kritiken hemeroteka

8.814 kritika

« | »

Eta handik gutxira gaur / Eider Rodriguez / Susa, 2004

Hemendik gutxira atzo Asier Sarasola / Gara, 2004-08-07

Eta handik gutxira gaur esana izango du Eider Rodriguezek, ipuinak biltzen hasi, Joseba Jaka beka eskuratu eta ondoren, erakusleihoetan azal koloretsuko laguna ikusterakoan. Aurrenekoa kalean duenak behar duen bozkario eta mesfidantza begiratuaz, nolabaiteko erantzunaren zain, igorri eta jasotzeak mugatzen eta aldiberean zabaltzen duten zirkulua ixteko zain. Hala bada, gustora irakurtzeko liburua da. Oreretarrak argiro erakusten du halakoren benetazkoa. Badaki kontatzen. Badaki nola eraman irakurlea, eta honi zail izango zaio narrazioetan zehar sakabanatutako ogi apurrei jarraitzeko jolasari muzin egitea.

16 ipuin laburrek osatzen dute bere lehenengo argitarapena. Askotarikoak forma aldetik. Kontamolde klasikotik urrunduz, nahiz badiren linealtasunari atxikitako ipuinak, etengabeko etenek markatzen dute erritmoa; oroimenera jauziak, denboran aurre-atzeak, protagonista nagusien aldaketak, eta horiek guztiak poliki josten ditu egileak, oihartzun hegoamerikarrak entzuten ahal zaizkien narrazioak borobilduz, non aipatutako malgutasuna den liburuaren ekarpen nagusia.

Izenburuarekin bat, oroimenetik orainera dakarzkigu pertsonaiak. Azken puntua emango dien unera arte euren kide egiten du irakurlea; euren iragana arakatzean, egunerokotasunean pertsonaiak askatu eta ahanzten dituenerako zergatiak bilatuz. Iraganean paratutako arrazoiek mugiarazten baitituzte pertsonaiok. Auskalo noizko garaitan bizitakoak erne dirau oraino, eta handik gutxira gaur esaten du. Berdin 36ko gudatik abiatzen bada, edo haurtzaroan familiaren bigarren aldea, ilun hori, ezagutzera iristen bada. Era berean, politika eskizofrenikoan askatzen bada, eta maitasuna, sexua eta harremanak hirukian, maiz, iruten baditu. Eta iragan horri pertsonaien begiratzeko modua da; aurrez esandako etenez osatua, oroimenera begiratu horrek orainera dakarrelarik. Adibidez, ipuinetako batetan edozein une eta kale zehatz bat protagonista hartu eta bere ahotsa bertako biztanleek ematen dute, narrazioaren ikuspuntua lekukoen artean iragaten delarik. Edo atalka, hirukote harremanaren berri ematen zaigunean, non hirugarren (demagun) atalak kronolojikoki bigarrenak (demagun) baino lehenago behar zuen, azkenean oroitzapenen puzzleak idazleak aukeratzen duen orain hori lausorik gabe isla dezan. Are, aurkibidean aipatzen ez den ipuinen trilogia, nolabait esatearren; bertan, ale bakoitzari molde ezberdina bilatzen baitio, protagonistak aldatzen direnez, doinu eta hizkera desberdinak egokituz. Sinesgarri eta eder.

Eder, kezkagai duelako Rodriguezek nola kontatua. Gaurko egunari, zuzenkiago adin-tarte bati, garai bati lotutako kontakizunak dira. Modu eder eta ulerkorraz esan nahi da. Zuzentasuna baztertu gabe, egoera mingotsak hainbatetan ditu mintzagai.

Bestalde, irakurleren batek pentsa lezake ez ote diren zenbait pasarte baliabide soilean geratzen, narrazioaren eraikuntzan apaingarri, baina gutxienekoak dirudite. Ezin bestela, horrelako aniztasun erakusketan. Baita ere pentsa, protagonisten orainean sartu-irtenak agitzean, nahiz kontakizunaren ardatza zurbil edo suzkoa izan, azalean geratzea ekidin ezin izana. Laburraren kontuak, irakurlearen begi barnerako utziz kontatutakoaren esanahi sakonena.

Ipuin sorta polita beraz, eta liburuaz gain baino, alboan geratzen da Sarrionandiak eginiko hitzaurrea (mamuei buruzko aldarria bizitza kondenatzat saltzen dutenen aurka) eta Eider Rodriguez emakumea dela aipatzea, batak nola besteak, gaur hemen esan nahi duena, honezkero denok ez dakigula eskerrak.

Azken kritikak

Narrugorrik
Ixiar Rozas

Peru Iparragirre

Lera
Castillo Suarez

Maialen Sobrino Lopez

Hezitopia
Nora Salbotx

Joxe Aldasoro

Atzerakarga
Fermin Etxegoien

Asier Urkiza

Manifestu filosofikoa
Agustin Arrieta Urtizberea

Aritz Pardina Herrero

Ene Jesus
Ramon Saizarbitoria

Mikel Asurmendi

Datorren udan ez gara hemen biziko
Ane Zubeldia Magriñá

Maialen Sobrino Lopez

Zazpigarren gizona
John Berger / Jean Mohr

Peru Iparragirre

Olibondoaren herria
Markel Elortza

Mikel Asurmendi

Ene Jesus
Ramon Saizarbitoria

Asier Urkiza

Ehulearen hilobia
Seumas O'Kelly

Nagore Fernandez

Izan gizona
Aritz Galarraga

Nagore Fernandez

Gurea falangista zen
Alberto Barandiaran

Mikel Asurmendi

Termita
Garazi Albizua

Maialen Sobrino Lopez

Artxiboa

2026(e)ko azaroa

2026(e)ko urria

2026(e)ko iraila

2026(e)ko abuztua

2026(e)ko uztaila

2026(e)ko ekaina

2026(e)ko maiatza

2026(e)ko apirila

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2026(e)ko

Hedabideak