kritiken hemeroteka

8.766 kritika

« | »

Haurdunaldi oharrak / Yoko Ogawa (Iker Alvarez) / Igela, 2025

38 asteko etxealdia Maialen Sobrino Lopez / Gara, 2026-05-31

Mirari edo opari deitzen ahal zaion batura bati esker dugu esku artean “Haurdunaldi oharrak”, Japonian 1991. urtean argitaratu zena, edo bertze modu batera erranda: euskaratzailea sortu zen urtean eta idazleak 29 urte bete berritan. Yoko Ogawa idazle japoniarra da egilea, ibili luzekoa, 30 argitalpenetik goiti izateaz gain sari ausarki irabazi ditu eta. Bere aldetik, Iker Alvarez itzultzaileari esker, motz errateko, aberatsagoak dira euskal komikigintza, olerkigintza eta eleberrigintza. Segur aski, liburua ez da izenburua irakurrita espero dena, protagonista ez baita ama eta gaia (nagusia, behinik behin) ez baita haurdunaldia nola garatzen den. Argitaratu zelarik, amagai parrasta batek jo zuen liburu dendetara jarraibide eske eta, uste zutena aurkitu ez bazuten ere, alimaleko arrakasta izan omen zuen obrak.

Eleberriko lehendabiziko sorpresa lehendabiziko hitzak dakar: “ahizpa”. Izan ere, ahizparen haurdunaldiari buruzko oharrak biltzen ditu kontakizun llabur honek. Hiru pertsonaia daude: ahizpa, koinatua eta narratzailea bera. Eguneroko gisa idatzita dago eta, hortaz, lehen pertsonan daude bilduta esaldi gordin eta zuzenak: “Hainbat pentsamendu datozkit burura ahizparen haurdunaldiaren eta koinatuaren arteko harremanaren kontura. Koinatuak haurdunaldian izandako parte hartzeari buruz, alegia. Baldin eta parte hartzerik izan bazuen”.

Kontatzeko modua hotza da, apaingarririk gabe ederra: “Interes handiz begiratzen diot [ahizpari], emakume haurdunak ikusi izan baditut ere, orain arte ez baitut aukerarik izan haien gorputzen aldaketei erreparatzeko”. Errekasto baten emari indartsu eta gardena iduri du, iturria non duen zehazki jakin gabe erraietatik etorria, bortitza izateko gai. Hortaz, irakurleak ere halatsu egiten du orritik orrirako bidea: tentuz, baina miresmenez, distantziaz eta liluraz, pasatzen ahal denarekiko ezinikusiaz, baina ezinegonez. “Halere, ahizpari begira gelditzen banaiz, ez da marmelada jateko era xelebre horregatik, baizik gorputzaren arroztasunagatik, nik uste. Sabela puztuagatik, galdurik dauka gorputz osoko edozein atalen konbinazio oreka”.

Haurdunaldiak markoa ezartzen du, noiz hasi eta noiz buka. Tartean zientoka keinu sotil daude, ogi apurrak balira bezala han-hemen susmoak loratzen dituztenak: “Udako oporrak hasi dira unibertsitatean. Ahizparen haurdunaldiaren lagun izan beharko dut denbora guztian?”. Egunerokoa den heinean, alegia garai hura oroitzeko idatzitako hitzak direla jakinik, falta denak atentzioa ematen du idatzita dagoenak bezainbertze. Bakardadeen batuketan eta osasun mentalaren ifrentzuetan harilkatzen dira gertakizunak.

Euskaratu den Ogawaren lehen obra dugu hau, eta gure inguruko sistema literarioetan trilogia baten ataltzat dutenez, aukera paregabea dugu bigarrena eta hirugarrena eskatzeko. Gaur-gaurkoz dugunak, dena den, hauxe dakar hondar orrietan: “Lanetik bueltan, koinatuaren ohar bat aurkitu dut mahai gainean. ‘Erdiminak hasi zaizkio. Ospitalera goaz’. Hamaika aldiz irakurri dut ohar labur hori. (…)Beste behin oharra irakurri, eta etxetik irten naiz”. Female rage generoari ukitu propioa emanik, azken sorpresa akabera bera da.

Azken kritikak

Zerua hemen
Oihana Arana

Maialen Sobrino Lopez

Barne zerbitzuak
Katixa Agirre

Amaia Alvarez Uria

Zure arnasa zaintzeko
Nerea Balda

Joxe Aldasoro

Ni, laiko
Markos Zapiain

Aritz Pardina Herrero

Zure bazterrekoak
Cesare Pavese

Asier Urkiza

Termita
Garazi Albizua

Nagore Fernandez

Argazkiaren erabilera
Annie Ernaux

Maialen Sobrino Lopez

Café Mokka
Jabier Muguruza

Mikel Asurmendi

Etxe arrotz hau
Olatz Mitxelena

Irati Majuelo

Basatiak
Maria Reimondez

Ainhoa Aldazabal Gallastegui

Zerua hemen
Oihana Arana

Paloma Rodriguez-Miñambres

Sekularizazioa Euskal Herrian
Joxe Manuel Odriozola

Mikel Asurmendi

Garondoan
Gorka Bereziartua

Asier Urkiza

Mundu guztiak
Ruben Sanchez Bakaikoa

Nagore Fernandez

Artxiboa

2026(e)ko uztaila

2026(e)ko ekaina

2026(e)ko maiatza

2026(e)ko apirila

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2025(e)ko abendua

2025(e)ko azaroa

2025(e)ko urria

2025(e)ko iraila

2025(e)ko abuztua

Hedabideak