kritiken hemeroteka

8.601 kritika

« | »

Mundu txikia / Alberto Barandiaran / Susa, 2005

Txikiaren gorazarrez Gotzon Hermosilla / Berria, 2005-06-07

Estreinako fikzio liburua du Alberto Barandiaranek (Altsasu, 1964) Susak berriki argitaratutako “Mundu txikia”. Fikzioa diogu, eta ez literatura: izan ere, Barandiaranen aurreko bi liburuak, “Ez zaigu ahaztu” eta “Gaizkileen faktoria”, kronikak izanagatik ere, literaturaren alorrean sar genitzake inolako arazorik gabe, gehiegizko akademizismoaren sailkatze hutsalak gorabehera. Eta Berrian argitara eman dituen zenbait erreportaiatan ere, txitean-pitean isurtzen ditu Barandiaranek prosa literarioari ustez dagozkion dohain ugari.

“Mundu txikia”, ordea, oso bestelakoa da aurreko lanekin alderatuta. Hamalau ipuinek osatzen dute liburua. Hamalau mundu txiki, eta ahots bana mundu horien berri emateko. Hamalau istorio? Beno, narrazio labur horien atzean beti dago istorio jakingarri bat, baina, askotan, hori ez da garrantzitsuena. Batzuetan, “Ezkurrak” ipuinean bezala, hari narratiboa oso mehea da, ez da gauza handirik kontatzen; hori baino inportanteagoa da kontatzen digutenak gugan sortzen duen sentsazioa, iradokizunez betea. Eta horretan datza ipuin hauen indarra. Mundu txikien berri eman nahi digu Barandiaranek. Eta, hain zuzen, munduok txikiak direlako, hara gerturatzeko beharra du egileak, ezinbestez. Gertuko soa botatzen die idazleak, detaile sotilak atzeman eta bertatik bertara kontatzen dizkigu. gertutasunetik kontatu ere. Horixe da, nire ustez, liburu honek duen balio nagusia.

Barandiaranek ederto asmatu du liburuak eskatzen zuen tonua doitzen, eta, hasieratik amaieraraino istorio bat kontatu beharrean, zatiak erakusten dizkigu, detaile txikiak ematen dizkigu, kafetegiaren giro grisa edo euriak hiriko bazter guztiak nola hartzen dituen deskribatzen digu, xume, sotil, apal, handikeriarik gabe. Baina detaile horien bidez irakurlearen gogoan zerbait, oso ezkutukoa eta oso barnekoa den zerbait, inarrosten ari dela jakinik.

Gertutasunaren mesedetan, ipuin gehienek izen propio bana dute izenburutzat. Pertsonaiak ere, mundu txiki horietako protagonistak, hurbileko begitantzen zaizkigu. Kasu batzuetan umeak dira: Mikel, Oiher, Maite, Ekaitz. Ez dira abentura miragarrietako heroi, ez zaie aparteko ezer gertatzen. Eta, hala ere, haien munduetan beti dago detaileren bat, esaldiren bat, berbaren bat, istorio osoari biribiltasuna eman eta irakurlea hunkitzea lortzen dutenak.

Gainerako pertsonaiek ere, oso desberdinak izanagatik, badute elkarren arteko antzekotasunik. Horiek ere lagun arruntak dira; ia denek, baina, zauri bat dute bihotzean, aspaldiko edo ez hain aspaldiko arrangura bat, irakurlearen begietara gertuko bilakatzen dituena. Julia, Pello, Lucia… Kasu batzuetan, pasarte laburretan zatikatutako kontakizuna berrosatzen du irakurleak, eta arrangura horren zergatiak asma ditzake. Beste batzuetan, ezta hori ere: tristezia definigaitz batek, aire etsi batek jota dago istorioa, zergatik ez dakigula.

Hori ere, nire ustez, nabarmendu beharrekoa da. Mota askotako pertsonaiak, gaur egungoak zein iraganekoak, kaletarrak eta baserri girokoak ibili ditu Barandiaranek hamalau ipuin hauetan, eta gaiak ere askotarikoak dira; hala ere, narrazio guztiak halako tristezia puntu batez zipriztintzea lortu du idazleak, eta horrek batasuna ematen dio lanari. Tristezia xume, sotil, apala (Juliak ez du lanturik egiten, “negar malko lodiek bidea” egiten dute masailetan). Gazia eta gozoa, bizitza bera bezalakoxea.

Azken kritikak

Auzokinak
Gorka Erostarbe

Maddi Galdos Areta

Esker onak
Delphine De Vigan

Irati Majuelo

Meditazioneak gei premiatsuen gainean...
Martin Duhalde

Gorka Bereziartua Mitxelena

Urte urdin ihesak
Jesus Mari Olaizola "Txiliku"

Hasier Rekondo

Emakume oinutsa
Scholastique Mukasonga

Maialen Sobrino Lopez

Erroen izerdia
Jone Bordato

Nagore Fernandez

Azken batean
Lourdes Oñederra

Asier Urkiza

Izena eta izana
Jon Gerediaga

Jon Martin-Etxebeste

Enarak
Bernardo Atxaga

Mikel Asurmendi

Zahartzaroaren maparen bila
Arantxa Urretabizkaia

Irati Majuelo

Herioa Venezian
Thomas Mann

Aritz Galarraga

Azken batean
Lourdes Oñederra

Ibon Egaña

Goizuetako folkloreaz
Patziku Perurena

Mikel Asurmendi

Dena zulo bera zen
Eider Rodriguez

Asier Urkiza

Artxiboa

2025(e)ko azaroa

2025(e)ko urria

2025(e)ko iraila

2025(e)ko abuztua

2025(e)ko uztaila

2025(e)ko ekaina

2025(e)ko maiatza

2025(e)ko apirila

2025(e)ko martxoa

2025(e)ko otsaila

2025(e)ko urtarrila

2024(e)ko abendua

Hedabideak