kritiken hemeroteka

8.783 kritika

« | »

Errua eta maitasuna / Markos Zapiain / Elkar, 2002

Literatur kritika literatura bilakatzen denean Aingeru Epaltza / Nabarra, 2005-02

Kritika eza dugu gure literaturaren gainean aspaldi handitik dabilen arrangura. Euskal Herria tikiegia omen —eta bertan denak elkarren ezagun— gure artean benetako kritikarik pizteko. Gatazka eta liskar aski omen gizartean, abiaburu okerreko nobela batengatik edo gatzik gabeko olerki batengatik hur-bilenekoen artean ere muturka hasteko. Hartara, aldeko kritikak baizik ez omen dira zabaltzen, non ez diren baloraziorik gabeko iruzkin huts gelditzen. Kontrako kritikak, gure artean, isiltasuna izaten du euskarri, etsaiari, idaz-lan ustez eskasari edo ezezagunari ematen zaion tratamendua.

Diskriminazioa eskatzen zaio kritikari, alegia, literatur lan batean bereizten lagun dezala zein diren haren lorpenak eta ajeak eta, horrenbertzez, kalitatearen parametroen barnean koka eta mailaka dezala, litekeen irakurlearen argigarri. Egia da mota horretako kritiketan zekenak direla gure bazterrak. Bada, hala ere, bertze kritika mota bat, inolako kanonik ezartzeko nahikundetik urrun, irakurle batek honako edo harako liburua esku artean izatean sentitu duen plazeraren berri ematea bertze xederik ez duena. Eta horrek ez du lausengu merkearekin edo lagunkeriarekin zertan ikustekorik izanik, irakurketa batek norberari pitzarazi dizkionak aditzera eman nahiarekin baizik. Kritika mota hori literatur genero berezitzat hartu izan da. Antologietan daude, gaur egun, XX. mendeko idazle sonatu frankok han-hemen utzitako aleak.

Euskal literatura militantzia bikoitzez betean, pertsonaia periferikoa da Markos Zapiain irakasle irundarra. Ez idazle, ez editore, ez argitaratzaile, so egilea dugu Zapiain, edo bertzela nahi bada, irakurle peto-petoa. Hainbertzeraino, non irakurle gisa duen esperientziaren berri eman nahi izaten baitu, hedabide ezberdinetan argitaratzen diren lan laburretan. Horietariko batzuk bildu eta liburu bilakatu dira Errua eta maitasuna izenburupean. Hogeita hemezortzi saio labur, osotara, Xabier Mendiguren Elizegik eta Zapiainek berak idatzitako aitzin solas banaren segidan. Guztien hondarrean, solasondo bat, berriz ere egilearen eskutik.

Ez da molde bereko bi lanik aurkituko Errua eta maitasuna-ren orrialdeetan. Elkarren artean ezberdinak izaki Zapiainek aipagai dituen liburuak, eta ezberdina ere eragin dioten zirrara, berez zetorrena zen ezberdina izatea bakoitzaren tratamendua. Zenbaitetan, deskripzioa gailentzen da (bikaina, bere laburrean, Joyceren Dublindarrak-en laburpena). Bertzetan, nahiago bidea eman irakurriak sorrarazi dizkion sentipen eta gogoetei (Bikilaren Borrokaren gorrian-en, konparaziorako). Eta anitzetan testu barrenetan harribitxiak deskubritzeko sen berezi bati zabal-zabalik irekitzen dizkio ateak (izugarriak Itxaro Bordaren %100 basque-n eta Koldo Izagirreren Agirre zaharraren kartzelaldi berriak-en gainekoak). Zapiainek auzoan du lotsa bere ikuspegiak azaltzeko, diren bitxienak ere. Bere idatziak erudizio neurtu batez zipriztintzen ditu eta lotura zenbaitetan txundigarriak egiten. Ardura, genero honetan hain bakan aurkitzen den umorearen ferekaz arintzen du testuaren karga. Zaila da batzuetan harekin bat etortzea —haren aldareko jainko tikiak ez dira beti nireak— eta hala ere lerro hauek sinatzen dituen iruzkingile baldarra maiz bekaiztu da Errua eta maitasuna irakurtzean. Maitasuna harena izanen da, jakina, eta errua nirea.

Azken kritikak

Etxe arrotz hau
Olatz Mitxelena

Maialen Sobrino Lopez

Gatazka eta abusua ez dira gauza bera
Laura Macaya / Hamaca

Amaia Alvarez Uria

Sasi arteko sugarrak
Sebastian Gartzia Trujillo

Hasier Rekondo

Agerre
Juan Luis Zabala

Mikel Asurmendi

Narrugorrik
Ixiar Rozas

Mikel Asurmendi

Honekin egin nahi duzuna
Itziar Agirre Sagaseta

Maialen Sobrino Lopez

Zaldi bat
Maddi Ane Txoperena

Mikel Asurmendi

Fakirraren ahotsa
Harkaitz Cano

Mikel Asurmendi

Itzala
Maixa Zugasti

Maialen Sobrino Lopez

Itzala
Maixa Zugasti

Mikel Asurmendi

Turismoa
Asier Basurto Arruti

Maialen Sobrino Lopez

Garondoan
Gorka Bereziartua

Mikel Asurmendi

Geratzen dena
Ione Gorostarzu

Maddi Galdos Areta

Mirande, herriminez, ezin-minez
Jon Mirande

Mikel Asurmendi

Artxiboa

2026(e)ko iraila

2026(e)ko abuztua

2026(e)ko uztaila

2026(e)ko ekaina

2026(e)ko maiatza

2026(e)ko apirila

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2025(e)ko abendua

2025(e)ko azaroa

2025(e)ko urria

Hedabideak