kritiken hemeroteka

8.814 kritika

« | »

Hauts bihurtu zineten / Juan Kruz Igerabide / Alberdania, 2005

Hautsera itzuliko zara Iñigo Roque / Gara, 2005-12-17

Utzidazue iruzkina sintesiarekin hasten. Alfa omega izan dadila. Juan Kruz Igerabideren liburu hau aspaldion euskaraz argitaratutako libururik onenetako bat duzue. Ezbairik gabe. Bozkario ergelik gabe.

Juan Kruz Igerabidek oso garai nahasia aukeratuta, adinez hala dagokiolako, frankismoaren hondar urteei eta geroztiko garaiari buruzko historia sentimentala idatzi du. Herri bateko auzo koskor bat aukeratu du horretarako, Obabatik geografikoki ez oso urrun, baina, gainerakoan, alden samar. Hizkerak, guztiarekin ere, elkartu egiten ditu biak.

Joantxo dugu narratzaile, bai eta pertsonaia nagusi ere, haren maistra Adelarekin batera. Urteak igarota ari zaigu Joantxo Adelaren eta bere istorioa kontatzen. Beraz, ume eta gazte denborako kontuak izan arren, narratzailea heldua da, eta jakituria zabala erakusten du, besteak beste, klasiko latindarren, ekialdeko jakintsuen eta Nietzscheren esanak tairik gabe ekarriz. Gainerako pertsonaietan mota guztietakoak ditugu, arketipo gisakoak; batzuetan, onak onegi (Adela, Joxe Mari, Ana), eta gaiztoak gaiztoegi (Marro, Julio).

Liburuak irakurbide ugari du. Bateko, bizitzaren eta existentziaren gaineko gogoeta luzea da, ikuspegi humanistatik, jainkoz eta sineskeriaz gabeturik. “(…) amaiera bat eta bera dago guztiontzat: heriotza. Benetan garrantzitsua besterik da, orduan: egindako bidea (…)”. Kavafisen Ithaka edo Sarrionandiaren zapata hautsien piloa, horrenbestez. Liburuan atalen hasierako aipuak ez dira edergarri huts, usu izaten diren bezala, ezpada, ondoko kontakizunen ernamuin. Aipua goiburuan azaltzen da, edo testuan bertan, eta jarraian idazlea gogoetari lotzen zaio esakune horren esanguraz, betiere pertsonaiek bizi izandakoak edo bizi izatekoak esplikatu aurretik. Harrigarriro sendoak dira narratzaileak agertzen dituen iritziak. Hala ere, ez du inoiz predikariaren tankerarik hartzen, gogaide ilustratuen laguntasuna baitu. Hortaz, irakurleak lan erdiak eginda aurkitzen ditu, ondorioak aurretik eskaintzen direlako, horiek ere, misterioski, gogoetagai.

Bestetik, idazleak oroimenari buruz jarduten du, sakon jardun ere. “Idazketaren bidez antzeman nahi dugunean bizitza, iragana bihurtuta, itzal batzuk besterik ez dugu eskuratzen, gutxi gorabeherako argazki lausoak onenean ere”. Inoiz irakurleari ziria sartzen dio, gertakarien hurrenkera zein den ahaztuta, denboraren betiereko itzulia agerian uzteko. Izan ere, Igerabideren irudiko, heriotzak baino ez dio zentzua ematen denborari (Saramago ez ei da uste berekoa, baina).

Liburuak ere badu irakurketa politikoa, jakina. Bistakoa da. Liburuaren tesi politikoa honelatsu esplika liteke: frankismoaren garaiko batasuna puskatu egin zen denboragarrenean, eta, ondikotz, frontoiko batzar irekietako ametsak eta asmoak aienatu ziren. Era guztietako pertsonaien bilakaeraren berri ematen digu Igerabidek, oneziaz. Dena den, horiek guztiak dekoratuko osagaiak dira: siglak, izenak, jarrerak… Idazlearen asmoa bestelakoa da: ametsei zein erraz uko egiten zaien erakustea edo amets ondoko minak aurkeztea (damua, drogak…). Ahalegina estimatzekoa da. Gerra Zibila ere hizpide izaten da (bertan goxoago egoten gara denok). Orduko pasarte batzuk tartean-tartean ageri dira, pertsonaia askorentzat ezin eramanezko lorrak baitira.

Autobiografiatik asko dauka liburuak. Nahitaezkoa zuen. Arin bai arin irakurtzen da, istorio txikiak kateatuz, aspertzeko betarik gabe, itsaso handiak oharkabean hautsiz. Aburu gehiagok osa dezatela gure historia. Eskerrik asko, Juan Kruz.

Azken kritikak

Narrugorrik
Ixiar Rozas

Peru Iparragirre

Lera
Castillo Suarez

Maialen Sobrino Lopez

Hezitopia
Nora Salbotx

Joxe Aldasoro

Atzerakarga
Fermin Etxegoien

Asier Urkiza

Manifestu filosofikoa
Agustin Arrieta Urtizberea

Aritz Pardina Herrero

Ene Jesus
Ramon Saizarbitoria

Mikel Asurmendi

Datorren udan ez gara hemen biziko
Ane Zubeldia Magriñá

Maialen Sobrino Lopez

Zazpigarren gizona
John Berger / Jean Mohr

Peru Iparragirre

Olibondoaren herria
Markel Elortza

Mikel Asurmendi

Ene Jesus
Ramon Saizarbitoria

Asier Urkiza

Ehulearen hilobia
Seumas O'Kelly

Nagore Fernandez

Izan gizona
Aritz Galarraga

Nagore Fernandez

Gurea falangista zen
Alberto Barandiaran

Mikel Asurmendi

Termita
Garazi Albizua

Maialen Sobrino Lopez

Artxiboa

2026(e)ko azaroa

2026(e)ko urria

2026(e)ko iraila

2026(e)ko abuztua

2026(e)ko uztaila

2026(e)ko ekaina

2026(e)ko maiatza

2026(e)ko apirila

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2026(e)ko

Hedabideak