kritiken hemeroteka

8.749 kritika

« | »

Harri txintxolak / Jean Louis Davant / Elkar, 2003

Oroimenaren oroimina Oier Guillan / Gara, 2004-03-20

Egungo errepide makroetan barrena Euskal Herria puntatik puntara zeharka liteke gehiegi luzatu gabe, baina horrek sarritan errepide nagusietatik aldentzen diren bide eta bidexka ugariak ahaztera eraman lezake. Jean-Louis Davant euskaltzainak bidexka hauek jarraitzeko harri txintxolak banatu ditu han-hemenka; orainetik iraganera eta, bereziki, oroimenera abiatzen dira bide hauek.

Ez ohikoa da egun Harri txintxolak liburuak biltzen dituen ezaugarriekin poesia lanik aurkitzea. Bertso-lerro libreen magalean hazi diren poesia irakurlerik berrienei arraroa suertatzen ahal zaie ezaugarri horiek izan ditzakeen lan batera gerturatzea, ez bada bertsogintza edo abesti baten doinuari loturik. Beti iruditu zait —irudipenak, jakina, badu zalantzarako tarterik— poesian ezaugarri horiek modu eraginkor eta naturalean gauzatzeko sentitu egin behar zirela, idazterakoan edukia sentitzen den legez; iragan korronteekin lotu izan ditut ezaugarriok, poesiaren balizko askatasun formalarekin baino gehiago.

Gauza bera gertatzen zait beste maila batean zenbait gai eta edukirekin; herria, hizkuntza, isileko publikoari egindako deiak, naturari loturiko metaforak, hiriarekiko sentimenduak… ez dute inolaz ere gaurkotasunik galdu, baina bai aldatu da, agian, haiengana gerturatzeko eta haietaz mintzatzeko modua. Irudipen hauen harian parentesi baten modukoa suertatu zait Jean-Louis Davanten lana. Ezaugarri horiek guztiak darabilzki, baina, garrantzitsuena dena, guztiak modu naturalean sentituz, haiekin guztiekin hitzezko tresna bakarra osatuz. Oraindik orain zoritxarrez gaurkotasuna duten kezkek oihartzuna aurkitu dute bertan, agian egungo irakurlego zabalarentzat gaurkotasunik urruntzen den modu eta formekin, baina, edonola ere, orainetik egiten den iragan garaiekiko testigantza berezi eta tarteka hunkigarria osatuz.

“Herria herri al da, oroitzen ez bada?” galdetzen du olerki batean Davantek. Ez dut ukatuko zenbait mementotan irakurle gisa zaila egin zaidala liburua guztiz barneratzea. Tartekako urruntasuna lan honek duen oinarrizko zutabe batetik etorri zait, olerki moduko biografia ttipi ugarietatik alegia. Izen propioen zerrenda luzea da liburuan zehar, olerkiaren bidez memoriaren gabeziei eta, bereziki, ahazturari aurre egin nahi balitzaie bezala. Haien artean aurki litezke, besteak beste, Gabriel Aresti, Federiko Krutwig, Bitoriano Gandiaga, Ximeno Xurio, Jose Mari Satrustegi… Haiei herriarekiko gogoeta nahiz sentimenduak gehituta, azken hamarkadetako borroka eta hunkiduren nolabaiteko balantzea sortzen da, iparraldetik begiratuta betiere. Liburuaren irakurketak haien guztien ezagutza minimoa eskatzen du, agian, testuak neurri egokian dastatzeko. Autoreak pertsonalki ezagutu ahal izan dituenekiko sentitzen duen gertutasuna atzemanezina suertatzen ahal zaio irakurleari.

Edonola ere, biografia poetiko horien zertzeladekin batera, garai oso baten isla senti liteke, haren borroka, amets, lorpen eta galerekin. Historia ofizialen itzalean existitzen diren herrien oroimena pertsona eta memento ugarien istorioen amaraunaz osatzen ahal da, poesia eta, oro har, literaturaren lerro artean bada ere. Herri honen historia gertuan murgildu ahal izateko harri txintxolak eskaintzen dizkigu, funtsean, Jean Louis Davantek.

Azken kritikak

Bihotzean napalma
Pol Guasch

Irati Majuelo

Izatearen arintasun jasanezina
Milan Kundera

Aritz Galarraga

Espekulazioak
Arrate Egaña

Mikel Asurmendi

Itzala
Maixa Zugasti

Ainhoa Aldazabal Gallastegui

Datorren udan ez gara hemen biziko
Ane Zubeldia Magriñá

Asier Urkiza

Fikziraultzaileak
Kamikaz Kolektiboa

Nagore Fernandez

Haurdunaldi oharrak
Yoko Ogawa

Maialen Sobrino Lopez

Ni, laiko
Markos Zapiain

Mikel Asurmendi

Zainetatik zilarra
Nahia Intxausti

Maddi Galdos Areta

Alderantzira zamalka
Mckenzie Wark

Irati Majuelo

Harakinen alaba
Yurre Ugarte

Joxe Aldasoro

Gaueko zaintzailea
Julen Belamuno

Mikel Asurmendi

Erbeste
Juan Garzia

Asier Urkiza

Barne zerbitzuak
Katixa Agirre

Maialen Sobrino Lopez

Artxiboa

2026(e)ko ekaina

2026(e)ko maiatza

2026(e)ko apirila

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2025(e)ko abendua

2025(e)ko azaroa

2025(e)ko urria

2025(e)ko iraila

2025(e)ko abuztua

2025(e)ko uztaila

Hedabideak