« Egunkaria | Euskal bidaiariak »
Han goitik itsasoa ikusten da / Julen Gabiria / Elkar, 2004
Han goitik itsasoa ikusten da: kritika saioa Angel Erro / Volgako Batelariak, 2005-04-19
Julen Gabiriaren “Han goitik itsasoa ikusten da” bigarren nobelaren kritika-saiakera logiko-filosofikoa dugu hau, non frogatzera saiatuko baita liburu hau aldi berean ona, hobea eta ez-nahikoa dela, non zinema italiarraz eta Troiako gerraz arituko baita, non literatura jakin bat ahogozatuko baita errepika itsaskor baten medioz, non azkenean denok dextrostix bat egiten baitiogu elkarri, eta non azkenean kritikaria ez baitago batere ziur esandakoaz, baina horra bihoa.
1. “Han goitik itsasoa ikusten da” liburu ona da.
1.1. Liburu hau ondo eramana dago.
1.11. Arkitektura lan polita egin da, piezak elkarlotzean.
1.12. Oso irakurketa esker onekoa du, erraz jarraitzen da, orrialde batek hurrengora eramaten zaitu oharkabean bezala.
1.13. Eszena asko bere gain irakurtzen ahal dira, denbora jauzi ondo lortuak daude. Horrek liburuaren batasunari ezer kentzen ez diolarik. Baina obra estatikoago bihurtzen du, dudarik ez.
1.131. Liburuari egin zaizkion kritika batzuetan, beldur dira irakurlea galduko ote den. Bai, benetan?
1.132. Plazera da, gaur egun, liburu bat eskutan hartzea, egileari ordu asko galarazi dizkiona.
1.1321. Neke hori estrukturan ez ezik perpaus mailan ere hauteman daiteke. Benetako harribitxiak daude espresiobidean.
1.2. Liburu hau literarioa da.
1.3. Bigarren parteko pertsonaia guztiek bere liburua merezi lukete.
2. Liburu hau hobea da.
2.1. Euskal Herrian ekoizten den gehiengoa baino.
2.2. “Connemara gure bihotzetan” baino. Progesio ikaragarria hautematen dut.
2.21. Gogoan dut “Connemara gure bihotzetan”-eko eszena bat, non protagonista itsasoaren ondoan esertzen zen eta inmentsitateari edo horrelako zerbaiti buruz hausnartzen zuen. Baina nobelista ez zegoen oso zaildua, hitzak ez zitzaizkion heltzen, eta ez zuen helarazten -iruditzen zait- protagonistaren sentsazioa. Nobela honetan, berriz, egilea hoberendu da hagitz -iruditzen zait-, gai da pertsonaia bat mendira igoarazteko eta itsasoa ikusi duela sinestarazteko, eta pertsonaiak sentitu uste dituen sentsazioen olatuak irakurlearengana helarazteko. Hori ongi dago. Maisutasunaren bortak dira.
3. Liburu hau ez da bikaina.
3.1. Nire iritziz. Beti ere (ez dut lehenago argitu?) nire iritziz dihardut, balio duen gutxitxoan.
3.2. Bi gauzak oztopatzen dute larregi.
3.21. Pertsonaiek ez dute nahikoa sakonera.
3.22. Estilo nire gusturako mengelegian idatzia dago.
4. Pertsonaien sakoneraz.
4.1. Ahalegina sumatzen da pertsonaiek sakonera izan dezaten. Aita-semearen arteko harremana zailduz, familia gerrak hautsietan oinarrituz (Liviarena eta Romanena), bere iragan ameslariari bizkar ematen dion zaharra aurkeztuz (Signora Maria). Baina ez dut uste lortua denik.
4.11. Benetan ez dakit zerk eramaten nauen pentsatzera sakonera ez dagoela lortua. Ahalegin hori egon arren, ez dakit zerk dituen lau jarraiarazten.
4.2. Pertsonaia guztiak onak dira.
4.3. Gaiztoak, atorra beltzak, ez dira pertsonaiak. Edo pertsonaia bakar bat, korala da. Ñabardurarik gabe.
5. Sugar literature.
5.1. Susmoa dut hedatzen ari den joera baten aitzinean gaudela. Unai Elorriagak hasiera eman zion gurean haur literaturan ohikoagoa zitzaigun estilo batez hornitutako helduentzako literaturari.
5.11. “Han goitik itsasoa ikusten da”-k asko zor die Elorriagaren bi nobelei, eta sari nazionaldunak darabilen surrealismo poetikoari.
5.111. Eta genero berean aritzen direnez, hizkuntza berean idazten eta denboraren segidan bata bestearen atzean (ondo-ondotxoan bada ere) datorrenez, bada Gabiria Elorriagaren epigonotzat jo dezakeen gaiztorik.
5.1111. Nobela honetan ere bada atso bat bere etxean hogei bat urteko gazte bat hartzen duena horretarako motibo nabarmenik gabe. Atso hau ere nahikoa txotxolo amaitzen da, hori ere batere oinarritu gabe.
5.1112. Atso horretan, Signora Mariaren baitan, itxaro handiak jarrita nengoen. Erantzun sarkastikoak zituen, esne txar puntu eskergarri bat.
5.112. Eta beldurra eman dezake eta oharkabekeria iruditzen ahal du hainbesteko antza hartzeak, sarinazionaldun batena, gainera duela hain gutxi izan bada eta irakurlego berean arrakastatsua izan bada.
5.113. Epigonoak izan ziren Troia menperatzen saiatu eta lortu ez zutenen semeak. Epigonoek bai lortu zuten Troiara sartzea. Haiei buruz Iliada idatzi zen.
5.1131. Persevera per severa, per se vera (eutsi, beraz, gogorra, benetan gogorra izan arren).
5.12. “Han goitik itsasoa ikusten da”-ri Benigniren “La vita è bella”-rekin lotura bat baino gehiago ikusten diot.
5.121. Gerra edulkoratu zaigu bietan, gaiztoak estereotipoak dira bietan (honetan ez dute izenik ere, multzo bat da), heltzear dagoen askapena bietan. Begirada xamur bat horren guztiaren gainean. Mundu guztia (gaiztoak izan ezik) ona delako sentipenekin bukatzen duzu.
5.2. Gerta daiteke hau izatea gure txikitasunetik literatura unibertsalari egiten ahal diogun aportazioa. Literatura light, lau bat. Mundua begiratzeko era laño, errugabe, plastidecor bat.
5.21. Eta ulertzekoa da, Euskal Herrian asko sufritu baita. Eta zer egin dezake idazleak horren guztiaren aurrean? Konpromisoa démodé dago, ez du fruiturik eman eta beti da alde bakarrekoa. Irakurlea ere nardatu da euskaraz beti betikoaz irakurri behar izateaz. Goazen, bada, mundu poetiko, surrealista, benefikoetara.
5.211. Just a spoonful of sugar helps the medicine go down.
5.22. Iruditzen ahal du ironiko izaten ari naizela, eta ez naiz izaten ari. Baina uste dut gauza berari ekiteko modu eraginkorragoak daudela.
5.221. Ez naiz errealismoaren alde ekiten ari.
5.2211. Eleberri honek berak hizpidera dakarren adibide bat para dezagun. Pasoliniren “Ucellaci e ucellini”. Assisiko Frantziskoaren manuz, belatzak eta txolarreak ebanjelizatzeko txorien lengoaia ikasten duen fraide bat agertzen da, egiatan, eta lortu egiten du, baina hala ere belatz kristautuak jarraitzen du txolarrea hiltzen.
5.22111. Surrealismo eta poetikotasuna à la Buñuel, à la Brecht, à la Chaplin, nahiago bada. Zentzuduna. Zentzu hura ezerk ez duela zentzurik bada ere. Izan ere, aipatutako filma honako esaldiarekin hasten da, “Dove va l’umanità? Boh!”
5.23. “Han goitik itsasoa ikusten da” eleberriak tesia badu. Irakurlearengana azkenean iristen dena. Guztiak, txikienak ere, garrantzia du. Hutsalari, inork erreparatzen ez dionari erreparatu behar zaio, altxor handiak topa daitezke-eta gutxien espero duzunean.
5.231. Hori erakusteak nobela bat merezi du.
5.3. Ustezko mengelkeria honek akaso bere diktadura ezartzen du, pertsonaietan sakontzea utzi gabe (berrik. 4.11).
5.4. Hipergluzemiaren arriskupean irakurtzera ohitu behar.
6. Idoia nire lagunari biziki gustatu zaio Julen Gabiriaren bigarren nobela.
6.1. Idoiaren iritzia oso kontuan hartzen dut.
7. Nik nobela bat idatzi artean, hobea dut isiltzea.
Ele eta hitz. Ahoz eta idatziz
Jose Angel Irigaray
Asier Urkiza
Idazketa labana bat da
Annie Ernaux
Nagore Fernandez
Bisita
Mikel Pagadi
Jon Jimenez
Hau ez da gerra bat
Mikel Ayllon
Hasier Rekondo
Feminismo zuriaren aurka
Rafia Zakaria
Jon Martin-Etxebeste
Dimisioa
Juan Luis Zabala
Mikel Asurmendi
Hetero
Uxue Alberdi
Irati Majuelo
Barrengaizto
Beatrice Salvioni
Amaia Alvarez Uria
Coca-Cola bat zurekin
Beñat Sarasola
Patxi Larrion
Etxe bat norberarena
Yolanda Arrieta
Jon Jimenez
Zebrak eta bideak
Nerea Loiola Pikaza
Nagore Fernandez
Zoo
Goiatz Labandibar
Asier Urkiza
Hetero
Uxue Alberdi
Joxe Aldasoro
Euri gorriaren azpian
Asier Serrano
Paloma Rodriguez-Miñambres