kritiken hemeroteka

8.783 kritika

« | »

Nomadak kantari doaz / Joxean Sagastizabal / Alberdania, 2005

Alegiazko munduak Iñigo Roque / Gara, 2006-03-04

Bitxia. Horixe da Sagastizabalen liburua egokien definitzen duen izenondoa. Ustekaberik ez izateko, gomendagarria da liburua erosi aurretik hasierako oharra irakurtzea: liburuaren nondik norakoak bertan xehatzen dira, eta, aldi berean, hitzarmen antzeko bat da idazlearen eta irakurlearen artean.

Ahalegin gaitezen, bada, “bitxitasun” hori zertan den azaltzen. Sagastizabalek mundu oso bat sortu du, Tolkienek edo Michael Endek egin zuten gisan (mapa eta guzti), zeharo fantasiazkoa: arrazak, hizkuntzak, jainko-jainkosak, lurraldeak… Kontakizunaren ardatza ungarinyin-en tribua da, sexu-joeretan oinarritutako gizartea: andre batzuk andrezaleak dira; beste batzuk, gizonzaleak; eta gizonak ere, bietarikoak. Lehenengotan irudi du liburuaren asmo bakarra antropologia sexuala dela, baina ez du deus ikustekorik horrekin. Jakina, hautu horrek halakatu egiten du liburuaren tonua, eta batik bat umorea, baina gordinkeriarik gabe.

Besteko, Sagastizabalek berealdiko garrantzia ematen die tribuaren sinesmenei. “Sufrimendua, zorion falta, geuk sortuak dira, ez jainkoek”, dio erlijioburuak. Horrenbestez, tribuak bi agintari ditu: kanta-maisua edo buruzagi erlijiosoa eta lurreko aferez arduratzen den burua. Antzinako herriei buruzko edozein antropologia-eskuliburutan ageri diren ezaugarriak txertatzen ditu idazleak narrazioan: iniziazioa, erritoak, Kreazioa… Nomaden kantuak ere zentzu erlijiosoa dauka. “Kantaldian, jainkoek gure tribuari emandako zatia kantatu behar dugu, bizitza berritzeko”. Eta santutegi batera abiatzen dira, Kanta Nagusian parte hartzeko. Bilkura horretan, tribu guztiak elkartuta, mundua berriz kreatzen dute, jainkoek asabei utzitako mundua berriz sortzeko. Mircea Eliadek aurkeztutako etengabeko itzuleraren mitoa dago jokabide horren azpian. Jose Maria Satrustegik, Euskal Herrira etorrita, urteberriko ohitura batzuetan hauteman zuen mundua berriz kreatzeko asmo hori; “Ur goiena, ur barrena” kantan eta horri loturiko ekanduetan, esaterako.

Liburuaren bigarren atalean, berriz, kontakizuna lekuz aldatzen da. Idazleak gotorlekuz, errege-erreginez eta jauregiz beteriko mundu batera garamatza, Beidiako erresumara, Unur erreginaren historia nomada batzuen ahotan ipinita. Erdi Aroko giroa sumatzen da atal horretan; izan ere, ungarinyinen garaikidea izan arren, erresuma mundu modernoagoa da (historikotasunaren jabea, esango luke Eliadek). Mundu horretan dena izango da nahaspilatsuago: guduak, azpikeria, alderdikeriak, dirua… Liburuaren azken pasartean, bi mundu horiek topo egiten dute, erresumako bi iheslari ungarinyin-ekin biltzen direnean Kanta Nagusirako bidean. Erabat katartikoa izango da topaketa hori bi arrotzentzat.

Nabarmentzekoa da, azkenik, Sagastizabalek hitzekin jolasteko erakutsi duen trebezia (ezagun genuen lehendik), hitzen alderdi irrigarria bilatuz betiere. Banaka batzuk aipatzea merezi du: emakume gizonzaleak altan daudenean, dunban daude; giza sexua zulubundua da; gizonek elkar errekargatzen dute; Bediako gudalburuak Konan du izena; masturbazioari asmazioa deritzo. Osagai horiek hartuta, hara nolako esaldiek zipriztintzen duten testua: “(…) dunbaren zain asmazio mundiala lagun (…)”; “Azkenean edukiko dut kanta-maisu guapo hori errekargatzeko modua”… Batzuei gustu txarreko umorea begitanduko zaie. Ez dakit, bada.

Liburua olgeta hutsa da, eta bere horretan hartu behar da. Norberak ikusi egin behar jolasteko prest dagoen ala ez. Besterik ez bada ere, hasierako oharra irakurtzea merezi du.

Azken kritikak

Etxe arrotz hau
Olatz Mitxelena

Maialen Sobrino Lopez

Gatazka eta abusua ez dira gauza bera
Laura Macaya / Hamaca

Amaia Alvarez Uria

Sasi arteko sugarrak
Sebastian Gartzia Trujillo

Hasier Rekondo

Agerre
Juan Luis Zabala

Mikel Asurmendi

Narrugorrik
Ixiar Rozas

Mikel Asurmendi

Honekin egin nahi duzuna
Itziar Agirre Sagaseta

Maialen Sobrino Lopez

Zaldi bat
Maddi Ane Txoperena

Mikel Asurmendi

Fakirraren ahotsa
Harkaitz Cano

Mikel Asurmendi

Itzala
Maixa Zugasti

Maialen Sobrino Lopez

Itzala
Maixa Zugasti

Mikel Asurmendi

Turismoa
Asier Basurto Arruti

Maialen Sobrino Lopez

Garondoan
Gorka Bereziartua

Mikel Asurmendi

Geratzen dena
Ione Gorostarzu

Maddi Galdos Areta

Mirande, herriminez, ezin-minez
Jon Mirande

Mikel Asurmendi

Artxiboa

2026(e)ko iraila

2026(e)ko abuztua

2026(e)ko uztaila

2026(e)ko ekaina

2026(e)ko maiatza

2026(e)ko apirila

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2025(e)ko abendua

2025(e)ko azaroa

2025(e)ko urria

Hedabideak