« Bihotzetik begirada | Historiaren mamuak »
Itxoidazu Cafe de Passy-n / Xabier Etxeberria / Martin Etxeberria / Elkar, 2004
Bi buru, lau esku Aingeru Epaltza / Nabarra, 2005-06
Berriki eman digu prentsak Paco Ignacio Taiboren eta Marcos komandanteordearen artean idatzitako nobelaren berri. Xixongo Aste Beltzean hura izanen omen da, heldu den uztailean, erakargarri nagusietarik. Ulergarria dugu zapatista mexikarra genero beltzean aritzeak jakin-mina piztea. Bertzalde, literaturaren munduan, beti izaten da albiste bi bururen eta lau eskuren elkarlanaren emaitza. Masturbazioa baino bakarragoko ekintza izan ohi da eleberri baten sorrera; hala ez dena, beriz, esperimentu edo bitxikeria. Horrez gain, egoskorkeria eta burugogorkeria ditugu idazlearen marka, eta horiek ez izaki lankidetzarako bidelagun onak. Halako ajeei amore emanen bazaie, poliki hartu behar dute elkar besoz beso ari nahi duten idazleek.
Garbi dago Xabier Etxeberria eta Martin Etxeberria zarauztarrak ongi moldatzen direla elkarrekin. Noski lagungarri zaie elkarren anaiak izatea, bikiak endemas. Ezagun dute “Itxoidazu Cafe de Passy-n” plazaratu berrian. Ez dakigu non sartzen den bataren eskua eta non ateratzen bertzearena. Testuari antzematen zaio, orobat, ederki gozatu direla elaberri hau idaztean. Egin kontu: Xabier eta Martin izeneko bi anaia biki zarauztar ditu protagonista nagusi, egun osoan elkarri zirika eta kristorenak erranka ibiltzen direnak. Dena dela, denbora-pasa edo anaia-terapia baino zerbait gehiago da “Itxoidazu Cafe de Passy-n”.
“Road movie antzeko bat, pertsonaia patetiko samarrekin”. Bere kapituluetariko ba-tean Bator idazlan honen definizioa. Autofikzioa boladan dago eta etxeberriatarrek ez diote tentaldiari itzuri ahal izan. Egileek izen eta itxura bereko protagonista horiek Frantzian barna paratu dituzte, 2002ko udan, nobela bat elkarrekin idazteko aitzakian. Hain juxtu ere, nobelagai hori da “Itxoidazu Cafe de Passy-n” izeneko nobelan irakurleak aurkituko duen bertze kontakizuna. 1970eko udazkenean gertatzen da eta apezgai ohi donostiar batek Parisen eta Paris ondoko herrixka bateko barnetegian bizi dituen pasadizoek dute gorpuzten: 68ko iraultza galduaren hondarrak, arte mundua, garaiko giro politiko eta sozialaren oihartzunak, ETA, are XVII. mendeko jansenismo frantsesa ere. Bigarren ildo horren osagai ugariak bertzearekin tartekatuz doaz, liburuan berean —nobela bati buruzko nobela, azken batez— iragartzen den zapore mingotseko bukaer(et)araino.
Hainbertze soka muturren arteko loturak bortxatu samarra ematen du batzuetan. Elkarrizketak eta egoerak alferrik luzatu direlako iduripena bilduko du bertze zenbaitetan irakurleak. Akats horien gainetik —300 orrialdetik goiti egiten duen liburu batez ari gara— “Itxoidazu Cafe de Passy-n” gutitik gehiagora doa. Eta interesgarritasuna handituz bezala, are nabarmenagoa da haren freskotasuna, are eskergarriagoa hango eta hemengo pasarteak zipriztintzen dituen umore ukitua eta are atseginagoa etxeberriatarren hizkera gazia. “Potroximel”, “gizajopotroa”, “portzulokeria”… laguna iraintzeko hainbertze hitz elkarren segidan irakurri gabe geunden aspaldi gure literaturan. Bata hainbertze aurkikuntza linguistiko ere halako ikuspegi politiko —eta militar— baten balorazioa egiteko. “Herrijasotzaileak” edo “militontismoa” zer diren badakigu gaurgero. Kontatu nahi izan digutenaren aurka, gaurko keria batzuk giroan zeuden duela 35 urte ere. Horretaz ere ohartarazi nahi izan digute etxeberriatarrek, harribitxi tikiz jositako nobela honetan.
Barne zerbitzuak
Katixa Agirre
Amaia Alvarez Uria
Zure arnasa zaintzeko
Nerea Balda
Joxe Aldasoro
Ni, laiko
Markos Zapiain
Aritz Pardina Herrero
Zure bazterrekoak
Cesare Pavese
Asier Urkiza
Termita
Garazi Albizua
Nagore Fernandez
Argazkiaren erabilera
Annie Ernaux
Maialen Sobrino Lopez
Café Mokka
Jabier Muguruza
Mikel Asurmendi
Etxe arrotz hau
Olatz Mitxelena
Irati Majuelo
Basatiak
Maria Reimondez
Ainhoa Aldazabal Gallastegui
Zerua hemen
Oihana Arana
Paloma Rodriguez-Miñambres
Sekularizazioa Euskal Herrian
Joxe Manuel Odriozola
Mikel Asurmendi
Garondoan
Gorka Bereziartua
Asier Urkiza
Mundu guztiak
Ruben Sanchez Bakaikoa
Nagore Fernandez
Kantu leuna
Leila Slimani
Maialen Sobrino Lopez