

« | »

Ero hiria / Javi Cillero / Alberdania, 2006

Milurtekoaren zain Ibon Egaña / Berria, 2006-04-18

Reno eta milurteko berriaren ataria. Horra Ero hiriako ipuinen denbora-espazio koordenadak ez ezik liburuari batasuna, giroa, kolorea eta usaina ematen dioten bi osagai nagusiak.

“Begiak ireki eta gauza asko ikusiko dituk Renon”. Hala dio ipuin bateko pertsonaia batek, eta ustez deus liluragarririk ez duen hiri ertain horretara zabaltzen ditu begiak Cillerok, eta hiria hartzen du eszenatoki, mikrokosmos oso bat osatzeko abiapuntu, pertsonaia ahaztezinak girotzeko kokagune. Bitxikeriak gertatzen diren hiria da Reno, eta ipuinotan ekintza ikusgarririk eta trama korapilatsurik irakurtzen ez bada ere, hiriaren izaera apartekoak (desertu erdian eraikitako mamu hiria) berezi egiten du bertako egunerokotasuna ere.

Bere aurreko ipuin-bilduman, Hollywood eta biok izenekoan, landutako ipuingintzatik urrundu egin da Cillero oraingoan, nahiz oraingoak harekin ezaugarri zenbait batzan izan. Baina bi erregistroetan ere ipuingile bezala dituen dohain apartekoak utzi ditu agerian bilbotarrak. Ordukoan jolasa, metaliteratura, umorea edo ipuinen bukaera bat-bateko eta ezustekoak ziren liburuaren ikur eta ezaugarri; argitaratu berria den honetan, ipuinek ez dute bat-bateko amaierako danbatekorik eta literaturaren gainean egindako literaturak tarte txikiagoa, ia hutsala du. Lan honetan giro bat eraikitzea bilatu du Cillerok, eta milurtekoaren amaierak ekarritako itxaropen eta ezjakintasun egoerak paper funtsezkoa du giro hori eraikitzerakoan. Ilunabarrean, bigarren mailako errepideetako moteletan, neoizko argien pean kokatzen ditu Cillerok pertsonaiak, hondoa jotzera iristen ez den dekadentzia giroan, eta giro horrek biltzen eta batzen ditu ipuinak oro. Cilleroren ipuin berriek ez dute hasierakoen intentsitaterik, baina trukean liburuak batasuna, trinkotasuna eta giro bat transmititzeko gaitasuna irabazten du.

Ipuinen kokalekua AEBetan dagoen hein berean, erabat ipuingintza-tradizio iparramerikarraren baitan kokatzen da ipuin hauen nolakoa. Badirudi ez dagoela dagoeneko ipuingintzaz aritzerik Carver aipatu gabe, zalantzarik ez klixeetan klixeena bihurtua dugula, baina oraingoan ere —barkagarri izango ahal da errazkeria— ezinbestekoa da haren ipuingintza akordura ekartzea, beste estatubatuar zenbaitekin batera. Axalekoaren atzean dagoen sakontasuna agerrarazten, estomagoaren ordez zulo bat dutela (metaforikoki, jakina) bizi diren pertsonaien izatea azaltzen bikain asmatu baitu Cillerok ipuinotan. Inpresioa du batek, gehiegikerian aritzeko beldur handirik gabe, Ero hiria irakurri ahala AEBetako idazle baten obra euskaratua ari dela leitzen.

Zaddie Smithek Generación quemada antologiari egindako epilogoan zioen gaur egungo ipuingile estatubatuarren lanetan maiz bi obsesio daudela presente: heriotzarekiko kezka eta autentikotasunaren galera. Ildo beretik, eta Harkaiz Canok liburu hau aurkeztean adierazi bezala, autentikotasuna dagoeneko ez da existitzen Cilleroren ipuinetan ere, eta suzedaneoak, simulakroak ordezkatu du errealitatea: zinema eta errealitatea bereizterik ez dago, pertsonaien artean maitasuna ez da inoiz betetzera iristen, zoriona bainoago zoriontasun-itxura da bilatzen dena… Jainkorik ez dagoen eta Che Guevara elastikoetako serigrafia bat gehiago den gizartea da ipuin hauetakoa, dagoeneko historiaren aurrerapenean sinesten ez duena, heriotzaren eta gaixoaldiaren beldurrez bizi dena. Giro horretan bizi dira pertsonaiak, milurteko berriak bizitza aldatuko dien itxaropenez, baina bizitzari aurre egiteko behar den adorerik gabe, kasinoetako erruletetan jokatuz etorkizuna. Reno da kokalekua, ados, baina gutaz ere ari da, ala?

Merezi lituzke Cillerok izan dituen baino irakurle gehixeago.

Azken kritikak

Ni, laiko
Markos Zapiain

Aritz Pardina Herrero

Zure bazterrekoak
Cesare Pavese

Asier Urkiza

Termita
Garazi Albizua

Nagore Fernandez

Argazkiaren erabilera
Annie Ernaux

Maialen Sobrino Lopez

Café Mokka
Jabier Muguruza

Mikel Asurmendi

Etxe arrotz hau
Olatz Mitxelena

Irati Majuelo

Basatiak
Maria Reimondez

Ainhoa Aldazabal Gallastegui

Zerua hemen
Oihana Arana

Paloma Rodriguez-Miñambres

Sekularizazioa Euskal Herrian
Joxe Manuel Odriozola

Mikel Asurmendi

Garondoan
Gorka Bereziartua

Asier Urkiza

Mundu guztiak
Ruben Sanchez Bakaikoa

Nagore Fernandez

Kantu leuna
Leila Slimani

Maialen Sobrino Lopez

Odola kantari
Unai Elorriaga

Mikel Asurmendi

Bihotzean napalma
Pol Guasch

Irati Majuelo

Artxiboa

2026(e)ko ekaina

2026(e)ko maiatza

2026(e)ko apirila

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2025(e)ko abendua

2025(e)ko azaroa

2025(e)ko urria

2025(e)ko iraila

2025(e)ko abuztua

2025(e)ko uztaila

Hedabideak