« Bizitzako borroka | Heterosoxoak eta beste »
Etorkizuna / Iban Zaldua / Alberdania, 2005
Orainaren ifrentzuak eta tolesdurak Iratxe Retolaza / Berria, 2006-03-21
Iban Zalduaren euskal ipuinen irakurle (izan) denak, ahots ezagun batekin egin(go) du topo Etorkizuna liburuko ipuinotan. Bada besterik ere. Haren euskal ipuinetako unibertso literariora noizbait hurbildu denari baliabide ezagunen oihartzunak heldu(ko) zaizkio: egitura narratiboak, keinu ironikoak, kontalari zirikatzailea (egile zirikatzaileagoa), ispilu-jokoak eta abar. Bada besterik ere. Bada Zalduaren irakurle leiala ere harritu(ko) duen zerik.
Lehen zera: izenburua. Lehen hurbilpen batean ziurra, irmoa eta erabatekoa dirudien izenburu honek, ziur asko irakurlearen harridura eragin(go) du. Ipuin euskaldunak; Gezurrak, gezurrak, gezurrak; Traizioak zein Itzalak izenburuek iradokitako aniztasunaren eta irekitasunaren aldean, ipuinok Etorkizuna lelo biribilera biltzeak irakurlea kitzikatu(ko) du, ezagun zuen unibertso literarioan nolabaiteko mugatzea sumatu(ko) baitu.
Bigarren zera: batasun tematikoa. Ipuin-liburu honetako batasun-hariak trinkoagoak eta sendoagoak dira, Etorkizuna izenburua bera batasun-ardatzetariko bat izanik.
Hirugarren zera: elementu narratiboen arteko lotura. Etorkizuna liburuko ipuinetan hainbat pertsonaiak (Elena, Karlos, Ixiar eta abar) ipuinez ipuin egiten dute jauzi, eta irakurleak behin eta berriro egin(go) du haiekin topo. Baita pertsonaia hauek bizi duten krisi egoera eta trantsizio-egoera horiekin ere.
Laugarren zera: estilo-batasuna. Ipuin hauetan denbora gogoetagai nagusia ez ezik, baliabide narratibo nagusia ere bada. Azken batean, ipuin hauetako trikimailu narratibo gehienek, ezusteko narratibo gehienek edota elipsi-narratibo gehienek denbora dute helduleku.
Bosgarren zera: tonu-batasuna. Orain arteko ipuingintzan ironia nagusi bazen ere, ironia hori lantzerakoan tonua garraztu edo leundu izan du: batzuetan sarkasmo gordinenerantz lerratu du kontalariaren jarrera, besteetan kontalari probokatzaileak irakurlea ziztarazi du, besteetan ironia zirikatzaileak ernarazi du irakurlea, besteetan ironia leunak bildu du istorioa. Liburu honetan, ez dago kontalari sarkastiko eta probokatzaile sutsu halakorik, kontalari ironiko apalagoa eta neurritsuagoa baizik, tonuan ere nolabaiteko oreka lortuz.
Zeretan zera: hartara, irakurle honen harriduraren ernamuin izan diren bost zera hauekin topo egin izanak honako hau gailendu du: aurreko ipuin-bildumetan kolore eta usain ezberdinetako mundu narratiboetako hariak korapilatu eta katramilatu bazituen, oraingoan hari haietako bat aukeratu eta horretan sakondu du, aniztasunaren kaltetan, sakontasunaren mesedetan.
Zehazki, denboraren inguruko gogoetetan sakondu du. Zehatz dezagun: ipuin hauetako eremua etorkizuna da, bai, baina ez geroa, etorkizun dena baizik, gertatzeko dagoena. Eta gertatzeko dagoen horri begiratzeko eremu posible bakarra oraina bilakatzen da ipuin guztietan, iraganaren irakurketa jakin batek sorturiko oraina. Orainaren eremu labainkor, aldakor eta lauso horretan kokatzen dira ipuin gehienak, eta denboraren hautemateak sorturiko orainaren katebegiaren gatibu dira pertsonaiak (kontalariak, egileak), baina aldi berean, katebegi hori birlotzeko eta birkateatzeko ahaleginetan dabiltza. Neure irakurketa hauxe ere iraganeko irakurraldiez egindako oraingo irakurketak baldintzatu(ko) du, ezinbestean. Etorkizuna eta iragana, txanpon beraren ifrentzu bi, eta txanpon bakarra: oraina. Maria do Cebreiro galegoaren poemak dioen bezala: “O presente, outro límite, é o verdadeiro protagonista do tempo” [Oraina, beste muga hori, denboraren egiazko protagonista].
Zerua hemen
Oihana Arana
Maialen Sobrino Lopez
Barne zerbitzuak
Katixa Agirre
Amaia Alvarez Uria
Zure arnasa zaintzeko
Nerea Balda
Joxe Aldasoro
Ni, laiko
Markos Zapiain
Aritz Pardina Herrero
Zure bazterrekoak
Cesare Pavese
Asier Urkiza
Termita
Garazi Albizua
Nagore Fernandez
Argazkiaren erabilera
Annie Ernaux
Maialen Sobrino Lopez
Café Mokka
Jabier Muguruza
Mikel Asurmendi
Etxe arrotz hau
Olatz Mitxelena
Irati Majuelo
Basatiak
Maria Reimondez
Ainhoa Aldazabal Gallastegui
Zerua hemen
Oihana Arana
Paloma Rodriguez-Miñambres
Sekularizazioa Euskal Herrian
Joxe Manuel Odriozola
Mikel Asurmendi
Garondoan
Gorka Bereziartua
Asier Urkiza
Mundu guztiak
Ruben Sanchez Bakaikoa
Nagore Fernandez