« Komunikatzen | Antologia poetikoa »
Elektrika / Xabier Montoia / Susa, 2004
Denboraldi bat infernuan Ibon Egaña / Berria, 2005-04-05
Hilen bizimoldea trilogiako lehen bi liburuetan bi Mundu Gerrez aritu ostean, Aljeriako Gerra du hizpide Montoiak hirukotea ixten duen Elektrika nobelan, Jean Etxegoien lapurtarra protagonista duela. Hezur gabeko hilak eta Blackout nobeletako Jean Etxegoienen izen bereko semea Aljeriako eremu idorretan dabil, Frantziako Armadako soldadu, aljeriar erresistentziaren aurkako borrokan.
Nobela morala da funtsean Elektrika, ezen ez moralista. Aurreko bi eleberrietan bezala, gerra, giza baloreak eta gizatasuna bera kolokan jarrarazten dituen egoera muturrekoa marrazten du Montoiaren liburuak. Etxetik urrun, gerra egoeran, balio moralak pitzatu egiten zaizkie trilogiako nobeletako pertsonaiei. Alabaina, gai bertsuez badihardute ere, Blackout-en eta hango Jean Etxegoienen kontrapuntua dira eleberri hau eta bere protagonista —horregatik komeni da, besteak beste, trilogia osorik irakurtzea—. Saileko bigarren nobelan, Paris okupatuan, naziekin kolaboratzen ezagutu genuen Etxegoien aita, anarkista ohia, balio moralak erabat ahantzita, eta inoiz maitasunik izan zion orori traizioa eginda. Gerran, biziraupena lege bihurtzen denean, zilegi da makurkeriarik gorriena, zioen Etxegoien aitak.
Bestelakoa da, arras, Etxegoien semearen jarrera Aljerian: kristau fededuna, amaren eskolakoa, basati eskolagabeak zibilizatzera, laguntzera doazelako uste sendoarekin joan da gerrara eta eraman ezina zaio han bizi duena. Gradazio ongi eramanean, Montoia gerraren izugarrikeriak progresiboki erakutsiz doa: asto baten hilketarekin hasi (Emir Kusturicaren azken filmean ikusi dugun eszena ia identikoa), eta haurren hilketekin, bortxaketekin, mutilazioekin amaitu arte. Hein berean joango da Etxegoienen kontzientzia asaldatzen eta inarrosten, ordura arteko bere konbikzioak ezbaian jartzen.
Kontaerari dagokionez ere garbia da kontrastea Blackout-ekiko. Ordukoan, estilo oso zinematografikoa erabiliz, plano labur-bizietan kontatu zuen Montoiak Pariseko istorioa. Narratzaileak, kameralariaren antzera, kanpotik ikusten eta kontatzen zuen ekintza. Elektrika-n berriz, Etxegoienen barne mundua, barne paisaia da arreta-gune nagusia, eta batik bat, gerraren latzak eragiten dizkion dilema moral eta etikoak (gezurraz, traizioaz, hilketaz, suizidioaz) aireratzen ditu bigarren pertsonako narratzaileak. Alabaina, eta paradoxikoa badirudi ere, ikuspegi horrek urrunekoago, hotzago ikusarazten digu istorioa. Protagonista pertsonaia aski pasiboa da, inguruan gertatzen denaz hausnartzera emana, eta nahiz eta bera ere gerrako soldadua den, badirudi apenas duela inplikaziorik kontatzen duen horretan (Soinujolearen semea-ko narratzailearekin gertatzen zen bezala, nolabait). Horrek, lerrook sinatzen dituenaren iritzian, irakurlea ere ez sobera inplikatzea, eta berak ere istorioa kanpotik bezala ikustea dakar, gure eta istorioaren artean kristal hotz bat jarri izan balute bezala; hala, irakurlearengana iristea, hura hunkitzea, nobelan sarraraztea, tamalez, gaitz bihurtzen da. Ez dut uste, gainera, bigarren pertsonako narratzaileak horretan sobera laguntzen duenik. Bestetik, Etxegoienen pertsonaiak eskaintzen zituen posibilitateei —tartean, aitarekiko harremana, nobelaren interesgune handienetakoa— ez dirudi eman zezaketen zuku guztia atera zaienik. Nolanahi ere, Montoiaren kontatzeko trebeziak bere hartan dirau, gozagarri: Aljeriako giroa eraikitzean, gogoetak eta ekintzak tartekatzean, istorioa harilkatzerakoan ohituta gauzkan trebezia beraz dabil idazlearen eskua. Baina Blackout-ekin idazleak berak jarri zuen langa oso goian, eta uste dut horregatik zilegi zaigula harekin exijente izatea.
Termita
Garazi Albizua
Maialen Sobrino Lopez
Ehulearen hilobia
Seumas O'Kelly
Ibon Egaña
Hezitopia
Nora Salbotx
Mikel Asurmendi
Emakume oinutsa
Scholastique Mukasonga
Ainhoa Aldazabal Gallastegui
Deiadarraren antologia bat
Rakel Pardo Perez
Asier Urkiza
Herrenaren promesak
Maite Aizpurua / Infinitudrama
Nagore Fernandez
Lazarraga, Ernazimentua euskaraz
Pruden Gartzia
Mikel Asurmendi
Zure arnasa zaintzeko
Nerea Balda
Maialen Sobrino Lopez
Hondoaz galde
Jon Sarasua / Mikel Artola
Mikel Asurmendi
Zirtak su. Hasieran bazen hitza
Maite Lopez Las Heras
Joxe Aldasoro
Erroen izerdia
Jone Bordato
Mikel Asurmendi
Zerua hemen
Oihana Arana
Maddi Galdos Areta
Etxe arrotz hau
Olatz Mitxelena
Maialen Sobrino Lopez