« Gerenaren ibili herrenak | Hautsera itzuliko zara »
Lekuak / Bernardo Atxaga / Pamiela, 2005
Lekuak Beñat Sarasola / EremuLauak.com, 2005-12-14
Atxagaren azkeneko lana, Lekuak izeneko hau, bilduma bat da; urtetan zehar han-hemenka argitaratu edo landu dituen artikulu, ipuin, elkarrizketa-zati eta abarren bilduma, hain zuzen ere. Liburua bi zatitan banaturik dago. Lehenengoan, saiakera kutsuko testuak topatuko ditugu, gai politiko, kultural eta literarioak jorratzen direlarik batik bat. Bigarren zatia, aldiz, fikzio karga handiagoa duten lanek osatzen dute, kutsu autobiografikoko ipuin eta enparauek.
Liburuko testuak biltzen dituen haria lekuena da, testu guztiak leku jakin batekin lotuak baitaude modu batera edo bestera. Haria, alabaina, finegia iruditzen zaigu. Liburua, helduleku tinko baten ezean, irregularregia egiten da. Liburu honek badu nolabaiteko antzekotasuna Groenlandiako Lezioa izeneko harekin, bertako testuak ere saiakera kutsuko testu autonomoak baitziren. Gai aldetik bi liburuak ezberdinak direna alde batera utzita, Groenlandiako Lezioan testuen arteko haria trinkoagoa dela uste dugu.
Liburuko lehenengo zatiko hausnarketa ugari ezagunak egiten diren arren, interesgarria da hausnarketa hauek zertxobait garatuago eta bata bestearen alboan irakurtzeko aukera izatea. Gozamenez irakurri ditugu bertako testuak, joko handia ematen duten adibideak erabiliz idatziak baitaude; inongo teoria ongi formaturik osatzeko asmorik gabe eta idazleak ohikoa duen ironia fin horrek zipriztindua. Hor aurkituko ditugu, besteak beste, “Euskal Hiria” zorioneko horren gaineko argibideak, “la cosa”-ren (euskal gatazka-edo delako hori, alegia) inguruko gogoetak eta abarrekoak. Bigarren zatia, ordea, ez zaigu hainbeste gustatu. Zaila egin zaigu artikulu politikoak eta saioak irakurtzetik ipuinak irakurtzera igarotzea. Gainera, ipuinon maila ez zaigu iruditu Atxagak idatzi ohi dituenen lakoa (salbuespenak: “Lau aldiz elur”, “Declaración de Guillermo” eta “Bilbografia”). Ipuinek, euren artean ere ez dute lotura handiegirik, sinbologia eta gai oso bestelakoak darabiltzate; eta nahiko nahasgarria egin zaigu, esaterako, “Declaración de Guillermo” irakurri ondoren “Paris” irakurtzea (hizkuntza aldaketa ere tarteko).
Definitzeko zailak diren proposamen ugari, liburu hibrido ugari, lan gogoangarri bihurtzen dira molde estandarrak gainditzeko gai direlako. Liburu hau ordea, hibridotik dezente badu ere, ez dugu uste Atxagaren lan gogoangarri lez oroituko denik. Ez dugu uste, orobat, idazlearen asmoa halako lan bat egitea zenik; susmoa dugu idazleak urtetan zehar eginiko lantxo horiek hautsak akabatu ez ditzan nahi izaten duela, eta hauek plazaratzeko nolabaiteko beharra sentitzen duela. Lekuak hau behar horren ondorio da, bada. Honenbestez, atxagazale amorratu eta interes periodistikoak (zentzu zabalenean) dituen jendearentzat (liburuko lehenengo zatiari begira, batez ere) izango da, batik bat, liburu hau interesgarri.
Termita
Garazi Albizua
Maialen Sobrino Lopez
Ehulearen hilobia
Seumas O'Kelly
Ibon Egaña
Hezitopia
Nora Salbotx
Mikel Asurmendi
Emakume oinutsa
Scholastique Mukasonga
Ainhoa Aldazabal Gallastegui
Deiadarraren antologia bat
Rakel Pardo Perez
Asier Urkiza
Herrenaren promesak
Maite Aizpurua / Infinitudrama
Nagore Fernandez
Lazarraga, Ernazimentua euskaraz
Pruden Gartzia
Mikel Asurmendi
Zure arnasa zaintzeko
Nerea Balda
Maialen Sobrino Lopez
Hondoaz galde
Jon Sarasua / Mikel Artola
Mikel Asurmendi
Zirtak su. Hasieran bazen hitza
Maite Lopez Las Heras
Joxe Aldasoro
Erroen izerdia
Jone Bordato
Mikel Asurmendi
Zerua hemen
Oihana Arana
Maddi Galdos Areta
Etxe arrotz hau
Olatz Mitxelena
Maialen Sobrino Lopez