kritiken hemeroteka

8.680 kritika

« | »

Eszterren ondarea / Sandor Marai (Ander Irizar) / Igela, 2003

Sentimenduen korapiloak Mikel Garmendia / Gara, 2004-03-06

Argitaletxe beraren eskutik ezagutu nuen aurrenekoz Sandor Marai. “Azken hitzordua” izeneko eleberria zen hura, Eszterren Ondarea baino hiru urte geroago argitaratua. Handiak dira antzekotasunak bi eleberrien artean. Nolanahi ere, egilearen mundura hurbiltzeko, hobe aurrena Eszterren Ondarea irakurtzea, batetik, egituraz arinagoa baita eta, bestetik, eleberri horretan baitaude gero hurrengo eleberrietan era anbiziotsuagoan garatuko dituen azterketa psikologiko, gogoeta eta pertsonaien sentimenduen barruan egindako bidaia eta azterketak.

Eskema berberari jarraitzen diote eleberri biek. Urte asko igaro ondoren berriro elkartu eta halako kontu-garbiketa bat egiten da bietan ala bietan. Eszterren Ondarea-n Eszter bera dugu narratzaile. Lajos izan da bere bizitzako amodioa. Hura, ordea, Eszterren ahizparekin ezkondu zen duela hogei urte. Orain, alargundurik, Eszterrengana itzuli da Lajos, beti bezala gezurrak eta amarruak erabiliz, eskatzera. Dirua, ondarea, baita berarengadik hurbil bizitzera joateko eskatzera ere. Gizon eskrupulurik gabea, ondo ezagutzen du, ordea, Eszterrek, eta barkatu egiten dio, ezin baitio harengandik sentitzen duen maitasunari, eta erakarmenari, ihes egin. Eszterrek, badaki, ordea, hiltzera doala eta horregatik kontatu nahi du historia guztiaren sorburua. Eta, Lajosek ez bezala, egia esan: “Egiaren alde zintzo egin nahi dut —izan al lezake idazki honek beste asmorik?—…”

Molde klasikoan idatzia, Flaubert edo Balzac-en erara, ez du eleberri abangoardistatik ezer. Zerk egiten du orduan horren erakargarri? Nola esplikatu 57 urtez isilpean egon ondoren —debekatua izan baitzen Hungarian—, egun eleberri horiek berreskuratu eta halako arrakasta izatea? Klabea egilearen obsesioan datza, obsesionatuta baitago gizakion sentimenduekin eta bizitzaren zentzuarekin. Horregatik sentiarazten digu halako zirrarara bat, mugitu egiten digu zerbait barruan.

Kontakizuna ez du ekintzak egituratzen, protagonisten pentsamendu argiek baizik. “Gizonak ez du pikatxa eta palarekin soilik bereganatzen leku jakin bat, baita pikatxa eta palari eragiterakoan pentsatzen duenarakin ere”. Hala esan omen zuen behin Sandor Maraik. Guztiz kontraesankorrak, zailak dira sentimenduak. Horietaz gogoeta egin eta, ahal duen heinean, horiek esplikatzen saiatzen zaigu bere pertsonaien ahotik. Hala, hildakoek ere eragina dute gure bizitzan. Vilma, Eszterren ahizpa hila, presente dago haien bizitzan. Egunerokoan isilpean gordeta eduki arren, beti hor dauzkagun sentimendu korapilatsuak azaleratzen dizkigu.

Zehatz-mehatz deskribatzen zaigu pertsonaien izaera. Idazkera zorrotz bezain argia darabil horretarako. Idazkera objektiboarekin heltzen ez den lekuetaraino iristen da, konparazioak eta irudizko baliabideak erabiliz. Ahalegin horri zehaztasun eta argitasun berberaz erantzun dio Ander Irizar itzultzaileak. Ez zaio inondik antzematen itzulpena denik eta, labur beharrez, itzulpen honen dohainetako bat nabarmentzekotan, hainbat esaldi luzetan aditza aurreratzearena aipatuko nuke. Bikain funtzionatzen du.

Badira liburu batzuk irakurtzen amaitu eta barruan zerbait ukitzen digutenak. Horietakoa dugu hauxe.

Azken kritikak

Guztia urruntzea da
Hasier Larretxea

Asier Urkiza

Esker onak
Delphine De Vigan

Maialen Sobrino Lopez

Pedagogismoaren gezurtapen bat
Teresa Maldonado Barahona

Amaia Alvarez Uria

Jai-Alai
Gaizka Arostegi

Jon Agirre

Haize begitik
Mikel Ibarguren

Mikel Asurmendi

Hondarreko berorik geratzen bada
Iñigo Satrustegi

Irati Majuelo

Tropiko tristeak
Claude Levi-Strauss

Aritz Galarraga

Erleen azken ziztada
Kepa Iribar

Jon Agirre

Narrugorrik
Ixiar Rozas

Ibon Egaña

Bide bihurrietan
Elena Martinez Rubio

Mikel Asurmendi

Bakea, bakea
Xabier Montoia

Asier Urkiza

Zaldi bat
Maddi Ane Txoperena

Nagore Fernandez

Martxoak 3
Jon Martinez Larrea

Maialen Sobrino Lopez

Silueta
Harkaitz Cano

Mikel Asurmendi

Artxiboa

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2025(e)ko abendua

2025(e)ko azaroa

2025(e)ko urria

2025(e)ko iraila

2025(e)ko abuztua

2025(e)ko uztaila

2025(e)ko ekaina

2025(e)ko maiatza

2025(e)ko apirila

Hedabideak