kritiken hemeroteka

8.652 kritika

« | »

Durduzaz eta dardaraz / Amelie Nothomb (Joxan Elosegi) / Igela, 2003

Durduzatik dardarara Karlos del Olmo / Berria, 2004-02-07

Berriren berri euskal kritikari bat kexu agertu da Euskal Herrian benetako kritikarik ez ei dagoelako, hau da, kritikari (propagandista ote?) dihardutenen arabera, liburu baztergarririk ez dagoelako. Inon ez bide da liburu baten gaineko kritika txarrik agertzen. Baliteke hala jazotzea. Baina ez dirudi hala denik. Euskal Herrian hizkuntza eta kultura normalizaturik baleude, halako egoera bat salatzeko modukoa ez ezik, guztiz tamalgarria ere litzateke. Baina euskal kazeta, irrati, telebista eta aldizkari batzuetan genero literatura dramatikoa, poesia, kritika bera, biografia, zientzi fikzioa… batzuen gaineko iruzkinik (edo aiputxorik, sikiera) ere agertzen ez den bitartean, egile eta itzultzaile saiatu batzuk sancta santorum, olinpotxo eta parnasotxo guztietatik at dauden artean, hainbat argitalpen ikusezin direla, literatur kritika hutsezko aldizkari espezializatu barik edukitzeke, alegia, egile, itzultzaile eta argitaratzaile guztiak berdintasun egoeran ez dauden arteraino, kritika negatiboez berba egitea baikorregi izatea da. Mingarri ez esatearren. Egia da, propaganda larregi dabil bazterretatik; marketingak, adiskidekeriak eta taldetxoek zabal-zabalik kurritzen dituzte gure literatur bideak. Bada, halere, kritika txarra baino gauza latzagorik. Askoz ere hilgarriago gertatzen denik: ezereza, aipu (ez on, ez txar) bat bera ez jasotzea, gardena izatea, hau da, inortxo ere ez izatea letren errepublikan, enbaxadorerik ez izatea irakurleen aurrean. Hustasuna. Kanpoko espazio hotz, ilun eta mugagabean, beste izarrak ñirñirka eta harrapaezin ikusteko kondena. Eta kritikan (propagandan?) dihardutenek honako honen moduko liburuen gainean jardun barik, txar iritzitakoen nork du eskua, bestalde, txartasunaz berba egin ahal izateko? kritikan jardunez gero, argitaratze ahalegin batzuk ahuntzaren gauerdiko eztula gertatuko lirateke. Tamalez.

Frantsesez argia ikusi eta handik bost urtera, bost baino ez! Amélie Nothomb-en eleberri hau euskaraturik jasotzea, berez, normalizazioaren izenean eginiko hainbat saio handiguratsu baino askozaz ere eraginkorrago da. Gaur egungo klasiko horietako bat delako, guretzat, ia labatik harako ogia. Argitaletxe xume baina ausart batek plazaratu duelako, beste batzuen baliabiderik izan barik ere. Itzultzaileari azalean bertan dagokion tornua aitortzen diolako. Joxan Elosegiren itzulpenaz gozatzeko aukera dugulako. A, eta idazlea bera itzultzaile-interpretea izan delako. Propaganda hats larregi?

Egileak Frantziako Akademiaren Saria eta internauten Internet Saria jaso izana ezin da adu hutsa izan. Ezin bestela jazo infernura jaisten denean ironia lagun, umorezko egilerik onenen ukitu marxista emendaturik. Sistemaren kritikatik ere badu. Eta kultur topeka deritzon herri kirol berria. Japonia eta Europa buruz buru. Europar emakumea eta japoniar emakumea. Ying eta yang, baina, zein da nor? Nor zein?Arrakasta gorabehera, Nothombek berak dioenez, ezer ez dakiela eta idatzi barik bizitzerik ez duela besterik ez dakien idazlea da bera. Umorezko nouveau roman? Rilkek harako poeta gazte hari idatzirikoak idazkuntzara erakarriko autodidakta Nietzsche zalearen ekarria dugu. Kritikak kritika, protagonistak dioenez, “leihoak izango diren bitartean, bere askatasun poxia izango du lurreko gizaki ttipienak”. Irakurle-san, sayonara!

Azken kritikak

Guztia urruntzea da
Hasier Larretxea

Maddi Galdos Areta

Poesia kaiera
Frank O'Hara

Asier Urkiza

Haurdunaldi oharrak
Yoko Ogawa

Nagore Fernandez

Beste urte batez
Samira Azzam

Maialen Sobrino Lopez

Carmilla
Joseph Sheridan Le Fanu

Iraitz Urkulo

Auzokinak
Gorka Erostarbe

Mikel Asurmendi

Dena zulo bera zen
Eider Rodriguez

Amaia Alvarez Uria

Zer egin Miranderekin?
Askoren artean

Irati Majuelo

Silueta
Harkaitz Cano

Ibon Egaña

Azken batean
Lourdes Oñederra

Paloma Rodriguez-Miñambres

Independentziaren dekalogoa
Joseba Gabilondo

Mikel Asurmendi

Beste zerbait
Danele Sarriugarte

Maialen Sobrino Lopez

Palinpsestoa
Joxe Austin Arrieta

Asier Urkiza

Katona
Antxiñe Mendizabal Aranburu

Nagore Fernandez

Artxiboa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2025(e)ko abendua

2025(e)ko azaroa

2025(e)ko urria

2025(e)ko iraila

2025(e)ko abuztua

2025(e)ko uztaila

2025(e)ko ekaina

2025(e)ko maiatza

2025(e)ko apirila

2025(e)ko martxoa

Hedabideak