« Epikaren ondoren | Haikua materian »
Ipuin izugarriak / Askoren artean / Elkar, 2004
Izugarriak, baina ez izuzkoak Gotzon Hermosilla / Berria, 2004-11-13
Gogoko ditut ipuin bildumak. Bai, badakit literaturzale gehienek ez dituztela estimu handian; eleberriaren diktadurak bizi gaitu, eta ipuinak ez du horrenbesteko itzalik gurean, are gutxiago hainbat egileren narrazio laburrak batera aurkezten dizkiguten bildumek. Rock-and-rollarekin antzeko zerbait gertatzen da; talde bakarraren diskoa lan biribila da, itxia, egileen talentuaren emaitza, eta bildumak, aldiz, munta txikiko talde hasiberriek egindako nahaste-borrastetzat jotzen dituzte zale batek baino gehiagok. Eta, hala ere, horrelako bildumetan harribitxi eder askoak topa ditzake begiak erne dituen zale saiatuak.
Duela hamar urte, Ipuin bakarrak izeneko bilduma argitaratu zuen Elkarrek. Bilduma haren helburua, Xabier Mendiguren Elizegi editoreak adierazi bezala, “80ko hamarkadan ipuingintzak eman zituen harribitxietatik bazter samarrean geraturiko perla bakan batzuk erreskatatzea”. Izan ere, tamalgarria zen ikustea zenbait narrazio bikain ahanzturaren basamortuan galdurik geratzen zirela, saria irabazi ostean tirada urriko eta banaketa eskaseko edizio ziztrin batean argitaratuak izan zirelako, aldizkari batean argia ikusi ondoren inongo liburutan jaso ez zirelako, edo, besterik gabe, ipuina argitaratu ostean egileak idazteari utzi ziolako
Urte oparoa izan zen 1994 euskal letren eremuan Anjel Lertxundiren Otto Pette, Edorta Jimenezen Azken fusila edo Juan Luis Zabalaren Sakoneta urte hartan argitaratu ziren baina, hala ere, gogoan dut Ipuin bakarrak hura urte hartan irakurri nituen liburuetatik zirraragarrienetako bat izan zela. Joseba Sarrionandia, Joxerra Garzia, Andoni Egaña, Patxi Iturregi eta abarren narrazioak irakurrita, argi geratzen zen ideia bikaina zela lan horiek berreskuratzea.
Berriki aurkeztu zaigun Ipuin izugarriak hau orduko Ipuin bakarrak haren jarraipena da. Izenburua apur bat iruzurtia da, edo, hobeto esateko, irakurlea tronpatzeko bidea eman lezake. Ni neu, Mendigurenen hitzaurrea irakurri aurretik, beldurrezko ipuin sorta bat zela sinetsita nengoen. Ez, bada; hemengo ipuin gehienok izugarriak dira, baina ez dute izurik eragiten.
Beraz, duela hamar urteko helburu berdina du Ipuin izugarriak bildumak. Oraingoan, baina, 90eko hamarkadako ipuinak bildu ditu Mendigurenek. Liburu biak alderatzea gustu txarreko ariketa izan daiteke, baina tentaziotik ezin itzuri: duela hamar urtekoa gehixeago gustatu zitzaigun.
Hala ere, ez dezagun ondorio faltsurik atera gure ipungintzaren osasunaz, hamar urtean kalitateak behera egin duela ondorioztatzea larregi ondorioztatzea bailitzateke. Zaila zen bilduma haren mailari eustea, eta liburu berrian agertzen diren narrazio gehienek ongi merezia zuten linbotik berreskuratuak izatea.
Harkaitz Cano alde batera utzita, hemen agertzen diren egile gehienak ezezagun samarrak dira, lan gutxi argitaratu dituzte, ez dira Durangoko azokan milaka ale saltzen dituzten idazle horietakoak. Eta, hala ere, ipuin borobilak eskaintzen dizkigute gehienetan. Luis Fernandezen ironia eta konplexurik eza izugarri gustatu zaizkit. Ana Isabel Moralesek istorio kafkiar baten matazan endredatzen gaitu eta, irakurlea estu hartu ostean, irribarrea marrazten dio ipuina amaitutakoan. Zorion Zamakolaren narrazioa lehenagotik ezagutzen genuen, Gabriel Aresti saria irabazi eta Bilboko udalak argitaratu baitzuen, baina orduko plazer berdina sentitu dugu istorioan berriro murgildu ahala. Txilikuk berretsi digu Hontzaren orduak irakurri ondoren bagenekiena, senezko idazlea dela, alegia, eta ostera ere galdetzen diogu gure buruari zergatik ez ote duen sarriago egiten helduentzako literaturarako jauzia. Begoña Bilbao eta Julen Gabiriaren saioak ere estimagarriak dira, eta, bitxia bada ere, Canorena iruditu zait ahulena.
Durangoko azoka gertu dugu. Gainera datorkigun liburu olde ikaragarri horretatik bilduma hau hautatzea ez zait aukera txarra iruditzen. Eta, horrez gainera, liburu zaharren metan arakatu eta Ipuin bakarrak ere eskuratzen baduzu, mesede ederra egingo diozu zure buruari.
Zero
Aitor Zuberogoitia
Amaia Alvarez Uria
Oihaneko ipuinak
Horacio Quiroga
Aiora Sampedro
Carvalho Euskadin
Jon Alonso
Mikel Asurmendi
Egurats zabaletako izendaezinak
Rakel Pardo Perez
Jon Jimenez
Antropozenoren nostalgia
Patxi Iturregi
Asier Urkiza
Barrengaizto
Beatrice Salvioni
Nagore Fernandez
Etxe bat norberarena
Yolanda Arrieta
Ainhoa Aldazabal Gallastegui
Lautadako mamua
Xabier Montoia
Aiora Sampedro
Berbelitzen hiztegia
Anjel Lertxundi
Mikel Asurmendi
Haize beltza
Amaiur Epher
Jon Jimenez
Coca-Cola bat zurekin
Beñat Sarasola
Asier Urkiza
Girgileria
Juana Dolores
Nagore Fernandez
Berlin Alerxanderplatz
Alfred Döblin
Aritz Galarraga
Teatro-lanak
Rosvita
Amaia Alvarez Uria