« Handitasuna ulertzeko moduak | Lan baratza »
Itzalak / Iban Zaldua / Erein, 2004
Argilunetan oro denean itzal Josu Lartategi / Deia, 2005-03-08
Itzala egon dadin argi iturriren bat behar da, bai eta argi horri oztopo dagion gorputzen bat ere. Orduan sortuko da itzala. Arazoa dateke argi bakarra ez badago, edo lausoa bada dena, edo argiaren ahuldadeak itzal jakinik gabeko mamuartea sortzen badu, edo argiluneetan bagabiltza. Argiluneetan bereziki, definigaitza da zer den eta zer ez den itzal: antzemanezina dugu, zentzu zabalean, zer den zer, nor den nor, nora doan zer, nondik datorren nor… Bestalde, itzalen irudiaren erabilerarekin jarraitzeko, ispilutzat ere hartzen dena adierazteko bailo du itzalak. Zentzu horretan, itzalak edo ispiluak edo errealitateak edo munduak edo unibertsoak (pluralean) aipatzen baditugu, Herio merkatari aberatsaren morroiaren aurrean bezala gera gintezke, harriturik, nola joka ez dakigula, dena baita errealitate, nahasian badator ere, mundu paraleloak daudela dakusagulako, elkarri eragiten diotenak eta berezko bizitza dutenak. Unibertso paralelo horiek oso egunerokoak eta ulergarriak dira askotan: megasaltokietako giza komunitate ezkutuak; idazleen eta beren pertsonaien arteko harreman ikaragarria; konspiraziotan dabiltzan taldeak… Bada narraziootan zerbait bereziagoa ere, hari ikusezin bat, pertsonen arteko lotura estrainioa, badoana eta badatorrena, ikuspegi desberdinekoa (nork begiratzen duen…), Nekane, Marga, Eduardo eta Aritzen kasuetan legez.
Ipuin sorta honetako pertsonaiak ere harriturik bizi dira. Pertsonaia bihurtua zaigun kontalaria ere harridura orokor horretan kokaturik dago, aski galdua edo desnorabidetua, ondo menpean ez duen mundu eta egoera batzuen erdian. Irakurleok ere harritzen gaitu Iban Zalduak, eta pertsonaia desorekatu xamar horien galeriara garamatza, ustekabez jositako narrazio laburrak baliatuz.
Ipuin fantastikoak dira “Itzalak” honetakoak. Baina, generoaren askatasunari eta iradokitze gaitasunari esker, errealismotik abiatzen den fantasia edo fantasiatik abiatzen den errealitatea irudika daitekeenez, errealitatea baino errealagoa egin dakiguke dena. Horrekin jokatzen du Zalduak, “Nobela hura” ipuin argigarrian bezala.
Ironia berezko ezaugarria dute Zalduaren orain arteko ia lan guztiek; oraingoa ez da salbuespena. Ironia baino, hatza begian sartzea gustatzen zaiola egingo nuke, bai eta etengabeko gezurrezko eta benetako erreferentziekin ibiltzea ere. Horrek guztiak, estilo irakurterraz eta nire irudiko lautxoarekin batera, iritzi artikulu edo egutegi pertsonal sortzaileen ukitua ematen dio osotasunari.
Berehalakoan irensten den ipuin liburua dugu “Itzalak”, jakinminean behin ere huts egiten ez duena, ipuingintza fantastiko onenean bezala ustekabeko amaierez josia, eguneroko errealitatearen iruntzi harrigarriak, edo nahiago bada, telesail mitikoan bezala, errealitatearen mugaldekoak.
Etxe arrotz hau
Olatz Mitxelena
Maialen Sobrino Lopez
Gatazka eta abusua ez dira gauza bera
Laura Macaya / Hamaca
Amaia Alvarez Uria
Sasi arteko sugarrak
Sebastian Gartzia Trujillo
Hasier Rekondo
Agerre
Juan Luis Zabala
Mikel Asurmendi
Narrugorrik
Ixiar Rozas
Mikel Asurmendi
Honekin egin nahi duzuna
Itziar Agirre Sagaseta
Maialen Sobrino Lopez
Zaldi bat
Maddi Ane Txoperena
Mikel Asurmendi
Fakirraren ahotsa
Harkaitz Cano
Mikel Asurmendi
Itzala
Maixa Zugasti
Maialen Sobrino Lopez
Itzala
Maixa Zugasti
Mikel Asurmendi
Turismoa
Asier Basurto Arruti
Maialen Sobrino Lopez
Garondoan
Gorka Bereziartua
Mikel Asurmendi
Geratzen dena
Ione Gorostarzu
Maddi Galdos Areta
Mirande, herriminez, ezin-minez
Jon Mirande
Mikel Asurmendi