kritiken hemeroteka

8.799 kritika

« | »

Belarraren ahoa / Harkaitz Cano / Alberdania, 2004

Berba idatzien botere baltsamikoa Gotzon Hermosilla / Berria, 2005-03-08

Adolf izeneko diktadore alemaniar bat (ez al zaizue ezaguna egiten?), Europa osoa menderatu ondoren, New Yorkera abiatu da, gerra itsasontzi saldo baten buru. Helburua: Ameriketako Estatu Batuak ere oinpean hartzea. Ontzi nagusiaren sotoetan, gizon bat dago ezkutaturik; Aldolfen zelanbaiteko antza duen komediante ezaguna da. Behinola, diktadore handia barregarri utzi zuen filma egitera ausartu zen (hori ere ez al zaizue ezaguna egiten?), eta, orain, mendekua hartzeko prest dugu Adolf.

Gogorra, ezta? Niri ere hala begitandu zitzaidan, lagun batek Harkaitz Canoren Belarraren ahoa honen nondik norakoa hitz horiekin edo antzekoekin kontatu zidanean. Zur eta lur utzi ninduen, egia aitortzera. Baina, liburua irakurri ostean, aholkutxo bat ematea zilegi bazait, esango nioke narrazioaren planteamendua dela-eta zalantzan gelditu den balizko irakurleari, aurreiritziz betetako nire moduko ergel arraioa izan ez, eta irakurtzeari ekiteko. Ez du damurik izango.

Izan ere, Canoren ariketa literarioak ez dauka zerikusirik hainbeste munstroren sorburu izan den politika fikzioarekin. Ez dago inolako asmo historizistarik hemen. Hitzaurrerako aukeraturiko Chaplinen aipuak dioen legez, “historian hainbat aldibereko xendra daude, eta irudimenarekin baino ezin ditugu denak eskuaretu”. Canok xendra horietako bat asmatu du, baina bidea ez da helburu, bide baizik; beste zerbait kontatu eta adierazteko aitzakia.

Harkaitz Canok badaki mundu txikiak mundu handiagoen baitan daudela, eta mundu horiek guztiak soka finez lotuta daudela. Belarraren ahoa, nire ustez, munduak lotzen dituzten soka horien inguruko liburua da; narrazio osoa goitik behera zeharkatzen duten hari mehe eta korapilatsuen ingurukoa. Besteek egindako zuloak betetzea eginkizun duen meatzariaren hustasuna, gizakien arima zurrupatzen duten objektuak, gure itxura hartzen duten (edo gu haien irudira moldarazten gaituzten) oheak; horrelakoxe kezkak darabiltza Canok narrazio eder horretan.

Sinbolo ugari, kutun ugari topatzen ditugu barreiaturik narrazioan zehar, gerra zelaian ereindako lehergailuen antzera: Askatasun Anderea, Olivierren konkorra, giltza. Osagai horiekin, istorio eder bezain bitxia eraikitzen du Canok, askotan surrealismotik edo absurdutik gertu dagoena: esaterako, komediantea armairu batean bizi da eta, gero eta leku txikiagoetan bizitzera ohituta, aldean daraman gabardina etxe bilakatuko zaio azkenean.

Absurdurako joera horrek zenbait aurkikuntza harrigarri eskaintzen dizkigu, baina ez da batere artifiziala suertatzen; aldiz, kontatzen zaigun istorioa gizatiarra eta hunkigarria da oso. Azken finean, ankerkeriaren aurrean giza duintasuna mantentzeko borroka da istorioaren ardatza.

Eta duintasunaren aldeko borroka horretan, literatura bera dugu iskilu. Komedianteak idazten du, norentzat eta zergatik idazten duen jakin gabe (“historia aldatzeko”, apika), baina grinaz eta amorruz, atsedenik hartu gabe. Zer idatzi duen ez dakigu. Beharbada, idatzitakoa ibaian galduko da. Beharbada ez. Eskuizkribuaren orriak etxeetako leihoetara ailegatuko ote diren esperantza ezin dugu inola ere galdu, ordea. Izan ere, hitzek botere baltsamikoa dute, oinazearen kontra hitza baino ez daukagu, eta banatu beharra dago, “kanpamenduetan morfina banatzen duenak bezala, eskuzabal”.

Belarraren ahoa ez da Canok idatzi duen libururik onena; eta aurrerantzean ere, ziur nago liburu hobeak idatziko dituela. Baina narrazio labur, eder eta harrigarri horretan berba baltsamikoak barra-barra aurkituko ditu literaturzaleak, eta ez da gutxi.

Azken kritikak

Termita
Garazi Albizua

Maialen Sobrino Lopez

Ehulearen hilobia
Seumas O'Kelly

Ibon Egaña

Hezitopia
Nora Salbotx

Mikel Asurmendi

Emakume oinutsa
Scholastique Mukasonga

Ainhoa Aldazabal Gallastegui

Deiadarraren antologia bat
Rakel Pardo Perez

Asier Urkiza

Herrenaren promesak
Maite Aizpurua / Infinitudrama

Nagore Fernandez

Lazarraga, Ernazimentua euskaraz
Pruden Gartzia

Mikel Asurmendi

Zure arnasa zaintzeko
Nerea Balda

Maialen Sobrino Lopez

Hondoaz galde
Jon Sarasua / Mikel Artola

Mikel Asurmendi

Zirtak su. Hasieran bazen hitza
Maite Lopez Las Heras

Joxe Aldasoro

Erroen izerdia
Jone Bordato

Mikel Asurmendi

Zerua hemen
Oihana Arana

Maddi Galdos Areta

Odisea
Homero

Aritz Galarraga

Etxe arrotz hau
Olatz Mitxelena

Maialen Sobrino Lopez

Artxiboa

2026(e)ko urria

2026(e)ko iraila

2026(e)ko abuztua

2026(e)ko uztaila

2026(e)ko ekaina

2026(e)ko maiatza

2026(e)ko apirila

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2025(e)ko abendua

2025(e)ko azaroa

Hedabideak