« Itzalak | Denboraldi bat infernuan »
Glosolaliak eta beste / Karlos Linazasoro / Alberdania, 2004
Komunikatzen Aritz Galarraga / Gara, 2005-04-02
Urteak daramatza Karlos Linazasorok literatur lanak kaleratzen. Hamabost inguru, eta liburuak, aldiz, hogeitik gora. Hainbeste orrialdetan aukera dago gauza askori buruz hitz egiteko, hamaika konturen gainean aritzeko. Hala izango da seguru aski Tolosako idazlearen kasuan ere, baina ez dakit zergatik beti lotu izan dut bere literatura gai jakin batzuekin, Linazasororen izena entzun eta berehala identifikatzen ditudan gai horiekin. Eskuartean dudan liburuan, noski, beste behin errepikatzen dira: bizitza, heriotza, berauen absurduaren kontzientzia edota liburuan besteen gainetik gailentzen dena, gizakion arteko erlazioen konplexutasuna eta, batez ere, komunikatzeko ezintasuna.
Glosolaliak eta beste deritzon narrazio bilduma hau idazleak duela urte batzuk aginduriko dekalogiaren bosgarren emaitza da. Aurretik jada, kaleratuak ditu “Eldarnioak”, “Zer gerta ere”, “Ez balego beste mundurik” eta “Ipuin errotikoak”. Bosgarren ale honek, Joseba Jaka bekaren babespean idatzia izan denak, aurreko lan horien ildo bera jarraitzen du eta akaso gordinagoa da, baina emaitza aukeran ez da aurreko lan batzuk bezain biribila. Betiko obsesioak kontatu dituen arren, saiatu da molde aldetik zerbait diferentea egiten, eta hau eskertzekoa da. Egia da forma aldetik liburu bitxia bezain ausarta atera zaiola, baina ipuinen artean aldea dagoela esango nuke, ez duela denekin asmatu. Liburuan zehar aurkituko ditugu ipuin luzeak, motz-motzak, antzerki lanaren traza duen istorio bat eta egileak nobela deitu dion ariketa interesgarri bat. Esan bezala, saiakera batzuk nabarmenduko nituzke besteen gainetik, “Borreroaren nobela” esaterako. Borreroaren figuraren inguruko 172 esapide laburrekin osatu du nobela hau eta, ausardiaz gain, txalotzekoa da lortutako emaitza ere. Ipuin laburren artean ere aurki dezakegu pieza aipagarririk, “Lili sorta bat, adibidez” esaterako. Antzerki lantxoak, berriz, ez nau asebete, gogoeta interesgarriak irakur badaitezke ere.
Karlos Linazasororen izena entzutearekin batera burura datorkidan beste kontu bat umorearena da. Umorea literatur baliabide bezala, baina umorea jarrera bezala ere bai, eguneroko bizitzari aurre egiteko irtenbide bakar bezala. Liburuan zehar umore beltza sarri aurkituko dugu, baita umore garratza, ironia edota sarkasmoa ere. Istorioak gogorrak diren arren, kontatzen dena batere samurra izan ez arren, irribarrea behin baino gehiagotan azaleratuko zaio irakurleari eta pentsatuko du, agian, bizitzea tokatu zaiona ez dela hain txarra, okerragoa izan zitekeela. Eszeptizismo puntu bat daukate irakurritako narrazioek, ikuspuntu ezkorra, bizitzaren absurduaren aurrean beste jokaerek balioko ez balute bezala, baina ipuinek badute bukaeran esperantzarako zirrikitu txiki bat, ateak zabalik uzten baititu idazleak.
Finean, liburu arriskatu eta heterodoxoa da Glosolaliak eta beste. Betiko gauzak kontatzen dituena, baina betiko gauzak bestela kontatzearen aldekoa. Aipatu dugu batez ere inkomunikazioari buruzko gogoeta direla narraziook. Glosolalia hitza ere komunikazio ezintasunaren beste adibide bat da, medikuntzan hizkuntzarekin zerikusia duen eritasuna baita, non eriak zentzurik gabeko hitzak asmatu eta esanahi bat ematen dien. Karlos Linazasorok jarraitzen du inkomunikazioren gainean liburuaren bestaldean dagoenarekin komunikatzen. Nahiz eta batzuetan telefonoaren bestaldean dagoenak erantzun, nahiz eta besteetan, jarraitu komunikatzen.
Emakume oinutsa
Scholastique Mukasonga
Ainhoa Aldazabal Gallastegui
Deiadarraren antologia bat
Rakel Pardo Perez
Asier Urkiza
Herrenaren promesak
Maite Aizpurua / Infinitudrama
Nagore Fernandez
Lazarraga, Ernazimentua euskaraz
Pruden Gartzia
Mikel Asurmendi
Zure arnasa zaintzeko
Nerea Balda
Maialen Sobrino Lopez
Hondoaz galde
Jon Sarasua / Mikel Artola
Mikel Asurmendi
Zirtak su. Hasieran bazen hitza
Maite Lopez Las Heras
Joxe Aldasoro
Erroen izerdia
Jone Bordato
Mikel Asurmendi
Zerua hemen
Oihana Arana
Maddi Galdos Areta
Etxe arrotz hau
Olatz Mitxelena
Maialen Sobrino Lopez
Gatazka eta abusua ez dira gauza bera
Laura Macaya / Hamaca
Amaia Alvarez Uria
Sasi arteko sugarrak
Sebastian Gartzia Trujillo
Hasier Rekondo
Agerre
Juan Luis Zabala
Mikel Asurmendi