kritiken hemeroteka

8.808 kritika

« | »

Mugaldekoak / Edu Zelaieta / Susa, 2004

Mugalari, tarteka Asier Sarasola / Berria, 2004-06-26

Mugaldekoak izeneko bataioa iragan du berriki Edu Zelaieta gasteiztarrak, hauxe da-eta, iritsi zaigun bere aurreneko poesia liburua, behintzat argitaletxe handien besartetik. Badu hala ere, “Jendakiak urruneko familiatan” izeneko aurrekari ezezaguna irakurle honentzat, orain, merkatua horrela, apaletatik ezagun bilakatu den idazleak, Joseba Jaka bekaren aldarriaz gainera.

Oinarrian, lau ataletan banatutako proposamena aurkezten du Zelaietak, denak ere muga kontzeptuaren esanahi zabalaren inguruan; geopolitikatik estraperlora, fereka iraganez edo lokutorietan barrena, ahapaldiz-ahapaldi. Hortaz, ataletako bakoitza mugalde ezberdinari dagokio, eta hiru lehenengoetan poesia bada tresna, azken atala narrazio labur batek osatzen du. Beronek, mugan kokatutako herrietako biztanleen istorioa dakar; mugalari izandako artzaina, oroitzapenen kontakizunera emana, ipuina ipuinaren barruan, mintzaira nostalgiaz betean eta mugaminez. Aurretik irakurritako olerkien zenbait esaldiren erabilpena lokarri, atal guztien arteko batasuna biltzeko abiatu asmoan, eta errepikakorra suertatzeko arriskutan, egitura itxia bailitzan liburua amaituz.

Hala, lehenengo atalak Bidasoako muga hartzen du gaitzat estuki, eta poeta-kronikagilearen paperean ari den idazleak, nolabait atzerriek ezarritako mugak eragiten zuen bizimoldearen gorazarre nostalgikoa burutuz. Zantzu erromantikoak aipa daitezke, narratibotasuna batez ere, edota idazlanean orokorra den euskara batuaren Bidasoaldea bertako euskalkiratzea. Hurrengo bi atalen barne-egitura lausoagoa da, ez baitzaizkio hain estuki lotzen izenik duen inongo mugari. Baina, irakurleak suposa dezake nondik norako hiztegia kausitzear den; atzerri, patera, maite, nondik-nora, adibidez. Ez da baina gasteiztarra horretan geratzen, esanahi zabalera agitzen baita; gogoetatsu eta narratibotasunari tartea kenduz, era ezberdinetan egunero, arrunki, edonor ukatzen duten mugen zentzugabea urratu nahian. Hasieratik darabilen mineri tonuak ordea, urruntasuna darien poemak bihurtzen ditu bigarren atalekoak, muga zeharkatzea lortzen ez dutenak pentsa daiteke. Hirugarren atalean, berriz, borobilena nire iritziz, bestalde, lausoa aipatu modukoa izanik, idazketari buruzko kezkak, minak eta pozak kantatzen ditu, maitasuna tartean, eta gehien jostatzen duen unea da, esateko moduan gehien arriskatzen duen unea, non tankera poetikoa nabarmenagoa egiten den, eta Zelaieta poeta agertzen den. Alabaina, ez du hiztegi ahalegin berezia egiten, era xume eta apalean kontrajartzen zaio letren metafisikari, hauxe, berezko ezaugarri, sinadura ia, dugularik orriz-orri.

Agian, mugak gehiago ezabatu nahi izanez gero, hizkuntza berarenak apurtzea, laztanik goxoenaz hori bai, edo ez, pentsatzea zilegi izan liteke. Izan ere, azken atalaz gain, nahikoa arauen barneko, akademizista nolabait esatearren, ageri da idazkera. Agian, baina hori ez denez orri honen zioa, utz dezagun aipamen soilean.

Goraipatzekotan, arestiko batasunarena; Zelaietak mugaren ideia gaineko liburua paratu baitu, eta direla atalak, direla estilo aldaketak, direla poesiak eta ipuina, batasun sentsazioz utz dezake irakurlea, orriak agortzen joan ahala, orain hemen eta zenbait poema aurrerago han, darabiltzan esaldi-gakoen bidez. Literatur tresneriaz baliatzen badakiela erakutsiz. Erabilitako hitzen neurriari eusteak batasun horri laguntzen dio halaber, nahiz eta diskurtsoak isurtzen duen jario erromantiko-mitikoa, horiek epitetoak, tarteka samurraren ordez urruntasunean geratu. Amaitzeko, ospa dezagun bada, poeta gazte baten etorrera. Izena, Edu Zelaieta.

Azken kritikak

Datorren udan ez gara hemen biziko
Ane Zubeldia Magriñá

Maialen Sobrino Lopez

Zazpigarren gizona
John Berger / Jean Mohr

Peru Iparragirre

Olibondoaren herria
Markel Elortza

Mikel Asurmendi

Ene Jesus
Ramon Saizarbitoria

Asier Urkiza

Ehulearen hilobia
Seumas O'Kelly

Nagore Fernandez

Izan gizona
Aritz Galarraga

Nagore Fernandez

Gurea falangista zen
Alberto Barandiaran

Mikel Asurmendi

Termita
Garazi Albizua

Maialen Sobrino Lopez

Ehulearen hilobia
Seumas O'Kelly

Ibon Egaña

Hezitopia
Nora Salbotx

Mikel Asurmendi

Emakume oinutsa
Scholastique Mukasonga

Ainhoa Aldazabal Gallastegui

Deiadarraren antologia bat
Rakel Pardo Perez

Asier Urkiza

Herrenaren promesak
Maite Aizpurua / Infinitudrama

Nagore Fernandez

Lazarraga, Ernazimentua euskaraz
Pruden Gartzia

Mikel Asurmendi

Artxiboa

2026(e)ko urria

2026(e)ko iraila

2026(e)ko abuztua

2026(e)ko uztaila

2026(e)ko ekaina

2026(e)ko maiatza

2026(e)ko apirila

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2026(e)ko

2025(e)ko abendua

Hedabideak