kritiken hemeroteka

8.822 kritika

« | »

Neurona eta zeurona / Fermin Etxegoien / Pamiela, 2004

“Geuronak” erabiltzeko gonbita Aingeru Epaltza / Nabarra, 2004-12

Euskaldunok pentsamendurako isuri urria dugula uste dutenei arrazoi ematen die saiakerak gure literaturan izan duen garapen eskasak. Gaitz guztiak ez dira, ordea, betiko. Aspaldiko izenei —Joxe Azurmendi-eta— unibertsitate giroan eta kazetaritzan trebatutako izen saila bildu zaie hondar urteotan, nork bere burua edo generoa bultzatzeko han-hemen sortu diren ekimenek akuilaturik. Horietariko bat da Pamiela argitaletxearen babespean urtero antolatzen den Zelaia Saria.

“Neurona eta zeurona (hizkuntza “estetika” bezala)” Fermin Etxegoien oñatiarraren lanak lehiaketa horretako epaimahaiaren aipamen berezia eskuratu zuen 2003an. Etxegoien kazetari ezaguna dugu Berria egunkarian eta, guk dakigula, honako hau dugu bere lehen literatur lana.

Non mina, han mihia: oraintsu arte, euskararen eta euskal kulturaren inguruan ardaztu da bereziki gure saiogintza. Etxegoienek ere gai hori hautatu du bere opera primarako. Bertan, ordea, irakurleak ez du aurkituko gure hizkuntzaren historia diakronikorik ez euskalkien tipologiarik. Are gutiago hizkuntzalarien predikurik edo soziolinguistikaren eremuko estatistika idorrik. Euskararen aldeko aldarri militanterik ere ez. Edo bai, nondik begiratzen zaion. Hon guztia gabe, euskarak gaur egun dituen arazo larrienetariko bati heltzen dio adarretatik liburu honen egileak: hizkuntzaren aldeko diskurtsoan gaur egun nagusitzen diren mezu eta ikusmolde identitario eta esentzialisten eznahikotasuna, euskararen egoera iraultzeko.

Euskararen eta euskal kulturaren azken 30-40 urte honetako garapenean jarrera militante horrek izan duen garrantzia ez du inondik ere ukatzen Etxegoienek. Aro berri batean gaude, alabaina, eta aro berri honetan gisa horretako jarrerak, zenbaitetan, onerako baino areago, kalterako ditugu, oñatiarraren iritziz. Gainera, ameskeria deritzo gizarte osoan zabaldu nahi izateari auto-inposaketaren eta sakralizazioaren bidetik doazen “konpromezuaren” aldeko mezuak, euskaldunak izan arren —eta akaso euskaltzaleak ere, ahoz bederen—, beren eguneroko bizian eta, areago, beren kultur kontsumoetan erdarara lerratzen diren herritarren kopuruak erakusten digunez. Horren ordez edo, gutienez, horrez gain, euskararekiko “atxikimendu estetikoa” defendatzen du Etxegoienek, “sekularizatua”, “eremu bastardoak” sortuko dituena, “euskal eremu linguistikoan ahalik eta konbinaketa gehien” piztuko duena. Horrela egiten ez bada, “hizkuntzaren minorizazio dinamika” berriz ere abiatzeko arriskuaz gaztigatzen digu saiakera zinez estimagarri honen sortzaileak.

Jakina, aitzineko lerro horiek gure laburpen traketsa baizik ez dira. Aise ere alderdi gehiago darabiltza Etxegoienek, kontu larri eta pisuak batzuetan. Zorionez gai mamitsu batez nola jardun modu arin eta entretenigarrian, eskola eman lezake kazetari honek.

Ez ditu beti here arrazoiak borobiltzen. Zenbaitetan, adibideak eta garapen luzeagoak eskertuko genizkioke. Baina kanta on batzuekin gertatzen den gisara, musika atsegin duzu, hitzak beti sobera ongi ez konprenituagatik. Guk ere neuronak eta “geuronak” erabiltzeko gonbitetzat hartu beharko ditugu noski hutsune horiek. Hausnarketa eta iradokizun sorta honetan sakontzen segituta, agian emanen diogu gure hizkuntzari une nahasi hauetan behar duen tornuia.

Azken kritikak

Sorbatza
Markel Sanchez

Asier Urkiza

Dakigun hori
Garazi Arrula Ruiz

Nagore Fernandez

Ipuinak eta antzezlanak
Lourdes Iriondo

Amaia Alvarez Uria

Ezezagunak trenean... irakurtzen
Miren Billelabeitia

Paloma Rodriguez-Miñambres

Dakigun hori
Garazi Arrula Ruiz

Mikel Asurmendi

Narrugorrik
Ixiar Rozas

Peru Iparragirre

Lera
Castillo Suarez

Maialen Sobrino Lopez

Hezitopia
Nora Salbotx

Joxe Aldasoro

Atzerakarga
Fermin Etxegoien

Asier Urkiza

Manifestu filosofikoa
Agustin Arrieta Urtizberea

Aritz Pardina Herrero

Ene Jesus
Ramon Saizarbitoria

Mikel Asurmendi

Datorren udan ez gara hemen biziko
Ane Zubeldia Magriñá

Maialen Sobrino Lopez

Zazpigarren gizona
John Berger / Jean Mohr

Peru Iparragirre

Olibondoaren herria
Markel Elortza

Mikel Asurmendi

Artxiboa

2026(e)ko azaroa

2026(e)ko urria

2026(e)ko iraila

2026(e)ko abuztua

2026(e)ko uztaila

2026(e)ko ekaina

2026(e)ko maiatza

2026(e)ko apirila

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2026(e)ko

Hedabideak