kritiken hemeroteka

8.822 kritika

« | »

Denbora aleak / Karlos Linazasoro / Pamiela, 2005

Naturaren betikotasuna xede Josu Lartategi / Deia, 2006-01-31

Denboraren esentzia atzeman guran bidaia eder bezain hunkigarriaren aztarrenak markatu dizkigu Karlos Linazasorok Denbora aleak honetan. Bidaia poesiaren hegaletan burutu du, eta poesia, gutxiengo beti bitxi baten irla ezkutu beti bitxia izaki, ez da kasu honetan ere asko zabalduko, gutxik irakurriko dute, are gutxiagok aipatuko; mereziko luke, baina, zabaltzea, irakurria izatea, aipatzea eta ezagun izatea, funts-funtsean denon betiko eta sakon-sakoneko kezkez eta beldurrez ari zaigulako: gure muga iragankorrez. Iragankorrak gara, izan ere, aldi baterakoak, mugatuak. Beharrezkoa al da ostera aipatzea inork aipatu nahi ez duena? Beharrezkoa al da aipatzea gure denbora mugatua dela eta, zerbait gehiago izatekotan, denbora handiago baten zati baino ez dela? Liburu honen egileak beharrezko du hausnarra, gutxien-gutxienik bi elementu dakusala: batetik, natura eta bere denbora; bestetik, gure kontzientzia eta bere denbora-mugak. Hor zaigu natura ageri, bere betiraunde gordinean, bere zirkulutasun ikaragarriak eragiten digula, gure mugatasunean eragin ere, gu ez baikara (esatea beharrezkoa al zen?) ez betiereko ez ezer. Gu galtzeari galtze berria galtzen zaion kontzientzia puskatxo mugatuak gara. Gu ahanztura-liburu hutsak gara, etengabe gauzak galtzen doan izakia, gauzak gugan galtzen ditugunak, barruan dena daramagunak; ezer ez baita ahanzturan galtzen. Baina hori baino askoz gehiago gara gu, besteak beste ahanztura-biltzaile eta hitz-bataiatzaile.

Harrapatu egiten zaitu Denbora aleak barruan dabilen etengabeko presentziak, naturaren betikotasunaren presentziak. Poeta, harrigarriki, apenas aipatzen dugun horren bila egitera ausartu da. Betikotasun bila doa, beraz, katearik gabe, zainik gabe (“desiorik gabe” ulertzen diot nik), eta askatasun erabatekoari kantua dio eskaintzen, gorazarre harrigarria (“harrigarri bezain alferrikakoa”, gaineratuko lukete askok).

Batik bat naturaren eguneroko elementuekin jantzitako sinbolismoa dario poemarioari, hasieran gehienbat. Gero halako erromantizismo posmodernoa arnasten, egunerokoa traszenditzeko gogoan ikusten diodana. Azkenik, bizirautearen aldeko oihu antzeko batekin geratzen gara, bizi-bultzadak exigitzeko oihua. “Oihu ixila” eransteko egon naiz (ahotsa sabelpean ezkutatu zait, isilpean, horixe diosku poetak 38. orrialdean), poesia intimoaren lurraldean dena delako barne, muga, ni… gure baitan dena delako hasiera eta amaiera.

Denbora gainditzeko saio poetikoa dugu Linazasororen Denbora aleak hau, denbora ulertzeko ahalegina, nia, denbora, unea eta eternitatea ulertzeko sentimendu eta arnas andana.

Azken kritikak

Sorbatza
Markel Sanchez

Asier Urkiza

Dakigun hori
Garazi Arrula Ruiz

Nagore Fernandez

Ipuinak eta antzezlanak
Lourdes Iriondo

Amaia Alvarez Uria

Ezezagunak trenean... irakurtzen
Miren Billelabeitia

Paloma Rodriguez-Miñambres

Dakigun hori
Garazi Arrula Ruiz

Mikel Asurmendi

Narrugorrik
Ixiar Rozas

Peru Iparragirre

Lera
Castillo Suarez

Maialen Sobrino Lopez

Hezitopia
Nora Salbotx

Joxe Aldasoro

Atzerakarga
Fermin Etxegoien

Asier Urkiza

Manifestu filosofikoa
Agustin Arrieta Urtizberea

Aritz Pardina Herrero

Ene Jesus
Ramon Saizarbitoria

Mikel Asurmendi

Datorren udan ez gara hemen biziko
Ane Zubeldia Magriñá

Maialen Sobrino Lopez

Zazpigarren gizona
John Berger / Jean Mohr

Peru Iparragirre

Olibondoaren herria
Markel Elortza

Mikel Asurmendi

Artxiboa

2026(e)ko azaroa

2026(e)ko urria

2026(e)ko iraila

2026(e)ko abuztua

2026(e)ko uztaila

2026(e)ko ekaina

2026(e)ko maiatza

2026(e)ko apirila

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2026(e)ko

Hedabideak